Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Egonkortasunari eta konfiantzari eutsiz aurrera egiten jarraitzen du Gipuzkoak, baikor bere ongizatearekiko eta lurraldearen etorkizunarekiko

Egonkortasunari eta konfiantzari eutsiz aurrera egiten jarraitzen du Gipuzkoak, baikor bere ongizatearekiko eta lurraldearen etorkizunarekiko

Gipuzkoako Soziometro berriaren arabera, hamar gipuzkoarretik zortzik beren egoera ekonomikoa mantentzea edo hobetzea espero dute. Halaber, gobernu-koalizioak gehiengo osoa lortuko luke eta Eider Mendozak bere lidergoa eta ezagutza publikoa indartzen ditu

2026/07/14
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako herritarrek konfiantza erakusten jarraitzen dute beren egoera pertsonalean eta lurraldearen etorkizunean, Gipuzkoako azken Soziometroaren arabera. Egoera ekonomiko pertsonalak 10etik 6,69 puntuko batez besteko balorazioa lortu du. Gainera, inkestatutako pertsonen % 82,3k sei edo gehiagoko nota eman dio bere egoerari eta %80,5ek uste du datorren urtean bere egoera egonkor mantenduko dela edo hobera egingo duela. Inkesta berriak, horrela, ongizatearen eta bizi-kalitatearen inguruko pertzepzio positiboari eusten dion gizartea erakusten du. Pertzepzio baikor horrekin batera, inkestak baieztatzen du etxebizitzak eta gai ekonomikoek herritarren kezka-iturri nagusi izaten jarraitzen dutela, eta horiek direla, hain zuzen, datozen urteetarako lurraldearen erronka handienetako batzuk.

Adierazpenetan, Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, “Soziometroak ongizateari eta egoera pertsonalari buruzko pertzepzio positiboa mantentzen duen gizartea islatzen du, baina, aldi berean, Gipuzkoak datozen urteetan aurre egin beharko dien erronka kolektibo handiez guztiz jabetzen dena eta exijentea dena, gainera”. Honela, etxebizitza lurraldearen erronka nagusitzat jotzen du %65,8ak, baina “badago aldea arazoaren pertzepzioaren eta honek eguneroko bizitzan duen eragin zuzenaren artean; izan ere, arazoak pertsonalki eragiten diela dioten pertsonen ehunekoa %22,3koa da”. “Hala ere, errealitate hori nabarmen aldatzen da gazteen artean. 18 eta 29 urte bitarteko pertsonen artean, etxebizitzaren arazoaren eragin zuzena %40,4ra iristen da, eta horrek berresten du belaunaldi arteko erronka handienetako baten aurrean gaudela, baita gure gazteen emantzipaziorako eta bizi-proiektuetarako funtsezko auzi baten aurrean ere”, esan du Berasaluzek.

Ekainaren 25etik uztailaren 1era bitartean Gipuzkoan bizi diren 18 urtetik gorako 1.500 pertsonari telefono bidez egindako inkestak herritarrek hainbat gai sozial eta politikoren inguruan dituzten iritziak eta balorazioak jasotzen ditu.

Ekonomia eta bizi-maila

Egoera ekonomiko pertsonalari emandako 6,69ko puntuaketa azken urteetako serieko daturik altuena da, eta joera positiboa mantentzen dela erakusten du. Pertzepzio positibo hori bizi-mailaren bilakaeran ere islatzen da. Herritarren %51,3k uste du bere egoera egonkor mantendu dela azken bizpahiru urteetan, eta hobera egin duela uste dutenen ehunekoa %21,5era igo da, abenduko neurketan baino puntu bat gehiago. Aldi berean, egoerak okerrera egin duela uste duten pertsonen kopuruak murrizten jarraitzen du: 2023ko irailean erregistratutako %37,4tik gaur egungo %26,8ra igaro da, hau da, 10,6 puntu portzentualeko jaitsiera izan da hiru urte baino gutxiagoan. “Oro har, lurraldearen inguruko pertzepzio positiborako joerak bere horretan jarraitzen du eta, zenbait adierazletan, aurreko neurketekin alderatuta hobekuntza txikiak ere antzematen dira”, adierazi du Berasaluzek.

