Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak San Juan gauean arduraz jokatzeko eta neurriak zorrozteko deia egin du

Foru Aldundiak San Juan gauean arduraz jokatzeko eta neurriak zorrozteko deia egin du

Gaur San Joan gau bezperako ospakizunetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak herritar guztiei, eta bereziki jaiak antolatzen dituzten elkarte eta arduradunei, dei egiten die arduraz jokatzeko eta segurtasun-neurriak zorrozteko.

2026/06/23
Gipuzkoako Foru Aldundia

Aurreikusitako tenperatura altuek nabarmen handitzen dute sua hedatzeko arriskua, eta, horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da prebentzioan arreta jartzea eta zuhurtziaz jokatzea uneoro. Batez ere, basoetatik eta landaredia handia dagoen lekuetatik gertu suteak ez egiteko eskaera egiten du Foru Aldundiak eta tokian tokiko udalek eta erakunde eskudunei ezarritako galarazpen eta jarraibideak betetzeko eskaera egiten da. Aldundiak, bere aldetik, bat egiteko du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ezarritako irizpideekin bat egiten du.  

Aldundiak azpimarratu du jai giroa eta segurtasuna bateragarriak izan behar direla, eta ohartarazi du gerta daitezkeen istripu gehienak saihestu daitezkeela zentzuz eta arduraz jokatuz. Horregatik, funtsezkoa da babes zibileko arduradunen jarraibideak betetzea eta gomendioei kasu egitea.

Besteak beste, honako neurriak hartu behar dira kontuan:

  •  Sua zabaltzen lagun dezaketen elementuetatik gertu surik ez egitea, hala nola autoak, eraikinak, erakusleihoak, gas-hodiak, linea elektrikoak, edukiontziak edo landaredia.

  •  Suaren ingurunea garbi edukitzea, hedapena saihesteko.

  •  Ez egitea 4 metrotik gorako garaierako surik.

  •  Ez piztea surik haize handia badabil.

  •  Gasolina, disolbatzaileak edo alkohola bezalako likido sukoiak ez erabiltzea; horien ordez, papera edo lasto lehorra erabiltzea.

  •  Erregai arinak saihestea, hala nola paper txatalak, oihalak, plastikozko kurrixkak edo konfetia, haizeak eraman ditzakeelako.

  •  Material arriskutsuak ez botatzea sutara: produktu piroteknikoak, sprayak, latak, pneumatikoak, zaborra edo plastikoak, ke toxikoa sortzen baitute.

  •  Itxi inguruko leihoak eta balkoiak, txinpartak etxebizitzetan sar ez daitezen.

  •  Adingabeak une oro gainbegiratzea: pertsona heldu batek kontrolatu behar du sua.

  •  Segurtasun-distantzia mantentzea eta jendea gehiegi ez hurbiltzea edo suaren gainetik salto egitea saihestea.

  •  Su-itzalgailu bat edo mangera bat eskura izatea prebentzio-neurri gisa.

  •  Lekutik alde egin baino lehen, ziurtatzea ez dagoela ez sugarrik ez erretxinik; hondakinak lurrarekin edo harearekin estaltzea.

  •  Edozein larrialdi edo gorabehera izanez gero, berehala deitzea 112 (SOS Deiak) telefonora.

Aldundiak gogorarazi du Suteen prebentzio eta su itzalketa eta Salbamendu Zerbitzua erabat operatibo egongo dela gauean, lurraldeko suhiltzaile-parke guztiak alertan eta, beharrezkoa izanez gero, esku hartzeko prest. Halaber, Baso suteen arrisku egoeran gaudenez landaretzatik 40 m baino gertuago dauden San Juan suak ekidin behar dira ere landa guneetan. Mendietako eta Natura Ondareko Zuzendaritzako baso suteak itzaltzeko baliabideak ere alertan eta esku hartzeko prest egongo dira.

Halaber, ohartarazi du landaredi handia duten guneetan, bereziki zuhaiztietan eta hiri-ingurune periferikoetan, arriskua handiagoa dela baldintza meteorologiko hauekin, eta halako tokietan sua egitea saihesteko eskatu du.

Azkenik, Foru Aldundiak herritarren kontzientziara jo nahi izan du: San Joan gaua ospatzeko gaua da, baina ospakizun horrek ezin du inola ere saihestu daitezkeen arrisku-egoerak eragin. Guztion ardura da jaia segurtasunez bizitzea.

  

1027