Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Behoria Garbia, turismoa, aisialdia eta ingurumenaren zaintza uztartzen dituen hitzordua, Oriora iritsiko da datorren irailaren 26an

Behoria Garbia, turismoa, aisialdia eta ingurumenaren zaintza uztartzen dituen hitzordua, Oriora iritsiko da datorren irailaren 26an

Jardunaldiak adin guztietako pertsonentzako ekimen ugari izango ditu, eta helburu nagusia da Oriako itsasadarra, itsas kultura, ingurumen-hezkuntza, tokiko ekonomia eta turismo arduratsua uztartzea.

2026/09/14
Behoria Garbiaren aurkezpena

Behoria Garbiaren aurkezpena


Datorren irailaren 26an, Oriok Behoria Garbiaren edizio berri bat hartuko du. Begi Bistanek antolatutako ingurumen-, turismo-, kultura- eta gizarte-ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du, eta Oriako itsasadarra, itsas kultura, ingurumen-hezkuntza, tokiko ekonomia eta turismo arduratsua uztartzea du helburu.

Ekimenaren seigarren edizioa izango da aurtengoa, eta astelehen honetan aurkeztu dute Donostian egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira José Ignacio Asensio, diputatu nagusiaren ordezkaria eta Jasangarritasuneko diputatua; Azahara Domínguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua; Olatz Santamaria, Orioko udaleko alkateordea eta Naiara Malave, Begi Bistaneko proiektuen arduraduna. 

Domínguezen esanetan, “Behoria Garbia Gipuzkoan gure lurraldeaz gozatu eta, aldi berean, hura zaintzeko dugun erantzukizun partekatuaren erakusgarri da”, eta adierazi du “gure ingurunea beste modu batera begiratzeko gonbidapena” dela. “Ezagutzeko, gozatzeko eta, aldi berean, hura zaintzeko ardura dugula geure gain hartzeko gonbidapena. Eta aisialditik, jolasetik eta partekatzeko eta gozatzeko gogotik egiten du hori”.

“Begi Bistanek, Behoria Garbia bezalako ekimenen eta urte osoan zehar egiten duten lan guztiaren bidez, erakusten digu jasangarritasuna ez dela etiketa hutsa, baizik eta gauzak egiteko dugun moduaren eta gure eredu ekonomikoaren parte izan behar duela; eta turismoa egiteko beste modu bat posible ez ezik, funtzionatzen duela eta arrakastaren sinonimoa dela”, nabarmendu du.

Bestalde, José Ignacio Asensiok, diputatu nagusiordeak eta Jasangarritasuneko diputatuak, azaldu duenez, “gure kostaldearen eta itsasoen kutsadura aurre egin behar diegun ingurumen-erronka nagusietako bat da. Gipuzkoan 500 hondakin-gune sakabanatu baino gehiago identifikatu ditugu, eta horien %40 kostaldearen inguruan kokatzen da. Horregatik, gure itsasoak babestea kostaldera iritsi baino askoz lehenago hasten da: gure kaleetan, gure herrietan eta gure ibaietan. Behoria Garbiak errealitate hori ikusgai egiteko eta sentsibilizazioa zuzeneko eta partekatutako esperientzia bihurtzeko aukera ematen digu; gure lurraldeaz gozatzeak hura zaintzeko ardura ere geure gain hartzea dakarrela gogoraraziz. Turismoak eta jasangarritasunak eskutik helduta egin behar dute aurrera, turismoak berak gure ondare naturala sentsibilizatzen, babesten eta zaintzen ere lagun dezan”. “Jasangarritasuna ardatz nagusia behar du izan, beste politikak sendotzeko. Bereziki estrategikoak baldin badira”, insistitu du.
Orioko udaleko alkateorde den Olatz Santamariak eskerrak eman ditu “horrelako ekintza potente bat herrian antolatzeagatik; guztiz bat dator Udalean dugun baloreekin”. 