Ildo beretik, etorkizunarekiko konfiantzak ere maila onean jarraitzen du: %46,9k uste du lurraldearen egoera ekonomikoa egonkor mantenduko dela eta %16k hobera egingo duela, eta %26,8k, berriz, okertzea aurreikusten du.

Gizartearen kezka nagusiak

Gizarte-arloan, etxebizitza gipuzkoarren kezka-iturri nagusia da berriz, eta %65,8ra iritsi da, 2025eko abenduan erregistratutako %54,3aren eta 2025eko maiatzeko %50,2aren gainetik. Enplegua eta lan-egoera bigarren postuan daude, %22,2rekin; ondoren osasuna dator, %20,8rekin, eta herritarren segurtasuna laugarren tokian kokatzen da, %14,5ekin. Etxebizitza, enplegua eta osasuna dira, beraz, berriz ere lurraldeko herritarren kezka nagusien multzoa.

Ongizate emozionalaren mailak altuak izaten jarraitzen du, eta aurreko neurketekin alderatuta egonkor mantentzen dira orohar. Gipuzkoako herritarrek 7,41 punturekin baloratzen dute beren animo-egoera, eta oso modu positiboan baloratzen dute beren familia- eta gizarte-sarea, 8,02 puntura iristen baita. Hori da, hain zuzen, azterlaneko adierazlerik onena. “Soziometro honek azken neurketen arabera zerbait berrestekotan, Gipuzkoak egonkortasunetik aurrera egiten duela da, gizartearen eta lurraldearen erronka nagusiei arretaz eta erantzukizunez aurre eginez, baina bere ekonomian, ongizate-ereduan eta komunitate gisa dituen indarguneetan konfiantza mantenduz”, adierazi du foru bozeramaileak.

Arlo politikoa eta instituzionala

Azken Soziometroak politikarekiko konfiantzaren pixkanakako berreskurapena erakusten du. Horrela, politikan konfiantza dutela adierazten duten pertsonen ehunekoa %28,8koa da, 2023an erregistratutako %17,2aren aldean. Aurrerapena nabarmena bada ere, mesfidantzak nagusi izaten jarraitzen du, %67,1era iritsita.

Era berean, euskal erakundeen balorazio positiboa mantentzen da, eta erakundeekiko hurbiltasunaren ordenak herritarren pertzepzioa markatzen jarraitzen du. Udalak dira baloraziorik onena jasotzen duten erakundeak, 10etik 5,52 punturekin; ondoren datoz Gipuzkoako Foru Aldundia, 5,43 punturekin, eta Eusko Jaurlaritza, 5,29 punturekin. Espainiako Gobernuak izaten jarraitzen du baloraziorik baxuena duen erakundea, 3,81 punturekin. Berasaluzeren hitzetan, “gipuzkoarrek gertukoen dituzten erakundeak baloratzen dituztela adierazten dute. Hurbiltasuna, erantzuteko gaitasuna eta egunerokoan presentzia izatea funtsezko elementuak dira konfiantza berreskuratzeko”.

Lider politiko nagusien ezagutzari eta balorazioari dagokienez, Eider Mendoza diputatu nagusiak baloraziorik onena lortzen jarraitzen du, eta ezagutzan ere gora egin du. Horrela, foru arduraduna herritarren %51,9k ezagutzen du, eta kudeaketa eta jardunaren baloraziorik onena jasotzen du, 10etik 5,73 puntuko batez bestekoarekin. Imanol Pradales lehendakariak %87,8ko ezagutza-maila du, eta Espainiako presidente Pedro Sánchezek %98,6koa.

Hauteskunde-prospekzioari dagokionez, 2026ko uztaileko Soziometroak EH Bildu kokatzen du lehen indar gisa, botoen %39,9ko estimazioarekin eta 23 batzarkiderekin. EAJ-PNVk babesaren %32,9 eta 19 ordezkari lortuko lituzke; PSE-EEk, berriz, %14,1 eta 7 ordezkari. Elkarrekin Podemos-Sumar batuketak, %5,2ko babes estimatuarekin, batzarkide baten ordezkaritzari eutsiko lioke eta Alderdi Popularrak botoen %5 eta ordezkari bat ere bai.

Emaitza horien arabera, gobernu-koalizioak bere babesak mantenduko lituzke eta, lehen aldiz, gehiengo osoa lortuko luke Batzar Nagusietan, hirugarren indar politiko baten babesaren beharrik gabe.

  

796