Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bikaintasuneko sei ikertzaile Gipuzkoako I+G+b sarean sartu dira Fellows programaren bidez

Bikaintasuneko sei ikertzaile Gipuzkoako I+G+b sarean sartu dira Fellows programaren bidez

Foru Aldundiak indartu egiten du nazioarteko talentu zientifikoa erakartzeko eta Gipuzkoan finkatzeko apustu estrategikoa. Fellows Gipuzkoa programaren 2026ko deialdi berria onartu da, 480.000 eurokoa.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Goi mailako sei ikertzaile berri sartu dira Gipuzkoako I+G+b ekosisteman, Foru Aldundiaren 2024ko eta 2025eko deialdiei dagokien Fellows Gipuzkoa laguntza-programaren esparruan.

Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak harrera egin die gaur Ikerbasquen ikerketa zentroetako ordezkariekin batera. Lan-topaketari esker, zehatz-mehatz ezagutu ahal izan dira gidatzen dituzten proiektuak, eta lurraldearen indartze zientifiko eta teknologikoari egiten dioten ekarpenari buruzko iritziak partekatu ahal izan dituzte.

Fellows Gipuzkoa: talentu zientifikoa erakartzeko eta finkatzeko inbertsio estrategikoa

Foru Aldundiak 482.549 euro bideratu ditu programa horretara 2024an, eta 449.642,72 euro 2025ean. Programa horren helburua doktoratu ondoko prestakuntza eta nazioarteko garrantzia duten taldeetan esperientzia duten ikertzaileak Gipuzkoako taldeetan sartzea da, haien maila zientifikoa eta proiekzio globala handitzeko.

Programak bi jarduera-ildo osagarri aurreikusten ditu: talentua erakartzea, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratutako Gipuzkoako zentroetan ikertzaileak sar daitezen erraztera bideratua, gaitasun zientifikoa eta nazioarteko proiekzioa sendotuz; eta talentua atxikitzea, zentro horiei hiru urtez profil horiek sendotzen laguntzera bideratua, lurraldeko I+G+b ekosisteman egonkortasuna eta jarraitutasuna bultzatuz.

Era berean, aste honetan bertan onartu da 2026ko deialdia, 480.000 euroko zuzkidurarekin, eta, horren bidez, berretsi egin da erakundeak programaren jarraitutasun eta sendotzearekiko duen konpromiso irmoa.

Anduezak gogorarazi duenez, zientzialariei “proiektu interesgarriak nahiz ikerkuntzarako aukera aurreratuak” eskaintzen dizkien lurraldea da Gipuzkoa. “Gure lurraldeak urteak daramatza lanean Zientzia eta Teknologia sarea indartzen jarraitzeko. Gurea bezalako herri industrial batean, ezinbestekoa delako ezagutza aurreratua sortu eta etenik gabe berritzea, aurrera begira ere gure enpresa sarearen lehiakortasuna bermatu eta etorkizuneko ekonomia garatu nahi badugu”, gogoeta egin du diputatuak. Ahalegin horretan “arnas luzeko ekarpena” egiten ari da Aldundia azken hamarkadetan eta Fellows programa horren lekuko da.

Bikaintasuna eta aniztasuna sustatuz Gipuzkoako ikerketan

Bikaintasun zientifikoaz, esperientziaz eta nazioarteko prestakuntzaz gain, programak aintzat hartzen du ikertzaileek Euskal Autonomia Erkidegoarekin duten lotura, eta, bereziki, emakumeen laneratzea sustatzen du, eremu zientifiko-teknologikoan dagoen genero-arrakala murrizten lagunduz.

2016an sortu zenetik, 68 ikertzailek parte hartu dute programan, eta horietatik 33 emakumeak izan dira, 11 zentro eta unibertsitaterekin lankidetzan. 2022az geroztik, onuradunen jarraipena indartu da Ikerbasque Fundazioarekin lankidetzan, Fellows Gipuzkoa programaren bigarren urtean ebaluazioa egin ahal izateko eta, ondoren, haien txertatze eta finkapen profesionala errazteko.

