Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak nabarmendu du Ingeteam enpresak berrikuntzaren eta dibertsifikazioaren alde egindako apustua gakoa dela industria-lehiakortasuna indartzeko

Foru Aldundiak nabarmendu du Ingeteam enpresak berrikuntzaren eta dibertsifikazioaren alde egindako apustua gakoa dela industria-lehiakortasuna indartzeko

Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak konpainiak Beasainen dituen instalazioak bisitatu dituzte, Madrilen egindako WindEurope azokan izandako topaketari jarraipena emateko. Ingeteam nazioarteko erreferentea da trantsizio energetikorako teknologietan, bere fakturazioaren % 5 baino gehiago I+Gra bideratzen du, eta sektore estrategiko askotarako irtenbideak garatzen ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Unai Andueza Sustapen Ekonomikoko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak Ingeteamek Beasainen dituen instalazioak bisitatu dituzte gaur. Bertan, konpainiako Garapen Korporatiboko eta Harreman Instituzionaletako zuzendari Alex Belausteguirekin eta Ingeteameko Eragiketen zuzendari eta Beasaingo lantegiko zuzendari Peio Pagolarekin bildu dira. Bisitak jarraipena ematen dio Madrilen WindEurope azokan egindako bilerari eta Aldundiak lurraldeko enpresa estrategikoekin beren proiektuak ezagutzeko eta industriaren erronka nagusiak partekatzeko egiten dituen topaketen agendan kokatzen da.

Topaketan zehar, foru-ordezkariek nabarmendu dute Ingeteam lurraldeko erreferentziazko industria-enpresetako bat dela, ikerketaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duelako, eta 85 urte baino gehiagoko historia duela. Konpainiak fakturazioaren % 5 baino gehiago bideratzen du I+G jardueretara, eta plantillaren % 11 inguru zeregin horietan aritzen da, nazioarteko merkatuetan lehiatzeko aukera ematen dion teknologiaren garapena bultzatuz.

Era berean, azpimarratu dute ezagutza hori balio erantsi handiko soluzio teknologikoetara eramateko gaitasuna izan duela, energia berriztagarriak, energia-biltegiratzea, sare elektrikoak, mugikortasun elektrikoa, hidrogeno berdea, industria, trenbideko garraioa, ontzigintza, meatzaritza edo uraren kudeaketa bezalako sektoreetan. Dibertsifikazio horri esker, sendotasun handiagoz egokitzen da merkatuen bilakaerara, eta trantsizio energetikotik eta ekonomiaren elektrifikaziotik eratorritako aukerak aprobetxatzen ditu.

Bisitan Eider Mendozak azpimarratu duenez, "Gipuzkoan bultzatzen jarraitu nahi dugun industria-ereduaren adibide argia da Ingeteam. Ikerketaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren aldeko apustu jarraituak erakusten du posible dela ezagutza sortzea, teknologia propioa garatzea eta nazioarteko merkatuetan arrakastaz lehiatzea gure lurraldetik".

Diputatu nagusiak gaineratu duenez, “munduko ekonomiak gaur egun bizi duen ziurgabetasunaren ondorioz, are baliotsuagoa da produktuak, merkatuak eta gaitasun teknologikoak dibertsifikatzeko gai diren enpresak izatea. Egokitzeko gaitasun horrek, enpresa bera indartzeaz gain, Gipuzkoako ekonomia-sare osoa indartzen du".

Álex Belaustegui Ingeteameko Garapen Korporatiboko eta Harreman Instituzionaletako zuzendariak adierazi duenez, "guztiz bat gatoz, berrikuntza, garapen teknologikoa eta norberaren ezagutzaren aldeko apustua funtsezkoak dira Gipuzkoan industria lehiakorra eta jasangarria indartzeko. Ingeteamen hamarkadak daramatzagu teknologia garatzen eta I+Gren aldeko apustua egiten hazkundearen eta lehiakortasunaren eragile gisa, gure errotze industriala nazioarteko bokazio argiarekin konbinatuta. Gainera, uste dugu enpresen, erakundeen eta industria-ekosistemaren arteko lankidetza funtsezkoa dela kalitatezko enplegua sustatzeko eta trantsizio energetiko eta teknologikoaren erronkei arrakastaz aurre egiteko. Ziurgabetasunak eta etengabeko eraldaketak markatutako testuinguru global honetan, Gipuzkoatik ere lanean jarraituko dugu lurraldearen garapen industrial eta teknologikoari laguntzeko, industria eraginkorrago, berritzaileago eta jasangarriago batekin dugun konpromisoari eutsiz".

Ingeteam enpresak Beasainen dituen instalazioak ere bisitatu dituzte; gaur egun 800 profesional baino gehiago aritzen dira bertan. Bileran, ordezkari instituzionalek zuzenean ezagutu ahal izan dituzte konpainiak elektrifikazioaren, digitalizazioaren eta ekonomiaren deskarbonizazioaren erronkei erantzuteko bultzatzen dituen garapen teknologikoetako batzuk. Kokaleku hori makina elektriko birakariak, sorgailuak, motorrak eta urpeko ponpak diseinatzen eta fabrikatzen espezializatuta dago, Indar markarekin, eta sektore estrategikoetarako, hala nola energia hidroelektrikorako, uraren kudeaketarako, ontzigintza-sektorerako, sorkuntza malgurako, energia eolikorako eta sare elektriko adimendunetarako.

4.100 profesional baino gehiago eta 15 herrialdetan nazioarteko presentzia izanik, Ingeteam erreferente nagusi da nazioarteko industria berritzailean, eta oso errotuta dago Gipuzkoan eta EAEko gainerako lurraldeetan.

Bisita honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egiten du lurraldeko industria-eraldaketaren buru diren enpresei laguntzeko eta berrikuntzan, talentuan eta balio erantsia sortzean oinarritutako eredu ekonomiko bat bultzatzeko konpromisoa.

  

1032