Egoitzen koordainketa eta garraio publikoko deskontuak, foru gobernuaren eta Elkarrekin Podemosen artean lortutako akordioetako bi
Egoitzen koordainketa eta garraio publikoko deskontuak, foru gobernuaren eta Elkarrekin Podemosen artean lortutako akordioetako bi
Egoitzen koordainketa eta garraio publikoko deskontuak, foru gobernuaren eta Elkarrekin Podemosen artean lortutako akordioetako bi
2025eko abenduan lortutako aurrekontu akordioak 19 milioi euroko inpaktua du guztira Gipuzkoako historiako aurrekontu handienetan, non erdia baino gehiago gastu sozialera bideratzen den

Gaur goizean, uztailak 23, prentsaurrekoa eman dute Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiorde eta Jasangarritasuneko diputatuak eta Miren Echeveste Elkarrekin Podemos taldeko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak. Gaurko aurkezpenaren helburua Gipuzkoako politika publikoetan garatutako alorretako bi azaltzea izan da, foru gobernuak eta koalizio moreak joan den abenduan lortutako aurrekontu akordioaren testuinguruan. Zehazki, egoitzetan bizi diren eta Gipuzkoako eguneko zentroetara joaten diren pertsonek egiten duten koordainketaren barruan, erabilera libreko zenbatekoa handituko da, baliabide gutxien duten pertsonen mesedetan, eta ondarean salbuetsi egingo da 7.200 eurora arteko erreferentziako zenbatekoa; eta, bestalde, Mugi sistemaren progresibitatean sakonduko da, garraio publikoa gehien erabiltzen duten pertsonen onuran.
2025eko abenduan lortutako akordioa bost zutabetan oinarritu zen, eta 19 milioi euroko inpaktua du guztira, “herritar guztien eta gizarte kohesioaren mesedetan”, historiako aurrekontu “altuenen” barruan, non “erdia baino gehiago” gizarte politiketara bideratzen den, diputatu nagusiak azpimarratu duenez. Akordio horrek zaintzan eta eremu sozialean, mugikortasun iraunkorrean, ondare naturalaren babesean eta lurralde orekan are gehiago sakontzen duten neurriak jasotzen ditu.
Arlo horretan, diputatu nagusiak aurreratu du jarduketa integraleko plan bat lantzen ari direla seigarren belaunaldiko suteen tratamenduan sakontzeko, non Gobernantzako eta Lurralde Oreka Berdeko foru departamentuak parte hartzen ari diren. Lan hori, Mendozaren hitzetan, prebentzioa indartzean, alerta goiztiarreko sistemak hobetzean eta gero eta muturrekoagoak diren fenomeno horien aurrean baliabide operatiboak egokitzean oinarritzen da. Ildo horren helburua da “lurraldearen ondare naturala babestea eta egoera konplexuen aurrean erantzuteko gaitasuna indartzea”.
Bere hitzartzean, diputatu nagusiak eskerrak eman nahi izan dizkio Elkarrekin Podemosi eta, bereziki, Miren Echevesteri, akordioak lortzeko duen prestutasun eta jarrera onagatik. “Beste behin ere, agerian geratu da borondatea dagoenean beti dela posible elkar ulertzea”, azpimarratu du. “Esan genuen akordioen legealdia izango zela, eta hala ari da izaten. Horrek ahalbidetzen digu ongizatean eta Gipuzkoa osoaren mesedetan aurrera egiten jarraitzea”. Horren erakusgarri, Mendozak gaineratu duenez, gaur aurkeztu diren bi akordioak: lehenengoa, Gipuzkoako egoitzetan bizi diren eta baliabide gutxien dituzten pertsonei zuzenean mesede egiten diena; eta bigarrena, Mugi sistemaren progresibitatea handitzen duena, garraio publikoa gehien erabiltzen duten pertsonen mesedetan.
Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak desberdinen arteko akordioaren balioa nabarmendu du, bai fiskalitatean, bai 2026ko foru Aurrekontuetan, “Gipuzkoak aurrera egiteko behar dituen akordioen isla fidela baitira”.
Diputatu nagusiordeak adierazi duenez, “mugikortasuna eskubide bat da, eta administraziook pertsona guztiak baldintza berdinetan mugitu ahal izatea bermatzeko erantzukizuna dugu, haien errenta maila edo bizi diren lekua edozein dela ere. Akordio honekin beste urrats bat ematen dugu garraio publiko irisgarriago, progresiboago eta jasangarriago baterantz”.