Jarduerez beteriko jardunaldia
Naiara Malavek azaldu duenez, Behoria Garbiak “egun osoko esperientzia” proposatzen du, “goizeko ingurumen-ekintzetatik arratsaldeko kultura-, hezkuntza- eta ekonomia-proposamenetara”.

Oriako itsasadarra garbitzea kayak bidez | 09:45–13:15 (uretan: 10:15)
Behoria Garbiaren jarduera adierazgarrienetako bat izango da berriz ere. Parte-hartzaileek Oriako itsasadarra kayak bidez zeharkatuko dute, uretan zein ibaiertzetan pilatutako hondakinak identifikatu eta jasoz.

Helburua ez da soilik jasotako hondakinen kiloak neurtzea. Jarduerak itsasadarra barrutik ezagutzeko, haren balio ekologikoa deskubritzeko eta eguneroko ohitura jakin batzuek uretako ekosistemetan duten eragina zuzenean ulertzeko aukera ematen du.

Jarduera inklusiboa izango da, eta behar espezifikoak dituzten pertsonek aldez aurretik antolatzaileekin harremanetan jarri ahal izango dute, parte-hartzea egokitzeko.

Antilla hondartzan zigarrokin-bilketa | 12:00–13:00Itsasadarreko jarduerarekin batera, Antilla hondartzan zigarrokinak eta tamaina txikiko hondakinak jasoko dira.

Zigarrokinak abiapuntu hartuta, askotan oharkabean pasatzen diren hondakinek duten eraginari jarriko zaio arreta, Surfriderrekin batera garatutako sentsibilizazio-ildoari jarraipena emanez.

Orioko itsas ondarea ezagutzeko bisitak | 11:00 eta 12:30
Arraunetxetik abiatuta, bisita gidatuek Orioren eta uraren arteko harreman historikoa azalduko dute: arrauna, itsas jarduerak, lanbideak eta udalerriaren beraren nortasuna.

Proiektuak erakutsi nahi du kultura-ondarea ere turismo jasangarriaren funtsezko zatia dela: zerbait zaintzeko, lehenik ezagutu egin behar da.

Begi Txikin interpretazio-ibilaldiak | 17:30–19:30
Arratsaldean, 20 minutu inguruko ibilbideak egingo dira Begi Txikin, Herriko Plazatik abiatuta.
Itsasadarra beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera izango da, haren paisaia, historia eta udalerriarekin duen harremana interpretatuz.

Eko-Azoka | 16:00–20:00
Eko-Azokak tokiko ekoizleak, proiektu jasangarriak eta kontsumo arduratsuarekin lotutako eragileak bilduko ditu plazan.

Behoria Garbiaren ikuspegitik, jasangarritasuna ez da ingurumenaren zaintzan amaitzen. Jarduera ekonomikoak sortzen duen balioa tokiko ehunean geratzea ere jasangarritasunaren parte da.
Horregatik, kayak-jardueran parte-hartzaileek egindako ekarpenaren zati bat kontsumo-bonu bihurtuko da, Eko-Azokan eta proiektuarekin lotutako tokiko eragileen artean erabiltzeko.

Ingurumen-tailerrak eta familientzako jarduerak | 17:00–19:00
Hondakinak, plastikoak, mikroplastikoak eta eguneroko kontsumo-ohiturak izango dira haur zein helduei zuzendutako tailerren ardatzetako batzuk.

Helburua ez da soilik jardunaldi batean sentsibilizatzea, baizik eta gero eguneroko bizitzara eraman daitezkeen jokabide-aldaketa txikiak sustatzea.

Aitortzak banatzea eta kultur jardunaldiaren amaiera | 19:00etatik aurrera
Jardunaldiaren azken zatian, parte-hartzea aitortuko da, eta Herriko Plaza topagune bihurtuko da eguna kultur programazioarekin amaitzeko.

Aisialdia eta turismoa ingurunea ezagutzeko eta zaintzeko aukera gisa
Begi Bistaneko proiektuen arduradunak azaldu duenez, ekimenaren helburuetako bat da “aisialdia, turismo aktiboa eta ekoturismoa ingurumen-hezkuntzarako eta eraldaketarako tresna ere izan daitezkeela erakustea”.