Diputatuak gaineratu duenez, Zientzia eta Teknologia sarearen nahiz industriaren zerbitzura “azpiegitura diferentzialak eta elkarlan gune berriak” abiarazteko gaitasuna izan du Gipuzkoak azken urteotan. Apustu horretan, baina, pertsonen eta, bereziki, zientzialari gazteen ekarpena sustatzeko beharraz mintzatu da: “Argi dugu pertsonak, haien lana, sormena eta elkarlanerako gaitasuna direla lurralde lehiakor eta aurreratua izateko dugun aktiborik garrantzitsuena, are gehiago bizi ditugun eraldatze garaiotan. Horregatik, zientzialariek bizitza, lan eta ikerkuntza proiektuak hemen garatu ditzaten aukera berriak sortzen eta bikaintasuna ezaugarri duen ekosistema eraikitzen jarraituko dugu”, berretsi du.

Foru erakundeak eutsi egin dio programaren zuzkidura ekonomikoari, aurreko deialdietan sartutako ikertzaileei laguntzen jarraitzeko eta talentu berria erakartzen jarraitzeko.

Sei proiektu berri Gipuzkoako zientzia eta berrikuntza ekosistema indartzeko

Hauek dira sartu diren sei ikertzaileak eta garatzen dituzten proiektuak:

- María Camarasa Gómez, (MPC – Materials Physics Center), adimen artifizialeko dimentsiotasun txikiko sistemetan sortzen ari diren propietate optikoei buruzko proiektu batekin.

- Niccolò Giaconi, (CIC nanoGUNE), nanogailuetan neurrira egindako karbonozko puntu kuantiko kiralek gaitutako espin bidezko argi polarizatuaren emisioan zentratutako proiektu batekin.

- Umbertoluca Ranieri, (MPC – Materials Physics Center), trantsizio energetikorako dinamikoki desordenatuta dagoen materiaren kontrolari buruzko proiektu batekin.

- Daniel Baena, (BCBL), zahartzaroko loaren eta kognizioaren oszilazioen dinamika funtzionalei buruzko proiektu batekin.

- Elena Gabirondo, (POLYMAT), karbonoa atzitzeko eta deskarbonizazio eraginkorrerako CO2arekiko sentikorrak diren mintz polimeriko “arnasgarriei” buruzko RESPOLY proiektuarekin.

- Tamara Gomez Dacoba, (CIC biomaGUNE), CAR-T zelulak sortzeko nanopartikulen azaleraren propietateak aldatzeari buruzko proiektu batekin.

Jardunaldian honako hauek ere parte hartu dute: Celia Rogerok (CFM/MPCko zuzendaria), David Mecerreyesek (POLYMATeko zuzendari zientifikoa), Aitziber Lópezek (CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoa), Txema Pitarkek (CIC biomaGUNEko zuzendari nagusia), Ana Fernándezek (BCBLko gerentea) eta Miguel Arocenak (Ikerbasqueko zuzendari nagusia).

Topaketaren ondoren, ikertzaileek Ikerbasqueren eraikin berria bisitatu dute, IBM System Two super ordenagailu kuantikoa bere baitan hartzen duen eraikina. Azpiegitura horrek Gipuzkoa eta Euskadi nazioarteko erreferente gisa finkatzen lagunduko du teknologia kuantikoen eremuan, bai eta maila globalean liderra izango den ekosistema zientifiko baten garapena bizkortzen ere.

Bukatzeko, Unai Anduezak azpimarratu du Fellows programak "gure I+G sarean giza kapital ikertzailearen bikaintasuna eta kualifikazioa indartzen laguntzen duela, goi mailako profesionalak sartuz. Gipuzkoan denbora luze daramagu lanean eraldaketei lehiakortasunaren eta ongizatearen ikuspegitik aurre egiteko, mugikortasuna, zibersegurtasuna, kuantika edo osasun-terapia berriak bezalako eremuetan. Testuinguru horretan, ikerketa-talentua palanka estrategikoa da prozesu horiek bultzatzeko".

Gaur egun, 15.118 pertsonak garatzen dituzte I+Gri lotutako jarduerak lurraldean, eta Gipuzkoak Estatuko eta Europako batez bestekoa gainditzen du, % 2,74rekin, I+Gra bideratutako BPGaren ehunekoari dagokionez. Gaineratu duenez: "Gipuzkoako Foru Aldundian etengabe ari gara lanean zientzia garatzea ahalbidetuko duten azpiegitura eta zumeak sortzeko; hala ere, argi daukagu osatzen ari garen azpiegitura horrek ezingo lukeela aurrera egin Gipuzkoan eraikitzen ari den ilusio, talentu eta, azken finean, giza kapital hori gabe".

  

1910