Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak ‘Gipuzkoa mugituz’ ekimena abiarazi du, jarduera fisikoaren bidez zahartze osasuntsua sustatzeko zazpi asteko liga birtuala

Foru Aldundiak ‘Gipuzkoa mugituz’ ekimena abiarazi du, jarduera fisikoaren bidez zahartze osasuntsua sustatzeko zazpi asteko liga birtuala

Ekimena urriaren 26tik abenduaren 15era bitartean egingo da, eta helburu du Gipuzkoako udalerri guztietara iristea, eta gutxienez 3.000 pertsonaren parte-hartzea lortzea. Erronka 55 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago bereziki, eta ohitura osasungarriak sustatzea, ahultasuna prebenitzea eta autonomia pertsonala bultzatzea du xede. Wellk aplikazioaren bidez, herritarrek kilometroak eta puntuak pilatu ahal izango dituzte beren udalerriarentzat, eguneroko jardueren bidez, hala nola oinez ibiltzea, korrika egitea edo bizikletan ibiltzea. Beste lurralde batzuetan egindako esperientzietan, izena eman zuten pertsonen %36k ez zuen kirola egiteko ohiturarik. Bildutako datuei esker, parte-hartzaileen jarduera fisikoaren ohiturak hobeto ezagutu ahal izango dira, informazioa hainbat aldagairen arabera banakatuta.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberri Fundazioaren bidez, ‘Gipuzkoa mugituz’ ekimena jarri du abian, herritarrak gehiago mugitzera animatzeko, osasuna zaintzeko eta zahartze osasuntsua sustatzeko. Urriaren 26tik abenduaren 15era bitartean, lurraldeko udalerriek liga birtual batean parte hartuko dute. Bertan, puntuak lortzeko aukera izango dute oinez ibili eta gero, bizikletaz aritu ondoren edo edozein jarduera fisiko ezberdin egindakoan.  Helburua berdina da kasu guztietan: Gipuzkoa aktiboagoa eta osasungarriagoa eraikitzea.

Ekimenak NextGenerationEU Europako funtsen laguntza du, eta Gipuzkoako udalerri guztietara iristea eta gutxienez 3.000 pertsonaren parte-hartzea lortzea du helburu. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak aurkeztu du ekimena, Aritz Guinea Wellkeko arduradunarekin eta Pili Madinabeitia eta Gema Erro emakume aktiboekin batera; eguneroko bizitzan mugimendua txertatzearen garrantzia helarazi diete herritarrei biek.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak azpimarratu duenez, bizitza aktiboa sustatzea funtsezkoa da gehiago eta hobeto bizitzeko, eta azpimarratu du pertsonen ongizate integrala Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu nagusietako bat dela. Ildo horretan, ‘Gipuzkoa mugituz’ kirol-erronka aurkeztu du. Adinberriren bidez sustatutako eta Wellkekin elkarlanean garatutako ekimenak jarduera fisikoa bultzatzea du helburu, bereziki 55 urtetik gorakoen artean, udalerrien arteko lehiaketa baten bidez.

Mendozak adierazi duenez, erronka hau longebitatearen testuinguruan kokatzen da, Gipuzkoak errealitate honen bueltan egiten duen apustuetako bat izanik. Horretarako, lurraldearen indarguneak baliatu nahi dira, herritarrek bizitza osasungarriagoa eta aktiboagoa izan dezaten.

Jarduera fisikoa erregulartasunez egitea

Jarduera fisikoa erregulartasunez egitea funtsezkoa da zahartze osasuntsua sustatzeko. Muskulu-indarra, mugikortasuna eta gaitasun funtzionala mantentzen laguntzen du, ahultasuna eta autonomia-galera prebenitzen ditu, eta ongizatea hobetzen du. Gainera, elkarrekin denbora pasatzeko, harreman sozialak sendotzeko eta komunitatean modu aktiboan parte hartzeko aukerak eskaintzen ditu.

Horregatik, ‘Gipuzkoa mugituz’ ekimena bereziki 55 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago. Dagoeneko bizimodu aktiboa dutenei horri eusteko bultzada ematea da helburua, baita egunerokoan behar beste mugitzen ez direnei lehen urratsa ematera animatzea ere.

Ekimen hau martxan jarri den beste lurralde batzuetako esperientziek erakutsi dute kirola ohikotasunez egiten ez duten pertsonengana ere iristeko gaitasuna duela: esperientzia horietan izena eman zuten pertsonen %36k ez zuen kirolik egiten.

Ekimena idea sinple batekin abiatzen da: aktibo egoteko ez da zertan lehiaketaren batean parte hartu behar, ezta ahalegin handirik egin ere. Eguneroko erosketak egitera oinez joatea, paseatzera ateratzea edo egunerokoan ibilbide txikiak egitea ere jarduera fisikoa da. Pertsona bakoitzak bere aukeren arabera eta bere erritmoan har dezake parte. Helburua ez da norbanakoen arteko lehia sustatzea edo kirol-marka handiak lortzea, baizik eta guztion ahaleginak batzea, mugimenduak eguneroko bizitzan gero eta leku handiagoa izan dezan eta ohitura iraunkor bihur dadin.

