Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Eider Mendozak “atsekabe sakona” adierazi du, Garaikoetxea lehendakariaren heriotza dela eta

Eider Mendozak “atsekabe sakona” adierazi du, Garaikoetxea lehendakariaren heriotza dela eta

“Gure herriaren autogobernuaren eta erakundetzearen alde egindako ekarpen bidegilea” aitortu du Gipuzkoako diputatu nagusiak. Garaikoetxeak Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen 2005ean, Pedro Luis Uriarte, Xabier Arzalluz eta Jaime Garcia Añoverosekin batera, Kontzertu Ekonomikoa negoziatu eta lortzeko garaian izandako lidergoagatik.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, Foru Aldundiaren izenean “atsekaberik sakonena” partekatu du gaur arratsaldean, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren heriotzaren berri izan ostean, eta bihotz-bihotzetik doluminak helarazi dizkie haren senitarteko, lagun eta gertukoei. “Gure herriaren autogobernuaren berreskuratzean eta erakundetzean hizki larriz idatzitako ekarpen bidegilea da Garaikoetxearena”, nabarmendu du. Mendozak azpimarratu duenez, “autogobernuak eta nazio aitortzaren aldarrikapenak” markatu zuen haren ibilbide politikoa eta instituzionala”, eta jardun hori “beti Giza Eskubideen eta balio demokratikoen aldeko jarrera irmoarekin” uztartu zituen.

Euskal arkitektura instituzionalaren eraikuntzan eta garapenean egindako ekarpen ezinbestekoari aitorpen gisa, Garaikoetxea lehendakariak Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen 2005ean, Pedro Luis Uriarte Santamaria, Xabier Arzalluz Antia eta Jaime García Añoverosekin –modu postumoan– batera. Hain zuzen ere, Kontzertu Ekonomikoa aldarrikatu, negoziatu eta lortzeko garaian, ordezkari horiek izandako lidergoagatik eskaini zien lurraldeko ohorezko oroigarri nagusia foru gobernuak.

Kontzertu Ekonomikoaren berrezartzeak “funtsezko esanahia eta garrantzia” izan zuen gure lurralderako, Gernikako Estatutuaren onarpenarekin batera “gaur egungo Gipuzkoa eta Euskadi ezin baita ulertu akordio historiko” horiek ekarritako onurarik gabe. Baina, aldi berean Mendozak gogorarazi duenez, Garaikoetxea lehendakariak utzitako “arrastoa erabakigarria” izan zen beste hainbat alorretan ere. Hala nola, hark gidatutako Eusko Jaurlaritzak abiarazi baitzituen “euskal autogobernuaren tresna nagusiak”, euskararen garapenean ezinbesteko oinarriak” zein herritarren ongizatearen “zutabe” diren erakunde nahiz ekimenak.

“Gure herriaren ordezkaritza gorena izan zuen heinean, testuinguru sozial, ekonomiko eta politiko oso konplexuan, elkarrizketaren eta adostasunen bidez, gure herriaren garapenean eta aitortzan mugarri izan zen haren jarduna eta herriarekiko konpromisoa”, goraipatu du Mendozak. Horregatik guztiagatik, diputatu nagusiak “bihotz-bihotzetik doluminak” adierazi dizkie Garaikoetxea lehendakariaren senide, gertuko eta lagunei, une gogor hauetan.

  

826