Asensiok azpimarratu duenez, “neurri horiek erakusten dute posible dela aldi berean justizia sozialean eta ekintza klimatikoan aurrera egitea. Garraio publikoaren erabilera bultzatzen dugu, familiei laguntzen diegu eta urrats berriak ematen ditugu Gipuzkoako emisio sektore nagusiaren emisioak murrizteko”.
Miren Echevestek nabarmendu du Aldundiaren zaintza sistemaren koordainketa berrikustea, erabiltzaileentzako erabilera libreko diru kopurua handitzeko, eta MUGI sisteman laugarren tarte bat sortzea sistemaren progresibitatea handitzeko, posible direla Elkarrekin Podemosen bultzadari esker, bi gai horiek aurrekontuen negoziaziora eraman baitzituen, duten garrantzi sozialagatik, gehiengo sozialei mesede egiteko, batez ere hilaren amaierara iristeko arazo gehien dituzten pertsonen mesdetan. Koordainketaren berrikuspenak -nabarmendu du Echevestek- aukera emango du Aldundiak finantzatutako egoitza eta eguneko zentroetako erabiltzaileei erosteko ahalmen duina ziurtatzeko, eta MUGIren lau tarte berriak ezartzeak, berriz, eguneroko bizitzan garraio publikoa erabiltzen dutenei mesede egingo die, egungo abonuan beherapena eginez.
“Gaur hemen bagaude, hilabete hauetan egindako lanari esker aurrekontu akordioa herritarrentzat modurik onenean gauzatu ahal izan delako da. Gure lana ez zen amaitu 2026ko Kontuetarako ituna sinatzean, baizik eta modu aktiboan jarraitzen dugu adostutako neurriak ahalik eta ondoen gauzatu daitezen. Elkarrekin Podemosek erakutsi du gobernantza kolaboratiboa posible dela oposizioaren lanaren erantzukizunetik. Eta hala egiten jarraituko dugu herritarren bizitza hobetzeko, dela zerga-akordio baten bidez, dela aurrekontu-akordio baten bidez”, azpimarratu du.
Halaber, aukera baliatu nahi izan du akordioaren beste mugarri bat ere nabarmentzeko: mendiak kudeatzeko eta baso-suteak prebenitzeko eta itzaltzeko plana. Adierazi duenez, “plana diseinatuta dago jada, eta oraintxe bertan sozializazio-fasean dago, bai Lurralde Oreka Berdeko Departamentuko mendietako eta flora eta faunako zerbitzuekin, bai Gobernantza Saileko suteak itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuarekin. Plan horri esker, suhiltzaileen eta baso-eragileen zerbitzuen arteko lankidetza indartuko da, baterako prestakuntza eta jarduketa-planekin, baso-eragileentzako prestakuntza-planekin, baso-agenteen plantilla indartzearekin eta baso-suteak prebenitzeko eta itzaltzeko ekipoak hobetzearekin ”.
Egoitzetako koordainketaren berrikuspena
Egoitzen eta eguneko zentroen koordainketaren esparruan, gizarte baliabideetako erabiltzaile guztiek duten erabilera libreko kopurua handitzen duen neurriari dagokionez, Elkarrekin Podemosekin lortutako akordioak zenbateko horren %63ko igoera aurreikusten du, hau da, egungo 203 eurotik 330 eurora iritsiko da adinekoen egoitzen kasuan, eta 518 eurotik 600 eurora adinekoen eguneko zentroetara joaten diren pertsonen kasuan.
Kopuru hori Gipuzkoako egoitzetan bizi diren edo eguneko zentroetara joaten diren pertsonek duten erabilera libreko gutxieneko zenbatekoa da, mendekotasuna, desgaitasuna, profil soziosanitarioa edo gaixotasun mentala duten pertsonak izan. Adibidez, foru sareko adinekoen egoitzetan koordainketa bat egiten da, eta, beraz, batez beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak %58an finantzatzen du kostua, eta erabiltzaileek %42an, eta hileko batez besteko ekarpena 1.470 eurokoa da. Maximoa 2.400 eurokoa UPSI profiletarako eta II eta III graduko mendekotasuna duten pertsonen zaintzarako, eta baliabiderik ez duten pertsonen kasuan gutxieneko ekarpena 0 eurokoa da.