Udalerri bat, talde bat

Wellk aplikazioaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak zein udalerri ordezkatu nahi duen aukeratu ahal izango du, eta bere jarduera fisikoaren bidez udalerri horren sailkapeneko emaitzak hobetzen lagundu. Ez da beharrezkoa izango aukeratutako udalerrian erroldatuta egotea: edonork eman ahal izango du izena lotura berezia sentitzen duen udalerriaren taldean, eta kilometroak erregistratu ahal izango ditu edozein lekutatik, udalerriaren barruan zein kanpoan.

Erronkak irauten duen bitartean pilatutako kilometro aktiboak puntu bihurtuko dira udalerri bakoitzarentzat. Lehia ahalik eta orekatuena izan dadin, bi koefiziente hartuko dira kontuan sailkapena osatzeko. Batetik, jarduera fisiko motaren araberako ponderazioa aplikatuko da, egindako ahalegina puntuazioan islatu dadin: oinez edo igerian egindako kilometro batek bizikletaz egindako batek baino balio handiagoa izango du. Bestetik, udalerri bakoitzeko biztanle kopuruaren araberako koefizientea ere aplikatuko da, udalerri txikiek handiekin lehia-baldintza orekatuagoetan aritzeko aukera izan dezaten.

Horrela, udalerri bakoitzak lortutako parte-hartzea eta inplikazioa aitortu nahi dira, biztanle kopurua edozein dela ere, Gipuzkoako edozein udalerrik liga irabazteko aukera izan dezan.

Oinez ibiltzea, korrika egitea, bizikletan ibiltzea, igeri egitea eta GPS bidez neurtu daitezkeen lekualdaketak dakartzaten beste jarduera batzuk erregistratu ahal izango dira. Horrez gain, parte-hartzea eta egindako ahalegina aitortzeko pizgarriak ere izango dira. Besteak beste, parte-hartzaileen artean zozketa bat egingo da, argitaratuko diren oinarrien arabera, eta 55 urtetik gorako herritarren parte-hartze handiena lortzen duen udalerriak berariazko aitortza jasoko du.

Aplikazioa

Parte hartzeko, Wellk aplikazioa erabili beharko da, iOS eta Android gailuetan eskuragarri dagoena. Erronkan parte hartu nahi dutenek lau urrats hauek egin beharko dituzte:

  1. Wellk aplikazioa gailuaren aplikazio-dendatik deskargatu.
  2. Erregistratu eta erabiltzaile-profila sortu.
  3. Norberaren udalerriaren taldean sartu. Horretarako, aplikazioaren hasierako pantailan ‘Gipuzkoa Mugituz 2026’ txartela bilatu, «Bat egin» sakatu eta ordezkatu nahi den udalerria aukeratu behar da.
  4. Jarduera fisikoa aplikazioaren GPSaren bidez erregistratu edo Wellk aplikazioa gailu eta zerbitzu bateragarriekin sinkronizatu. Besteak beste, Garmin, Polar, Strava, Fitbit, Apple Health eta Health Connect zerbitzuekin bateragarria da.

Erregistroa osatu ondoren, parte-hartzaileek kilometroak pilatu ahal izango dituzte erronkak irauten dituen zazpi asteetan. Parte-hartzea errazteko, informazio-materialak eta aplikazioa erabiltzeko jarraibideak jasotzen dituen tutorial bat jarriko dira herritarren eskura. Zalantza teknikoak argitzeko, wellk@wellk.eus helbidera idatzi edo www.wellk.eus webgunea kontsultatu ahal izango da.

Jarduera fisikoaren ohiturak hobeto ezagutzeko tresna

Erronkak parte-hartzaileen jarduera fisikoaren ohiturei buruzko informazioa biltzeko aukera ere emango du, hala nola jarduera-mailari, ordutegi-lehentasunei eta norberaren helburuei buruzkoa. Erregistratutako datu objektiboei esker, udalerri bakoitzeko parte-hartzea, adinaren eta sexuaren araberako ohiturak, jarduera gehien egiten den egunak eta orduak, eta gehien praktikatzen diren kirolak ezagutu ahal izango dira.

Era berean, bero-mapak osatu ahal izango dira, anonimotasuna bermatuta, lurraldean herritarrak nola mugitzen diren erakusteko: nondik korrika edo paseoan ibiltzen diren, zein gunetan biltzen den jarduera gehien ordutegi jakin batzuetan eta zer eremutan dagoen mugimendu gutxien. Informazio horrek Gipuzkoako jarduera fisikoaren ohiturak hobeto ezagutzeko eta etorkizunean prebentzioaren eta osasunaren sustapenaren arloko ekintzak bideratzeko balioko du, betiere parte-hartzaileen anonimotasuna bermatuz.

Prebentzioaren eta ongizatearen aldeko apustua

‘Gipuzkoa mugituz’ Adinberriren bidez Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako PIE proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu horren helburua da longebitatearen arloan esku-hartze goiztiarrerako eredu bat sortzea.

Proiektuaren baitan, 12 esku-hartze programa jarri dira martxan, 1.000 gailu baino gehiagoren bidez. Irtenbide horiek 24 hilabetez ezarriko dira, eta 5.000 pertsonarengana iritsiko dira.

‘Gipuzkoa mugituz’ ekimen aitzindari horietako bat da. Wellk aplikazioaren bidezko kirol-erronka baliatzen du jarduera fisikoa sustatzeko eta zahartze osasungarria bultzatzeko.

  

2215