Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak Gipuzkoako bederatzigarren suhiltzaile-etxeak tramitazioan aurrera egin du

Foru Aldundiak Gipuzkoako bederatzigarren suhiltzaile-etxeak tramitazioan aurrera egin du

Gobernantza departamenduak urte amaierarako proiektuaren idazketa eta obra zuzendaritza lizitatzea aurreikusten du, 889.010 euroko oinarrizko aurrekontuarekin.

2026/09/22
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrerapausoa egin du lurraldeko suhiltzaile-etxe berriaren tramitazioan, Aritzetan (Usurbil) kokatuko dena, proiektua idazteko eta obra zuzentzeko lizitazioarekin. Aurretik, Usurbilgo Udalak onarpen definitiboa eman dio Gipuzkoako bederatzigarren suhiltzaile parkearen Plan Bereziari, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordera (EAELAB) bidali du plana. Horri esker, Aldundiak eraikuntza-proiektuaren izapideei helduko die. Hurrengo urratsa proiektuaren idazketaren eta obra zuzendaritzaren lizitazioa izango da, 889.010 euroko oinarrizko aurrekontuarekin. Hala, Gobernantza diputatua eta foru bozeramailea den Irune Berasaluzek iragarri duenez, “Aldundiaren aurreikuspena da proiektua eta obra zuzendaritza urte honen amaieran lizitaziora atera ahal izatea, eta parke berriaren eraikuntza 2027aren amaieran edo 2028aren hasieran egin ahal izatea”.

Bederatzigarren parkearen eraikuntza Gipuzkoako Suhiltzaileen Foru Zerbitzua modernizatzeko eta garatzeko estrategiaren barruan kokatzen da, Gipuzkoa Babestu 20_30 planaren eguneraketan jasoa, zeinak planteatzen baituen azpiegituren sarea eta zerbitzuaren gaitasun operatiboa egokitzea larrialdiei hobeto erantzuteko eta denborak murrizteko.

Eskalantegi zentrora lekualdatzea Errenteriako Tulle zentrotik

Gaurko Gobernu Kontseiluan hartutako erabakiekin jarraituz, Irune Berasaluzek Tulle eguneko zentroko erabiltzaileak Eskalantegi zentro berrira lekualdatuko direla jakinarazi du. Donostiako Altza auzoan kokatuta dagoen Eskalantegi eguneko zentroak autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) duten helduei zuzendutako arreta espezializatua, indibidualizatua eta integrala eskainiko ditu, mendekotasun- eta desgaitasun-egoeran dauden pertsonen beharrei erantzuteko. Zerbitzua gaur egun Errenteriako Tulle zentroan eskaintzen da, eta Eskalantegiko instalazio berrietara lekualdatuko da, handiagoa dena eta hiru plaza gehiago eskaintzea posible egingo duena. Arreta-eredu pertsonalizatuari eusteko, Tulle zentroan zerbitzua ematen duten profesionalek ere Eskalantegira egingo dute lan-aldaketa, erabiltzaileen beharrei jarraikortasunez eta berme osoz erantzuteko. Guztira 15 erabiltzailerentzako lekua du zentro berriak, Tulleko egoitzan baina hiru leku gehiago.

Halako beste bost eguneko zentro daude foru sarean, sei guztira, eta guztira 158 plaza eskaintzen dira autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonei zuzenduta. Gobernu Kontseiluan onartutako erabakiak zehazten duen moduan, zerbitzuaren kontratua hiru urtekoa izango da, eta beste bi urtez luzatzeko aukera izango duelarik.

Hasierako aurrekontua 1,2 milioi eurokoa da, eta luzapenak barne hartuta, kontratuaren gehieneko zenbatekoa 2,1 milioi eurora iritsi ahal izango da.

Politika Orokorreko eztabaida

Bestalde, foru bozeramaileak gogoratu du ostegunean, irailak 24, izango dela Politika Orokorreko eztabaida Gipuzkoako Batzar Nagusietan, legealdiko azkena izango dena, eta bertan, diputatu nagusiak foru gobernuaren jarduna errepasatu, erronka nagusiak plazaratu eta “elkarrekin eraikitzen” jarraitzeko deia luzatuko duela adierazi du Berasaluzek.

Hala, Gipuzkoako lurraldearen diagnositik abiatu eta lurraldeak dituen sei erronka nagusien inguruko xehetasunak emango ditu, “begirada zabal batetik, azken hamar urteetara atzera egin eta etorkizunerako oinarriak finkatuz”. Zainketen, ongizateraen eta ekonomiaren alorrek hartuko dute esangura nabarmenena, baina etxebizitzaren auzia, Gipuzkoa berdea eta urbanoaren arteko oreka, migrazioa eta balio demokratikoetan aurrera egitean azpimarra ere jarriz.

“Akordioen legealdia izan da hau, desberdinen artean adostasun zabalak lortu ditugu, hala, gure lurraldearentzat funtsezkoak diren proiektuak garatu ahal izatea bermatuz”, laburbildu du Berasaluzek. “Diagnostikoa ona da, datuak oso onak dira, baina gobernu hau ez da konformatzen; lan asko dago egiteko, baina oinarri sendoak ondo finkatuta daude datozen urteetan ere punta-puntan jarraitzeko”. Testuinguru politiko eta sozial gero eta ziurgabeago honetan, gainera, balio demokratikoak sendotzea eta demokrazian sakontzea ezinbestekotzat jotzen du Foru Gobernuak Berasaluzeren hitzetan, “elkarlana eta epe luzeko ikuspegia Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeko oinarri gisa”.

  

1223