Lortutako akordioarekin, erabiltzaile guztiei erabilera libreko kopurua handituko zaie, eta neurri horren helburua da eguneroko erabilera pertsonalerako kopuru hori handitzea, batez ere baliabide gutxien dituzten pertsonen mesedetan. Gaur egun, Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentua foru dekretua amaitzen ari da, eta izapide guztiak bukatu ondoren, 2027ko urtarrilean indarrean sartuko dela aurreikusten da.
|
Zerbitzu mota |
Erabilera libreko hileko zenbatekoa (2025) |
Erabilera libreko hileko zenbatekoa (2026) |
% igoera |
|
Adinekoen egoitzak |
203 euro |
330 euro |
%63 |
|
Adinekoen eguneko zentroak |
518 euro |
600 euro |
%16 |
|
Desgaitasuna duten pertsonen egoitzak |
308 euro |
450 euro |
%46 |
|
Desgaitasuna duten pertsonen eguneko zentroak |
518 euro |
700 euro |
%35 |
|
Gaixotasun mentala duten pertsonentzako egoitzak |
350 euro |
450 euro |
%29 |
|
Errehabilitazio psikosozialeko zentroak |
518 euro |
700 euro |
%35 |
Erreferentziako zenbatekoa ere aplikatuko da ondarearen zenbaketan salbuesteko, 7.200 eurora arte.
Garraio publikoaren progresibitatea handitzea
Mugikortasun iraunkorraren arloan, foru Gobernuak eta Elkarrekin Podemosek lortutako aurrekontu akordioak 2,5 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, Gipuzkoan garraio publikoaren izaera soziala eta progresiboa indartzeko.
Adostutako neurrien artean, nabarmentzekoa da MUGI sistemaren tarifen laugarren tarte bat bultzatzea, garraio publikoa maizago erabiltzen duten pertsonek hobari handiagoak lehenago eskuratu ahal izan ditzaten. Proposamen hori Gipuzkoako Tarifak Integratzeko Batzordeari helaraziko zaio, eta organo horrek, ondoren, Gipuzkoako Lurralde Agintaritzaren Batzarrari helaraziko dio.
Akordioak 15 urtetik beherakoentzako doakotasun koiunturalari eustea eta 26 urtetik beherakoentzako % 50eko deskontuei eustea jasotzen du, horrela gazteek garraio publikorako duten sarbidea indartuz.
Jarduera horiek helburu bikoitza dute. Alde batetik, gehien behar dutenei garraio publikorako sarbidea erraztea, familien aurrezkia bultzatuz eta mugikortasuna pertsona guztien eskura dagoen eskubidea izaten jarraitzea bermatuz, haien errenta-maila edozein dela ere. Bestetik, txikitatik mugikortasun jasangarriko ohiturak finkatzea, haurrek eta gazteek garraio publikoa ohiko aukera gisa erabil dezaten sustatuz, haien autonomia eta segurtasuna ere sustatuz.
Era berean, neurri horiek lurraldearen ingurumen erronka nagusietako batean aurrera egiten laguntzen dute. Garraioa da Gipuzkoan berotegi efektuko gas emisio gehien sortzen dituen sektorea, emisio guztien % 50 ingururekin, eta, beraz, garraio publikoaren erabilera bultzatzea funtsezko tresna da emisioak murrizteko, airearen kalitatea hobetzeko eta mugikortasun eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko.
Neurri hori MUGI sistema osatzen duten operadoreen sare osoan sartuko da indarrean, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako batzarrak eta operadore bakoitzak onartu ondoren.
|
|
Egungo sistema |
|
Sistema berria |
||
|
|
Noizbehinkako bidaia Mugi gabe |
1,95 euro |
|
Noizbehinkako bidaia Mugi gabe |
2,25 euro |
|
1 tartea |
1-20 bidaia |
%70 deskontua |
1 tartea |
1-15 bidaia |
%71 deskontua |
|
2 tartea |
21-50 bidaia |
%75 deskontua |
2 tartea |
16-30 bidaia |
%78 deskontua |
|
3 tartea |
51 bidaia baino gehiago |
%94 deskontua |
3 tartea |
31-50 bidaia |
%95 deskontua |
|
|
|
|
4 tartea |
51 bidaia baino gehiago |
%96 deskontua |
940