Biele Group-ek, Gipuzkoa Quantum programaren bidez, AAn eta Quantum-Inspired teknologian oinarritutako industria-ikuskaritzako sistema aitzindari bat garatzen du
Biele Group-ek, Gipuzkoa Quantum programaren bidez, AAn eta Quantum-Inspired teknologian oinarritutako industria-ikuskaritzako sistema aitzindari bat garatzen du
Biele Group-ek, Gipuzkoa Quantum programaren bidez, AAn eta Quantum-Inspired teknologian oinarritutako industria-ikuskaritzako sistema aitzindari bat garatzen du
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren hitzetan, "teknologia kuantikoa industrian integratzeak aukera handia ematen du enpresen lehiakortasuna eta lidergoa indartzeko". Gipuzkoako Foru Aldundiak teknologia kuantikoko proiektu pilotuen aldeko apustua egiten jarraituko du enpresa-sarean 2026an, 1,5 milioi euroko laguntzekin.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Unai Andueza Ekonomia Sustapenaren eta Proiektu Estrategikoen diputatuarekin batera, lan-topaketa bat izan du Biele Group-eko arduradunekin, hartara zuzenean ezagutu ahal izateko zer-nolako aurrerapenak izan dituen konpainiak Gipuzkoa Quantum programaren laguntzarekin garatzen ari den teknologia kuantikoetan oinarritutako proiektu berritzailean. Programa horren bidez 70.261 euroko laguntza jaso du.
Bisitan, erakunde-ordezkaritzak, Txomin Andonegi Biele Group enpresako zuzendariarekin, Agosti Aranburu teknologiako zuzendariarekin, Naiara Aldazabal Giza Baliabideen zuzendariarekin eta Olatz Galarza Biele Digitaleko zuzendari nagusiarekin batera, proiektu horren bilakaera aztertu du, bai eta berrikuntza-estrategia eta konpainiak aurre egin beharreko erronka nagusiak ere, bizkortze teknologikoak eta nazioarteko lehia gero eta handiagoak markatutako testuinguru global batean.
Berrikuntza eta espezializazioa industria-lehiakortasunerako palanka gisa
Topaketaren foku nagusietako bat izan da Biele Group-ek bultzatutako proiektuaren jarraipena egitea, zeina gai izango baita adimen artifizial optimizatuan oinarritutako ikuskapen bisualeko sistema aurreratu bat garatzeko, ekoizpen-lerro automatizatuetan eraginkortasunez integratzeko eta fabrikatutako piezetan akatsak denbora errealean eta zehatz detektatzen direla bermatzeko
Horretarako, enpresak kuantikan inspiratutako teknikak aplikatu ditu, ikuspen artifizialeko ereduak ulertzera eta optimizatzera bideratuak. Hurbilketa berritzaile horrek aukera emango du algoritmo aurreratuak hedatzeko baliabide konputazional mugatuak dituzten industria-inguruneetan. Aurrerapen hori aurrerapauso garrantzitsua da teknologia kuantikoak ekoizpen-sarean txertatzeko eta industria aurreratuaren lehiakortasuna hobetzeko.
Teknologia horien aplikazio praktikoak industria-kalitatearen automatizazioari, digitalizazioari eta kontrolari lotutako funtsezko prozesuak indartzen lagunduko du, eta konpainiaren beraren garapen teknologikoa eta Gipuzkoako industria produkzio-sistema adimendunago, efizienteago eta erresilienteagoetara eraldatzea bultzatuko du.
Eider Mendoza diputatu nagusiak horrelako ekimenen garrantzi estrategikoa azpimarratu du, eta adierazi duenez, "Bielekoa eta antzeko proiektuek erakusten dute berrikuntza aurreratua funtsezko tresna bihur daitekeela gure enpresen lehiakortasuna indartzeko eta merkatu oso zorrotzetan aukera berriak irekitzeko".
Era berean, nabarmendu duenez, “nahiz eta askotan teknologia kuantikoa sortzen ari diren sektoreekin edo espezializazio handiko eremuekin lotzen dugun, Gipuzkoarentzat funtsezkoa da lehendik dagoen industria-sarean ere integratzea, bereziki ETEetan, gure ekonomiaren motor nagusia izaten jarraitzen baitute. Teknologia aurreratu horiek gure industria-sarean sartzea funtsezkoa da gure lehiakortasuna indartzen jarraitzeko eta gure enpresen lidergoari eusteko nitxo globaletan, ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako lehia-abantaila batetik. Lurralde industriala gara, eta, gero eta ziurgabetasun handiagoko testuinguru batean, gure enpresen lehiakortasuna defendatzea eta babestea erabateko lehentasuna da Gipuzkoako Aldundiarentzat".
Gipuzkoa Quantum, kuantika enpresa-ehunera hurbiltzeko tresna gisa
Gipuzkoa Quantum programak tresna estrategiko gisa sendotzen jarraitzen du teknologia kuantikoa lurraldeko enpresa-ekosistemara hurbiltzeko. Helburua da enpresei laguntzea sortzen ari diren teknologiak txertatzen, beren prozesuetan, produktuetan eta lehiakortasun-gaitasunetan benetako eragina dutenak.
Horrelako ekimenetan Biele Group bezalako enpresak sartzeak Gipuzkoako industria-sareak joera teknologikoei aurrea hartzeko, ezagutza aurreratua integratzeko eta berrikuntza lehiatzeko abantaila iraunkor bihurtzeko duen gaitasuna islatzen du.
Bestalde, Txomin Andonegi Biele Group-eko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, "irtenbide industrial berritzaileen garapena gure plan estrategikoen oinarrietako bat izan da beti, eta, gaur egun, lehentasunezko prozesua da teknologia kuantikoa txertatzea ikuskapen bisualeko ekipo eta sistemetarako adimen artifizialeko sistemen garapenaren oinarri gisa. Horretarako, Gipuzkoa Quantum programaren bidez Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta aholkularitza izatea funtsezko faktorea da proiektuan planteatutako helburuak lortzeko".
Bisita horrekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egiten du enpresa-ehunera teknologia aurreratuak eramateko eta balio erantsi handiko sektoreetan Gipuzkoako industriaren lehiakortasuna indartzeko gai diren proiektu estrategikoak bultzatzeko konpromisoa.
1072