Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru egutegirako argazki lehiaketak komunitatea eta Gipuzkoaren esentzia ospatuko ditu hamargarren edizioan

Foru egutegirako argazki lehiaketak komunitatea eta Gipuzkoaren esentzia ospatuko ditu hamargarren edizioan

Aurtengo gaia hau izango da: “Gipuzkoa, txikitasunean handi”. Irailean irekiko da parte hartzeko epea, eta hilabete osoa iraungo du

2026/06/11
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2027ko egutegia osatuko duten irudiak hautatzeko argazki lehiaketaren hamargarren edizioa aurkeztu du. “Gipuzkoa, txikitasunean handi” lelopean, edizio berri honek herritarrak gonbidatzen ditu gurte lurraldearen esentzia islatzera, tamainaz txikia izanda ere, handia baita bere nortasuna definitzen duen guztian: izaera, paisaiak, kultura, balioak eta, batez ere, pertsonak eta komunitatea. Parte hartzeko epea irailaren 1ean irekiko da eta hilaren 30era arte luzatuko da.

Irune Berasaluze foru bozeramaileak nabarmendu duenez, hamargarren edizio hau “mugarri bat da, urtez urte herritarrekin konektatzen duen ekimen batean. Hain zuzen, deialdiak duen partaidetza zabala nabarmendu du bozeramaileak, azpimarratuz "iazko edizioan mila argazki baino gehiago" jaso zirela. Gai berria lurraldeari eta komunitateari buruzkoa izango da. Berasaluzek azaldu duenez, “Gipuzkoa hurbiltasunetik, elkarren zaintzatik eta elkarrekin aurrera egiteko borondatetik jarduten duen komunitate handi bat da”. Zentzu horretan, lehiaketak Gipuzkoaren izaera komunitarioa balioetsi nahi du, lankidetzan, sustraietan eta ongizate kolektiboarekiko konpromisoan adierazten den izateko modu partekatu bat ospatzeko.

Berasaluzek lehiaketan parte hartzera deitu ditu herritarrak, eta uda aprobetxatzera “gizarte gisa zer garen islatzen duten irudiak” jasotzeko: “komunitate anitza, kohesionatua eta konprometitua erakustea da helburua, ‘ni-tik gu-ra’ egiten duena, eta ongizate kolektiboaren lehentasun gisa duena”.

Bozeramaileak gogorarazi du, gainera, foru egutegia “oso argitalpen estimatua dela, urtero Gipuzkoako milaka etxetara iristen dela eta sinbolo partekatu bihurtu dela”, eta azpimarratu du hamargarren edizio honek are gehiago indartzen duela lotura hori. Era berean, Berasaluzek eskerrak eman nahi izan dizkio Gipuzkoako Argazkilari Elkarteari, urtero argazkiak antolatzen eta aukeratzen laguntzeagatik.

Lehiaketan 18 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, argazkigintzako profesionalak izan ala ez, eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru irudi aurkeztu ahal izango ditu, originalak eta argitaragabeak, Gipuzkoan hartuak. Oinarriak eta izena emateko formularioa www.gipuzkoa.eus/argazki-lehiaketa webgunean egongo dira eskuragarri irailaren 1etik aurrera.

Argazkiak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Azaroan sariak banatzeko ekitaldia egingo da, eta 13 irudi aukeratuko dira: horietako bat izango da irabazlea, eta 2027ko egutegiaren azaleko protagonista izango da; beste hamabiak, berriz, urteko hilabeteak ilustratuko dituzte. Argazki irabazlearen egileak 1.000 euroko saria jasoko du, eta gainerako hamabiak 250 euroko sariak izango dira. Abenduan, aukeratutako irudiak erakutsi eta egutegi inprimatua banatuko da.

Ibilgailuen karga elektrikoko puntu berriak Arrasaten, Eskoriatzan eta Hernanin

Aldundiak urratsak ematen jarraitzen du mugikortasun berriaren eta lurraldeko errepideetan zerbitzuak hobetzearen aldeko apustuan, karga elektrikoko puntu propio berriak instalatuz. Horrela, lau zerbitzugune berrantolatuko dira AP-8 eta AP-1 errepideetan. Horretarako, Bidegik 3,4 milioi euro inbertituko ditu Arrasaten, Eskoriatzan eta Hernanin sistema berriak jartzeko. Lanak dagoeneko atera dira lizitaziora, eta behin esleituta, gauzatzeko epea 7 hilabetekoa izango da, eta aurreikuspenen arabera, instalazio berriak datorren urteko lehen seihilekoan egongo dira erabilgarri.

