Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Feminismoa gutxietsi eta berdintasun-politikak irauli nahi dituen erasoaldiaz ohartarazi nahi du Aldundiak Martxoak 8an

Feminismoa gutxietsi eta berdintasun-politikak irauli nahi dituen erasoaldiaz ohartarazi nahi du Aldundiak Martxoak 8an

Gobernu Kontseiluak onartutako adierazpenak berretsi egiten du genero-arrakalei eta indarkeria matxistari aurre egiteko politika publiko feministekiko konpromisoa

2026/03/03
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gobernu Kontseiluak martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako adierazpen instituzionala onartu du. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egiten du emakumeen eta gizonen berdintasunarekin eta gizarte justu, demokratiko eta berdintasunezkoa eraikitzearekin duen konpromiso “irmo eta argia”. Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, “martxoaren 8ak bide horretan lortutako aurrerapenei buruz hausnartzeko aukera eskaintzen digu, baita oraindik ere berdintasunaren aldeko aurrerapena arriskuan jartzen duten oztopoetan arreta jartzeko aukera ere”. Horrela, nabarmendu du Gipuzkoa, “emakumeen eta gizonen berdintasunean sinesten duen gizartea dela orohar, eta aurrera egiten jarraitzearen alde egiten duela, berdintasuna lortzeko”. “Konpromiso hau adierazten da, hala erakundeek bultzatutako politika publikoetan, nola mugimendu feministaren eta elkartegintzaren etengabeko lanean, eta baita lurraldeko milaka emakume eta gizonen eguneroko inplikazioan ere”, gaineratu du.

Hala ere, bozeramaileak ohartarazi duenez, “emakumeek gure gizartean jasaten duten egiturazko desberdintasuna ukatzen duten, lortutako aurrerapenak zalantzan jartzen dituzten eta feminismoa gutxietsi nahi duten diskurtsoen gorakada ikusi dugu azkenaldian”. Gaineratu duenez, planteamendu horiek “errealitatea desitxuratzen dute, oraindik enpleguan, zaintzan, denboraren erabileran edo boterean dauden arrakalak ikusezin bihurtzen dituztelako; emakumeen aurkako indarkeria matxista ukatzen dute; eta proiektu pertsonalak eta emakumeen autonomia baldintzatzen dituzte”.

Ildo horretan, ohartarazi duenez, “emakumeen bizitza errealean eragina duen erasoaldi baten aurrean gaude, eta haren helburua da berdintasuna jada lortuta dagoela, feminismoa beharrezkoa ez dela edo are kaltegarria ere badela eta gizonak berdintasunerako politiken biktima direla sinestarazteak”. Azaldu duenez, erasoaldi horrek “emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako lege eta politika publikoak indargabetzeko baldintzak sortu nahi ditu, duela hamarkada batzuk gaindituak ziruditen argudio erreakzionarioak berreskuratuz”.

Horren aurrean, gaur onartutako adierazpenak berresten du berdintasuna “ez dela iritzi ala uste bat, baizik eta botere publikoek bermatu behar duten eskubide bat”, eta Aldundiak egiturazko desberdintasunei eta indarkeria matxista mota guztiei aurre egitera bideratutako politika publiko feministekin duen konpromisoa berritzen du, bai eta erantzukidetasuna, emakumeen autonomia eta berdintasun erreal eta eraginkor baterantz atzerapausorik gabe aurrera egiteko beharrezkoa den eraldaketa kulturala sustatzera bideratutakoa ere.

‘Gipuzkoa Taldean’

Era berean, Gipuzkoa Taldean programaren edizio berrirako deialdia ere egin da. Programa horren bidez, Aldundiak proiektu berritzaileak bultzatzen ditu, lurraldearen erronka nagusiei erantzuteko, eragile desberdinen arteko lankidetzarekin, esperimentazioarekin eta berrikuntzarekin. Berasaluzek azaldu duenez, “2016tik, ekimen horren bidez, Gipuzkoako eragile sozial eta ekonomikoek sustatutako proposamenak babesten dira, eta 2025ean 13 proiektu berritzaile izan dira onuradunak, hala nola ASPEGIren proiektua, eraldaketa soziala eta ekonomikoa bultzatzera bideratua, Gipuzkoan emakumeen lidergoa indartuz. Era berean, nabarmentzekoa da ISEAKek gidatutako proiektua, Goierriko eskualdeko garapen agentziarekin lankidetzan, talentuaren kudeaketa hobetzeko lurraldeko lanpostu hutsak eta lan beharrak aztertzera bideratuta ”.