“Kayak bidez Oriako itsasadarra zeharkatzen duenak ez du paisaiaz bakarrik gozatzen; haren ekosistema ezagutzen du, hondakin jakin batzuk nola eta non pilatzen diren ikusten du eta eguneroko ohiturek ingurumenean izan dezaketen eragina hobeto ulertzen du. Logika bera Antilla hondartzan, itsasontziko ibilbideetan, Arraunetxeko bisitetan edo Eko-Azokan ere aplikatzen da: jarduera bakoitza gozatzeko aukera da, baina baita ikasteko, kontzientzia hartzeko eta, turismoaren eta aisialdiaren bidez, pertsonen eta lurraldearen arteko harreman arduratsuagoa sustatzeko ere; bisitatzen eta erabiltzen ditugun espazioei balioa emanez, tokiko ekonomia eta itsas kultura gerturatuz eta ingurunea zaintzeko ekintza zehatzetan parte hartzea erraztuz”, adierazi du.

Gainera, edizio berri honek ekonomia urdinaren ikuspegi zabalagoan jarriko du arreta berezia. “Ekonomia urdina ez da itsasoarekin lotutako jarduera ekonomikora soilik mugatzen; uraren eta kostaldearen inguruan aldi berean ingurumen-balioa, jarduera ekonomikoa, enplegua, kultura, ondarea, ezagutza eta gizarte-kohesioa sortzeko gaitasuna ere bada. Horregatik, jardunaldi berean ingurumen-ekintza, turismo aktiboa, itsas kultura, tokiko merkataritza, ekoizleak, elkarteak, hezkuntza eta aisialdia uztartzen dira. Helburua ez da baliabide natural bat ustiatzea, baizik eta baliabide horren inguruan sortutako balioa lurraldean bertan geratzea”, azaldu du.

Uda luzatzeko hitzordua
Malavek azpimarratu duenez, “iraileko amaieran Behoria Garbia ospatzea ere proiektuaren planteamendu turistikoaren parte da”.

“Jarduerak Orio eta Gipuzkoa udako hilabete nagusietatik kanpo bisitatzeko arrazoi berri bat sortzen du, bereziki hurbileko publikoarentzat eta asteburuko ihesaldientzat”, azaldu du. Aurreko edizioetan, Oriotik eta Urola Kostatik etorritako parte-hartzaileez gain, Nafarroatik, Bizkaitik eta Estatuko hainbat lekutatik etorritako pertsonak ere izan direla azaldu du, eta ekitaldia bera asteburuko ihesaldiaren parte bihurtu dela.

“Modu horretan, urtarokotasuna murrizten eta turismo-fluxuen banaketa orekatuagoa sustatzen lagundu nahi dugu, Gipuzkoa udako denboralditik harago ere esperientzia bereziak eskaintzeko gai den helmuga gisa kokatuz”, nabarmendu du. Horrez gain, honakoa gaineratu du: “Proposamen argia planteatzen dugu: Gipuzkoa bisitatu, ezagutu eta gozatu, baina baita lurraldeari jasotzen dugunaren zati bat itzuli ere. Turismoa lurraldearen parte izateko modu bat izatea, eta ez bertatik igarotzeko modu hutsa”.

Lankidetzatik eraikitako proiektua
Behoria Garbia 2026 Begi Bistanek bultzatzen du, eta berriz ere erakundeen, elkarteen eta tokiko eragileen arteko lankidetzan oinarritzen da.

Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren bitartez, turismo jasangarriari, urtarokotasunaren murrizketari eta Gipuzkoa esperientzia arduratsu eta bereizgarrien helmuga gisa kokatzeari lotutako ikuspegiarekin.
Halaber, Orioko Udalaren, Itsas Garapen Elkartearen, Surfrider Foundation Europeren, Arkupe – Orioko Merkatarien Elkartearen – eta beste tokiko eragile batzuen lankidetza du.
 

  

2582