Berasaluzek azaldu duenez, “hasteko, bi kargagailu bikoitz instalatuko dira zerbitzugune bakoitzean, 16 guztira. Ondoren, puntu kopurua handitu ahal izango da, eskariaren arabera”. Era berean, “kargagailu guztiak karga azkarrekoak izango dira, eta kargaren % 80, hamabost minutuan betetzeko aukera emango du”. Kargagailuak Bidegirenak izango dira eta emakida baten bidez kudeatuko dira. Emakida horren lizitazioa foru sozietatearen Administrazio Kontseiluak ere onartu du.

Era berean, Zestoa-Zumaiako ordainlekua osorik eraberritzeko lanak esleitu dira, 3,5 milioi euroko inbertsioarekin eta 18 hilabeteko gauzatze-epearekin. Jarduketan estazioa osorik eraldatzea aurreikusten da, egungo egiturak eraistea eta bide berriekin ordezkatzea eta etorkizunean free-flow sistema ezartzeko prestatutako arkupe bat jartzea barne, baita instalazio elektriko guztia berritzea ere. Gainera, bost bideei iruzurraren aurkako ordainketa-sistema automatikoak eta teknologia aurreratuak emango zaizkie, hala nola matrikulak irakurtzeko kamerak eta gorabeherak urrutitik kudeatzeko sistemak. Lanak zerbitzua eten gabe egingo dira, eta geltoki modernoagoa, eraginkorragoa eta ordaintzeko modu berrietara egokituagoa izatea ahalbidetuko dute.

Bidegik AP-8ko kobrantza estazioak modernizatzeko prozesu progresibo bat hasi zuen 2019an, eta, horren esparruan, Zarauzko eta Irungo ordainleku nagusiak berritu dira, baita Irun-Bentakoak eta Irun-Mendebaldekoak ere. Gaur egun, Oiartzunen eta Zarautz ekialdean jarraitzen dute lanek, eta duela gutxi Elgoibarko geltokiko obrak ere esleitu dira.

Gipuzkoako enpresen egoera

Azkenik, Ogasun eta Finantza departamentuak gure lurraldeko enpresen egoerari buruz egindako azken txostenetik ateratako datu nagusiak partekatu ditu bozeramaileak. Apirileko txostenaren arabera, guztizko salmentak % 8,4 igo ziren aurreko urteko hil beraren aldean, eta datu hori “oso positiboa” da, Berasaluzek berak baloratu duenez. Hazkunde hori, batez ere, esportazioek (% 5,7) eta barne-salmentek (% 9,9) izandako portaera onari zor zaio. Inportazioak ere % 16,4 hazi ziren.

Horrela, txosten berriaren arabera, 2026ko lehen lau hilabeteetako datu metatuek igoera txiki bat erakusten dute. Salmentak, guztira, +%0,6 gehitu dira. Esportazioak nabarmen jaitsi dira (%-6,0), eta barne-salmentak hazi egin dira (%+4,3).

Berasaluzek azaldu duenez, “esportazioek oro har behera egin duten arren, herrialdeak aztertzean ikusten da Europar Batasuneko herrialdeetara zuzendutakoak, gure enpresen bezero nagusiak, handitu egin direla (+%6,2), eta EBtik kanpoko salmentak, berriz, nabarmen jaitsi direla (-% 19,3)”.

Sektoreka, jaitsiera industrian bakarrik gertatu da (-%3,0). Aldiz, salmentak hazi egin dira eraikuntzan (+%5,3) eta zerbitzuetan (+%4,6). Enpleguaren hazkundea pixka bat moteltzen ari da (+%0,7). Soldatetan ere dezelerazioa nabari da, nahiz eta horiek % 5 inguru hazten jarraitzen duten (+%4,7).

  

937