2026ko deialdia bi kategoriatan egituratzen da. Alde batetik, eragile ekonomiko eta sozialek bultzatutako proiektu esperimentalak. Bestetik, esplorazio proiektuak, lurraldearen erronka nagusiak ikuspegi berritzaile batetik sakontzeko eta aztertzeko. Gobernu Kontseiluak 540.000 euroko gastua baimendu du 2026 eta 2027 urteetarako. Zenbateko horretatik, 420.000 euro proiektu esperimentaletarako erabiliko dira (168.000 euro 2026an eta 252.000 euro 2027an), eta 120.000 euro esplorazio proiektuetarako (48.000 euro 2026an eta 72.000 euro 2027an).

Talentua eta mugikortasun berriari bultzada

Gaur Talentua Ernatu programaren deialdi berri bat eta Smart Mobility Industry programaren edizio berri bat onartu dira 2026rako, hain zuzen, "Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako departamentuak Gipuzkoako enpresa sarearen lehiakortasuna indartzeko bi tresna osagarri, talentua erakartzetik eta mugikortasunari aplikatutako berrikuntzatik abiatuta".

Talentua Ernatu-ren kasuan, programak talentua erakartzeko eta kudeatzeko ikuspegi berritzaileak bultzatu nahi ditu, enpresen negozio estrategiarekin lerrokatuta, Gipuzkoa talentuarentzat lurralde erakargarri gisa sendotuz, hura garatzeko, proiektatzeko eta atxikitzeko gaitasunarekin. Era berean, sortzen ari diren teknologien eta talentuaren eremuari aplikatutako soluzio digitalen integrazioa sustatzen du, esku hartzeen pertsonalizazioa, eraginkortasuna eta inpaktua hobetuz, eta balio metodologia eta proposamen bereizi berriak sortuz.

Deialdia bi lerrotan egituratzen da. Lehenengoa, 450.000 eurokoa, talentuarentzat erakargarriak diren enpresak garatzen eta ikusarazten laguntzera bideratuta dago, pertsonek lurraldeko enpresak hazkunde profesional, sozial eta pertsonalerako gune gisa har ditzaten. Bigarren lerroak 200.000 euroko zuzkidura izango du, eta talentuaren kudeaketari aplikatutako soluzio berritzaileen garapena sustatuko du, bereziki oinarri teknologikokoak, etorkizuneko produktu, zerbitzu edo prozesu eraldatzaileen oinarriak ezarriz. "Iazko edizioan, Talentua Ernatu programak 24 enpresa onuradun izan zituen, eta tresna eraginkor gisa finkatu zen enpresa eredu lehiakorrago eta erakargarriago baterantz aurrera egiteko", gaineratu du Berasaluzek.

Bestalde, Smart Mobility Industry programa mugikortasun berriari lotutako enpresa sarearen eraldaketa bizkortzera bideratuta dago, lurraldearentzako esparru estrategikoa baita. 2026rako deialdiak 1,2 milioi euroko zuzkidura du guztira, eta bi ildo bereizitan egituratzen da, proiektuen heldutasun teknologikoaren mailaren arabera.

Proiektu pilotuen lerroa 600.000 eurokoa da, eta ingurune errealetan soluzioak inplementatzea eta baliozkotzea bilatzen duten heldutasun teknologiko handiko ekimenetara bideratuta dago. Proiektu horien bidez, Gipuzkoa benetako Living Lab gisa finkatzen ari da, non teknologia aurreratuak baldintza errealetan esperimentatu eta kontrastatu daitezkeen, haien eragina eta bideragarritasun teknikoa eta negoziokoa baliozkotuz.

Berrikuntza Teknologikoaren lerroak ere 600.000 euroko zuzkidura du, eta tarteko heldutasun maila duten proiektuetara bideratzen da, garapen esperimentala, prototipoen sorkuntza, baliozkotze teknikoa eta oraindik ingurune errealetan hedatzeko prestatuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuen funtsezko hobekuntza bultzatuz. Horren bidez, enpresa-sarearen berrikuntza-gaitasunak indartzen dira, eta azken balidazio-faseetara eta ondorengo ezarpenera aurrera egitea errazten da.

