Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Eider Mendozak "erabateko babesa eta lankidetza" eskaini die Gipuzkoako enpresei, areagotzen ari den ezegonkortasun globalaren aurrean

Eider Mendozak "erabateko babesa eta lankidetza" eskaini die Gipuzkoako enpresei, areagotzen ari den ezegonkortasun globalaren aurrean

Gipuzkoako diputatu nagusia makina-erremintaren alorreko enpresa eta eragileekin elkartu da gaur Barakaldoko BECen, aste honetan egiten ari den Biurtekoan

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak "erabateko babesa eta lankidetza" agertu die makina-erremintaren sektoreari eta Gipuzkoako enpresa sare osoari, gero eta handiagoa den ezegonkortasunaren eta ziurgabetasun globalaren aurrean, Barakaldoko BECen egiten ari den BIEMHen barruan fabrikazio aurreratuaren alorreko enpresa eta eragileekin egindako bileren testuinguruan. Mendozak zoriondu egin ditu Biurtekoan parte hartu duten 100 enpresa gipuzkoar baino gehiago, azokan aurkeztu dituzten "punta-puntako aurrerapen teknologikoengatik", eta konpromisoa hartu du haien lana "irmotasunez" babesten jarraitzeko, bai egiten ari diren "apustu teknologikoetan", bai Ekialde Hurbileko gerraren gorakadak eragin dezakeen "edozein egoera edo ondoriotan".

Diputatu nagusiak jakinarazi duenez, Aldundiak "oso gertutik jarraitzen du, etengabeko komunikazioan" gainerako euskal erakundeekin, enpresekin eta eragile ekonomikoekin, Ekialde Hurbileko gerraren bilakaera. "Gainerako euskal erakundeekin batera, bakea, demokrazia, Giza Eskubideen errespetua eta nazioarteko legedia aldarrikatzen ditugu. Giza ondorio eta ondorio humanitario larriez gain, egoera horrek ezegonkortasun geopolitiko eta ekonomiko handiagoko testuinguru bat sortzen du, eta testuinguru horren aurrean lurraldeko sare ekonomikoarekin erabat konprometituta jarraitzen dugu, beharra ikusiko balitz ahalik eta arinen jardun ahal izateko, azken urteotan antzeko egoeretan egin dugun bezala", sakondu du.

Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko diputatuarekin eta AFMko presidente José Pérez Berdudekin batera egindako bisitan, Mendozak adierazi du "BIEMHen Gipuzkoako konpainiek duten presentzia zabalak eta puntako mailak" berretsi egiten dutela Gipuzkoak "mundu mailako erreferente" izaten jarraitzen duela sektore honetan. "Zailtasun guztiak gorabehera, gure enpresek aurrera egiten jarraitzen dute eraldaketa teknologikoan, produktuen eta zerbitzuen jasangarritasunaren aldeko apustuan. Gaur egungoa bezalako egoera geopolitiko nahasian, onena ematen jarraitzen dute hain zorrotzak diren merkatuetan berritzeko eta epe ertain-luzerako lehia-posizioari eusteko", adierazi du, eta, aldi berean, "apustu estrategiko berriei" laguntzeko prest agertu da makina-erremintak "modu bateratuan" aurrera egin dezan, "guztion artean gaur egungo eta etorkizuneko industria-jarduera, gaurko eta biharko enplegu onak, bermatzeko".

Aldundiko sustapen ekonomikoko eta proiektu estrategikoetako taldeak Gipuzkoako I+G+b arloko enpresa eta zentro multzo handi baten erakusketa espazioak bisitatu ditu, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu berrikuntzaren eta fabrikazio aurreratuaren arloko azken garapen teknologikoak, proiektu estrategikoak eta apustuak.

Era berean, aurreratu du laster emango duela argitara aurtengo laguntza plana, lurraldeko hornidura kate nagusietan sartuta dauden enpresen sare ekonomikoa eta lehiakortasuna indartzen jarraitzeko. Ildo horretan, 2025ean 31 milioi euro baino gehiago bideratu ziren laguntzetara, eta 1.862 enpresa eta profesional izan ziren onuradun; horietatik % 90 ETEak izan ziren.

  

1752