Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Boluntarioen lana balioan jartzeko “Itsasargiak” ekitaldia egin da Donostiako Aquariumean

Boluntarioen lana balioan jartzeko “Itsasargiak” ekitaldia egin da Donostiako Aquariumean

Laboral Kutxak, Donostiako Aquariumak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri dute martxan Itsasargiak kanpaina, jendartean boluntarioek duten garrantzia azpimarratzeko. Hainbat euskal-eduki sortzailerekin elkarlanean sare sozialetarako bideoak sortu dira Iñurri, Nagusilan, SOS Arrazakeria, Txiki-Txoko eta Zure Irrifarra Nire Indarra elkarteen lana ikusarazteko.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Laboral Kutxak, Donostiako Aquariumak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “Itsasargiak” izeneko kanpaina aurkeztu dute, Gipuzkoako boluntarioen lana eta gizartean duten eragina ikusarazteko. Kanpainaren izenak dioen bezala, boluntarioak jendartean itsasargiak dira: iluntasunean gidatu, lagundu eta itxaropena pizten dute, gizartean ezkutuan dauden erronka sozialei argia ematen dieten bitartean.

Helburu eta asmo bera partekatzen dutelako elkartu dira kanpaina honetan hiru erakundeak: boluntarioen lana aitortu eta gizarteari ikusaraztea, baita oraindik boluntariotzan ausartu ez direnei animatzea ere. Horretarako elkarlanean jardun dute, boluntarioek gizartea aurrera eramateko duten funtsezko rola nabarmenduz.

Laboral Kutxak, azken urtean, 75 konpromezu sozialeko eta irabazi asmorik gabeko elkarteei bideratu dizkio laguntza zuzenak: dibertsitatea, inklusioa, zahurgarritasuna, laguntza fisikoa eta psikologikoko laguntza, elkarlan kooperatiboa… sustatzen duten elkarteak dira. Nuria Agirre Laboral Kutxako Pertsona eta Organizazio Zuzendariak azpimarratu duenez, “gaurkoa ez da kanpaina soil bat, gure nortasunaren muina eta gure ekintzak eta erabakiak norabide berean jartzen dituen egitasmoa da. Izan ere, gure balioetan daude: pertsonen beharrak lehenestea, benetako laguntza eskaintzea eta komunitatearen parte garen heinean, gizartean modu positiboan eragitea”.

Boluntariotzan pertsonak euren denbora, eskarmentua, ezagutza eta gaitasunak eskaintzen dituztenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere horretan laguntzeko hainbat baliabide eskaintzen ditu: irabazi asmorik gabeko entitateei gizarte zerbitzuen esparruan garatzen dituzten programa eta jarduerak finantzatzeko dirulaguntzak eskaintzen ditu; gainera, elkarteentzako lokalak eta guneak eskuragarri jartzen ditu; eta 1995etik Gipuzkoako Boluntariotza Saria antolatzen du. Maite Peña, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketetako eta Gizarte Politiketako Diputatua: “boluntariotzaz hitz egitea eraiki nahi dugun gizarteaz hitz egitea ere bada. Gipuzkoan milaka pertsonek euren denbora, ezagutza eta konpromisoa eskaintzen dute herritarrak laguntzeko eta komunitatea indartzeko. Askotan isilean egiten den lana da, baina funtsezkoa da gure gizartearen ongizatea sostengatzeko”. Era berean, gaineratu du “boluntarioak benetako itsasargiak direla gure gizartearentzat: orientazioa ematen dute, laguntzen dute eta itxaropena pizten dute, inor atzean gera ez dadin.”

Ekitaldia Donostiako Aquariumean egin izanak badu bere garrantzia, Aquariumak ateak ireki zituen egunetik izan baitu gizartearekiko konpromisoa. Dibulgazio eta jarduera zientifikoaz harago, aktiboki lan egiten du kultura, ingurumen-hezkuntza eta itsasoaren ezagutza gizarte osoarentzat eskuragarriak izan daitezen, bereziki egoera ahulenean dauden kolektiboentzat. Esther Irigaray, Donostiako Aquariumeko zuzendaria: “Urtean zehar, proiektu eta lankidetzak garatzen ditugu Euskal Herriko erakunde eta elkarteekin, hala nola, Caritasekin edo Cruz Rojarekin. Eta etxerik gabeko pertsonentzat, eta museora joaterik ez dutenentzat doako bisitak eskaintzen ditugu, modu horretan hezkuntza eta kultura komunitate osoari hurbiltzeko.”

Eduki sortzaileekin eta elkarteekin elkarlana

Kanpaina prestatzeko, lau euskal eduki-sortzailek – Alex Etxegibelek, Luma Otañok, Eleder Iglesiasek eta Iker Iribarrenek – boluntarioen lana gertutik ezagutzeko bideoak sortu dituzte, batez ere publiko gazteengana euren istorio pertsonalak hurbiltzeko. Bideo horiek sortzaileen sare sozialetan zein Laboral Kutxaren Instagram profilean ikus daitezke (@laboral_kutxa).

Iñurri, Nagusilan, SOS Arrazakeria, Txiki-Txoko eta Zure Irrifarra Nire Indarra izan dira kanpainan parte hartu duten elkarteak; bakoitzak boluntariotza gauzatzeko modu propioa du, eta, beraz, argi islatzen dute ez dela boluntariotza gauzatzeko modu bakarra existitzen. Ekitaldian, kanpainan parte hartu duten eduki-sortzaileak, boluntarioak eta laguntza jasotzen duten pertsonak elkartu dira. Bideoak proiektatu ondoren, bi mahai-inguru egin dira, boluntariotza eta esperientzia pertsonalak azpimarratzeko. Izan ere, ekitaldian parte hartzaile guztiei eman nahi izan zaie ahotsa, boluntario izateko pausoa nola ematen den eta boluntarioek norainoko lana egiten duten adierazteko. Parte hartu duten elkarteen informazioa:

  •  Iñurri - Minbizia dutenei akonpainamendua eta dibulgazioa eskaintzen die. Bolondresen sare zabalaren bidez minbizia igaro dutenei, igarotzen ari direnei eta horien bidelagunei zuzendutako zerbitzuak eskaintzen dituzte.
  • Nagusilan - Elkartearen helburua adineko pertsonei laguntza eta babesa eskaintzea da, horien ahalduntzea sustatzea zahartze aktibo solidarioaren bidez, eta egoerarik ahulenean dauden adineko pertsonei ahotsa ematea.
  • SOS Arrazakeria - Adingabe migratzaileekin harremanak izateko programa ikusarazi nahi izan da, haien ongizate pertsonala, emozionala eta soziala errazteko, autoestimua, trebetasun pertsonalen eta harremanen garapena indartzeko helburua duen programa.
  • Txiki-Txoko - Laguntza psiko-hezitzailea eta soziala eskaintzen diete prozesu migratzaileetan murgildurik dauden emakumeei, euren seme-alabekin kontziliatzeko alternatiba eskaintzen zaien bitartean.
  • Zure Irrifarra Nire Indarra - Desgaitasun egoera bizi duten haur eta gazterekin egiten du lan. Jarduera fisikoa egiteko mugikortasun arazo ugari izaten dituztenez, herrietako lasterketetan parte hartzeko helburuarekin sortu zen elkartea, beste korrikalari baten moduan parte hartzeko aukera izan dezaten.

  

1576