Aurreko deialdian, Smart Mobility Industry programak 34 enpresari lagundu zien, Gipuzkoako enpresa ekosistemak mugikortasun aurreratuaren esparruan duen interesa eta dinamismoa berretsiz.

Hobekuntza lanak eta zarataren aurkako pantailak Oiartzunen (AP-8/GI-20)

Halaber, AP-8 eta GI-20 errepideen arteko bidebanatzearen segurtasuna hobetuko duten lanak iragarri ditu Berasaluzek, Oiartzun eta Errenteria artean, Bilborako noranzkoan, eta pantaila akustikoen zati berri bat jarriko dute. Azaldu duenez, "esku-hartze berri horri esker, gidariek hobeto eta lehenago hautemango dute ibilbidea, segurtasun handiagoz zirkulatzeko".

Horrela, Bidegik egungo plataforma egokitzeko eta zabaltzeko obrak esleitu ditu. Jarduketak 17 hilabeteko iraupena izango du eta 8,1 milioi euroko inbertsioa (gehi BEZ) izango du. Gainera, autobidearen enborrean dauden egiturak handitzea eta pantaila akustiko gehiago jartzea aurreikusten da. Azken horiek bidearen eskuineko ertzean jarriko dira, Bilborako noranzkoan, eta hiriko aurregunea eta inguruan dauden elementuak babestuko dira, eta, era berean, egun dauden pantailei jarraipena emango zaie.

AP-8 autobidearen Orioko erdi-lotunea osatzeko azterlana

Foru bozeramaileak iragarri du, halaber, Aldundia aztertzen ari dela AP-8 autobideak Orion duen lotune erdia lotune oso bihurtzeko aukera. Horretarako, Bidegi foru sozietateak lizitaziora atera du balizko eraldaketa hori aztertzea helburu duen informazio-azterlana, Behobiarako noranzkoan irteera bat eta Bilborako noranzkoan autobiderako sarrera bat eraikitzea eskatuko lukeena. Gaur egun, lotune erdiak Bilborako noranzkoan doazen ibilgailuei soilik uzten die Oriora irteten, eta autobidera sartzen Behobiarako noranzkoan bakarrik.

Azterlan hau idazteko zerbitzuak emateko lizitazioak 134.470 euroko aurrekontua du, eta esleipendun suertatzen den enpresak hamar hilabeteko epea izango du eraldaketa horren beharra islatzen duten lanak egiteko, baita eraldaketa hori gauzatzea ahalbidetzen duten alternatibak identifikatzeko eta aldez aurretik definitzeko ere.

Gipuzkoako hondartzetako zaintza, salbamendu eta laguntza zerbitzua

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio 25.000 biztanle baino gutxiago dituzten Gipuzkoako udalerrietako hondartzetan zaintza, salbamendu eta laguntza zerbitzuaren uda honetarako kontratazioa zentralizatzea ahalbidetuko duen esparru-akordioari. Kostaldeko udalerriei laguntza, funtsezko zerbitzu baten kudeaketa erraztea da helburua, eta Gipuzkoako Hondartzen Lurralde Mahaiaren barruan kostaldeko udalerriekin hartutako konpromisoaren barruan kokatzen da, hondartzen kudeaketa koordinatuago eta eraginkorrago baterantz aurrera egiteko.

Esparru-akordio berriari esker, Foru Kontratazioko Zentralak laguntza eman ahal izango die udalei zerbitzu baten lizitazioan. Zerbitzu horrek, udalerriek beraiek adierazi duten bezala, gero eta zailtasun tekniko eta administratibo handiagoak ditu. "Hondarribia, Orio, Zarautz, , Zumaia, Deba eta Mutriku kontratazio zentralizatuaren prozedurara atxiki dira", bozeramaileak zehaztu duenez.

Esparru-akordioak, hasiera batean, udako bi denboraldi iraungo du, eta gehienez beste bi denboraldi luzatzeko aukera egongo da, baina guztizko iraupena ezin izango da lau denboralditik gorakoa izan. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 4.162.779,85 eurokoa da, gehi BEZa, eta kontratua 9.158.115,67 euroan balioetsi da, BEZik gabe.

  

1554