Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bob Pop, Isaac Rosa, Kirmen Uribe eta Mónica Ojeda, besteak beste, ‘Mintza Lagun–Elkarrizketak’ zikloaren hirugarren edizioko protagonistak

Bob Pop, Isaac Rosa, Kirmen Uribe eta Mónica Ojeda, besteak beste, ‘Mintza Lagun–Elkarrizketak’ zikloaren hirugarren edizioko protagonistak

Elkarrizketan eta eztabaidan oinarritutako ziklo hau Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren apustu nagusietako bat da. Urtarriletik ekainera hamar saio egingo dira, eta identitatea, beldurra, irudimena, indarkeria, nostalgia edo adimen artifiziala bezalako gaiak jorratuko dira.

2026/01/15
Cultura

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak antolatutako ‘Mintza Lagun Diálogos’ zikloaren hirugarren edizioa hilabete honen amaieran abiatuko da Koldo Mitxelena Kulturunean. Aurten parte hartuko dute Isaac Rosa, Kirmen Uribe, Monica Ojeda eta Bob Pop-ek, besteak beste.  Duela bi urte hasitako ekimena da, desagertutako Lagun liburu-dendaren balio sinbolikoa ardatz hartuta, ideiak trukatzeko eta kontrastatzeko gune gisa eratzen dena, egungo gaiei buruzko hausnarketa kritikoa egiten duten liburu-egileekin izandako elkarrizketetan oinarrituta.

Goizane Álvarez Kultura diputatuak gaur goizean azpimarratu duenez, zikloak sentitzen eta uste dugunari buruzko elkarrizketak eskainiko ditu: “Pentsamendu kritikoak atzera egiten duen garaiotan, Kultura Departamentutik kontrakoa proposatzen dugu. Hau da, gelditzea, entzutea eta eztabaidatzea. Izan ere, kultura ez da apaingarria ez eta erakusleihoa ere; oraina ulertzeko eta etorkizuna irudikatzeko dugun tresna da”.

Urtarrilaren 29tik ekainaren 26ra bitartean, ‘Mintza Lagun’ zikloaren hirugarren edizioak hamar saio izango ditu. Saio horietan, hainbat gaitan adituak diren pertsonek askotariko gaiak jorratuko dituzte, hala nola identitatea, beldurra, zauria, irudimena, indarkeria, nostalgia edo adimen artifiziala.

Hamar saio

Zikloa urtarrilaren 29an hasiko da Bob Pop eta Alba Carballalen ‘Identitatea’ izeneko hitzaldiarekin. Hitzordua Gonzalo Tornék moderatuko du eta bertan fikzioan baldintza desberdinak irudikatzeko modu ezberdinak aztertuko dira, galdetuz normalitate eredu bat existitzen den eta nori interesatzen zaion. 

Otsailaren 5ean Itxaso Martin eta Aitziber Garmendiaren txanda izango da, Irati Iturritzak moderatuko duen ‘Zauria eta hitza’ izeneko saioan. Gonbidatuek emakumeen sufrimendua inguratzen duen isiltasuna hautsi eta hitzez beteko dute. Osasun mentalari buruzko hausnarketa hizpide, izango dira esperientzia pertsonaletik zein fikziotik abiatutako kontakizunak. Zauriei erreparatzea eta horietaz hitz egitea da asmoa, denak bilduko gaituen sare bat sortuz.

Hilabete horretan bertan, baina 13an, ‘Etorkizuna bezpera da’ saioa izango da, Irati Jimenez eta Cira Cresporekin. Euskal literaturaren arbasoak eta haiekiko maitasuna eta miresmena gurera ekarriko dituzte hizlariek. Era berean, antzemango dituzte gure sistema literarioren argi-ilunak, eta horien buruz mintzatuko dira ikuspegi kritikoz.

Bost egun geroago, 18an, Clara Ramosek eta Isaac Rosak ‘Nostalgia’ hitzaldia eskainiko dute, Gonzalo Tornék moderatua berriz ere. Saio honetan helburua izango danostalgia eta melankolia pertsonalak aztertzea. Horrekin batera, hausnartzekoa da ea kategoria horien erabilera politiko berria existitzen den, bai eta horien papera sorkuntzan, arte gisa eta industri gisa.

‘Miedo’ izango da martxoaren 4ko topaketaren izenburua. Santiago Gerchunoff eta Elvira Navarro izango dira protagonista, eta Tornek moderatuko du. Egileek gogoeta egingo dute gure beldurrei buruz, beldurra sentitzera bultzatzen gaituzten arrazoiei buruz, beldurra manipulatzea posible ote den, eta abar. Aldi berean, beldurrezko zinemaren eta literaturaren gorakadaz ere hitz egingo dute.

Programaren erdian, ‘Adimen artifiziala ezinegonaren aurrean’ elkarrizketa izango da. Apirilaren 28an izango da, Eduardo Apodaca eta Usue Morirekin, eta Harri X Fernandezek moderatuko du. Hizlariek adimen artifizialari buruz eta osasun mentalaren arloan duen erabilerari buruz hausnartuko dute. Horrek kezka sortzen du askotan, kontsolamendua bilatzeko eta bakardadeari aurre egiteko baliabide bihurtu delako pertsona  askorentzat.

Hilabete bat beranduago, maiatzaren 21ean, ‘Violencia’ saioa ospatuko da, Rebeca Martín eta Mónica Ojedaren eskutik, eta berriz ere Tornék moderatuko du. Topaketaren helburua da azaltzea nola idatz daitezkeen fikzioak gizarte bortit-zetan eta, halaber, nola irudikatu den indarkeria azken mendeotan, arazo sozialei dagokionez.

Ekainaren 4an ‘Imaginacion’-ren txanda izango da Ana Fernández-Cebrián eta Miqui Oteroren eskutik. Hauek ere Torné izango dute lagun. Oraingo honetan aztertuko da nola irudikatzen ditugun etorkizuna, irudimen politikoa eta iruditeria historikoak.

Bestalde, ekainaren 18an Ana Jaka eta Aitor Gametxo izango dira ‘Lerro artean’ saioaren protagonistak, Hasier Larretxeak moderatuta. Hizlariek hausnartuko dute zer erreferente queer jaso ditugun fikzioaren bidez eta nola; eta zergatik den lerro artean irakurri edo antzeman behar dugun zerbait, eta horrek nola laguntzen digun gure sormen- eta queer-identitatea eraikitzen.

Hirugarren edizio honi amaiera emateko, ekainaren 26an, Kirmen Uribek eta Hasier Arraizek ‘Beldurrak hitza hartzen duenean’ saioa protagonizatuko dute, Esther Eizagirreren gidaritzapean. Literaturaren eta politikaren arteko harremanaz eta kulturak errealitatea eraldatzeko duen gaitasunaz mintzatuko dira gonbidatuak, ultraeskuinaren areagotzeak mehatxatutako mundu baten testuinguruan.

Saio guztiak 19:00etan izango dira, Santa Teresa Komentuko ekitaldi-aretoan KMKren egungo egoitza. Aipatzekoa da, gainera, saio bakoitzak erreferentziazko liburu bat duela, Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean eta zikloaren esku-programan ikus daitezkeenak.

  

402