BSTK Basotik Fundazioak ongizatea, basoen zaintza eta txirrindularitza uztartuko ditu Deban
BSTK Basotik Fundazioak ongizatea, basoen zaintza eta txirrindularitza uztartuko ditu Deban
Urriaren 24an II. Basotik Txirrindulari Festa ospatuko da Deban; iazko arrakastaren ondoren, helduen martxako plazak 350etik 450era igo dira eta guztira 600 parte-hartzaile inguru espero dira. Ekimenak basoen ingurumen- eta gizarte-onurak ezagutarazi, ongizatearekin lotutako parte-hartzea sustatu eta basoen zaintza partekatuaren garrantzia azpimarratu nahi du; txirrindulari profesionalek eta Euskadi Fundazioko 23 urtez azpikoek ere parte hartuko dute.

Basoak gizarteari hurbiltzeko, ongizatea eta bizimodu osasuntsua sustatzeko eta gure ingurune naturalarekiko harreman arduratsua indartzeko helburuarekin, BSTK Basotik Fundazioak II. Basotik Txirrindulari Festa antolatu du. Jaialdia urriaren 24an egingo da Deban.
Gaur goizean egin da aurkezpena Gipuzkoako Foru Aldundiko prentsa-aretoan. Bertan izan dira Joseba Aranburu, GFAko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendaria; Jon Ander Ostolaza, BSTK Basotik Fundazioko zuzendaria; Alazne Txurruka, Debako alkatea; eta Aitor Galdos, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko zuzendari orokorra.
Joseba Aranburuk nabarmendu duenez, «Gipuzkoa basoekin oso lotutako lurraldea da. Basoak gure eguneroko bizitzaren parte dira: natura, aisialdia, kirola eta ongizatea eskaintzen dizkigute. Basoak zaintzeko kudeaketa ona eta herritarren inplikazioa behar ditugu. Ezagutzen eta haietaz gozatzen dugunean, errazago ulertzen dugu zergatik zaindu behar ditugun». Aranbururen hitzetan, «jaialdiak ongizatea eta bizimodu osasuntsua aldarrikatzen ditu, gure ingurune naturalarekin orekan egongo den etorkizun baten alde. Basoak guztion ondarea dira, eta haien zaintza ere guztion konpromisoa da».
Jon Ander Ostolaza BSTK Basotik Fundazioko zuzendariak iazko edizioaren harrera nabarmendu du: «Iaz Zikloturista Martxako 350 izen-emateak agortu ziren; aurten 450 plaza izango dira eta Txirrindulari Txiki Festa gehituta 600 parte-hartzaile inguru espero ditugu». Ostolazaren arabera, «ez da bizikleta-proba bat bakarrik: pertsonen ongizatea, bizimodu aktiboa eta basoekiko harremana uztartzen dituen festa da. Helburua gero eta pertsona gehiagok naturarekin harreman positiboa izatea eta basoen balioaz jabetzea da».
Aitor Galdosek kirolaren balio soziala nabarmendu du: «Txirrindularitza gurean oso errotuta dagoen kirola da, eta gazteengana eta familiengana heltzeko aukera paregabea eskaintzen du. Kirolak gure gorputza zaintzen laguntzen digun bezala, kirola egiten dugun ingurunea ere zaindu behar dugu. Basotik Fundazioarekin naturarekiko errespetua, jasangarritasuna eta herritarren parte-hartzea partekatzen ditugu».
Debako alkate Alazne Txurrukak herriaren inplikazioa balioan jarri du: «Deba kirolaren, naturaren, ongizatearen eta komunitatearen topagune izango da urriaren 24an. Festa Alamedan egingo da, herriko elkarte eta kolektiboekin batera».
II. Basotik Txirrindulari Festaren xehetasunak
Festa goizean zehar ospatuko da, bi jarduera nagusiren inguruan:
- Basotik Zikloturista Martxa: 89 kilometroko ibilbide ez-lehiakorra, 9:00etan abiatuko dena Debako Alamedatik. Aurten 450 plaza izango dira. Izen-ematea doakoa izango da federatuentzat zein federatu gabekoentzat, eta aurrez eman beharko da izena. Informazio guztia eta izen-ematea basotik.eus webgunean daude. Parte-hartzaile guztiek opari-sorta jasoko dute.
- Txirrindulari Txiki Festa: familiei eta haurrei zuzendutako ekitaldia. 11:30ean 4 kilometroko familia-martxa egingo da, eta ondoren bizikleta-ginkana. Parte-hartzea doakoa izango da eta ez da aurrez izen-ematerik beharko; 10:45etik aurrera irteera-gunean bertan eman ahal izango da izena. Parte hartzen duten haurrek opari-poltsa jasoko dute. Egitarauaren informazio guztia basotik.eus webgunean dago.
Zozketa berezia: bi ekitaldietan parte hartzen dutenen artean bi bizikleta zozkatuko dira: errepideko bizikleta bat Zikloturista Martxako parte-hartzaileen artean eta mendiko bizikleta bat Txirrindulari Txiki Festako parte-hartzaileen artean.
Goiza borobiltzeko, 13:00etatik aurrera parrillada herrikoia egingo da Alamedan, musika eta pintxoekin Eusko Label eta Baserria KM0ren eskutik. Kirola, ongizatea eta komunitatea partekatzeko festa izango da.
Giro herrikoia eta txirrindularien parte-hartzea
Txirrindularitza profesionaleko erreferenteek herritarrekin batera parte hartuko dute. Emakumezkoen artean, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko Usoa Ostolaza, Ane Santesteban, Naia Amondarain, Idoia Eraso eta Eneritz Vadillo izango dira. Gizonezkoen kasuan, Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek eta Euskadi Fundazioko 23 urtez azpiko taldekoek parte hartuko dute.
Egitaraua
Basotik Zikloturista Martxa
- 08:30 – Dortsalen banaketa.
- 09:00 – Irteera (89 km).
- 13:00 – 13:30 – Helmugara iristea eta finisher poltsaren banaketa (Debako kioskoan).
- 13:00 – 14:30 – Pintxoak (parrillan) parte-hartzaile guztientzat.
Txirrindulari Txiki Festa
- 10:45 – Dortsala eta oparia jasotzea.
- 11:30 – Familia-martxa ziklistaren irteera (4 km):
- 4 kilometroko ibilbide ziklista.
- Bizikleta-ginkana.
- 13:00 – 14:30 – Pintxoak (parrillan) parte-hartzaile guztientzat.
Gonbidapena
BSTK Basotik Fundazioak herritar guztiak Debara joateko gonbita luzatzen die urriaren 24an:
- II. Basotik Zikloturista Martxan parte hartu nahi dutenek basotik.eus webgunean aurkituko dituzte informazio guztia eta izen-ematea.
- Familiek eta haurrek Debako Alamedara hurbiltzea besterik ez dute izango, 10:45etik aurrera; ez da aurrez izena eman behar.
816