Foru gobernua 20. aldiz elkartu da Kontseilu ibiltarian, Getariako Zarautz jauregian egindako bilkuran
Foru gobernua 20. aldiz elkartu da Kontseilu ibiltarian, Getariako Zarautz jauregian egindako bilkuran
Foru gobernua 20. aldiz elkartu da Kontseilu ibiltarian, Getariako Zarautz jauregian egindako bilkuran
Gune historiko esanguratsu honetan egin dute foru diputatuek euren asteroko batzarra, Eider Mendoza diputatu nagusia buru dutela

Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak hogeigarren bilkura ibiltaria egin du gaur goizean Getariako Zarautz jauregian, erakundearen jarduna lurralde osora eta herritarrengana gerturatzeko jardunean urrats berria emanez. “Gipuzkoa sustrai sakonak dituen lurraldea da, bere hizkuntza, kultura eta ohiturei uko egin gabe, itsasoaren bitartez mundura begira garatu dena. Komunitate balio sendoak oinarri hartuta, bere burua antolatzeko erakunde propioak sortu eta elkarlanean jarduteko bideak topatu dituena, etenik gabe berrituz eta lan eginez”, nabarmendu du Eider Mendoza diputatu nagusiak, bere ustez hori gogorarazten baitigute Zarautz jauregiak eta Salbatore elizak osatzen duten “lehen mailako gune historikoak”.
Hain zuzen ere, Kontseilu ibiltarien helburua da Gipuzkoako udalerrien erronkak eta proiektuen gauzatzea hurbiletik ezagutzea, horiekiko lankidetza indartuz eta jarduera instituzionala herritarrengana hurbilduz. Eider Mendoza diputatu nagusia buru dutela, foru diputatuak Getariako Zarautz jauregian elkartu dira, lurralde osoari eragiten dioten hainbat neurri eta erabaki onartuz. Hain zuzen ere, astebete barru bertan inauguratuko dute ofizialki Mundubira Espazioa museo berria, zeinak islatuko duen hainbat begiradaren bitartez Juan Sebastian Elkanok orain dela bost mende lortutako balentriaren oroimena eta ondarea.
Foru diputatuen bilkuraren aurretik, diputatu nagusiak eta herriko alkateak, Haritz Alberdik, elkarrekin aztertu dituzte herriko nahiz lurraldeko egitasmoak. “Erakundeok elkarrekin lan egiten dugunean, gure komunitateari zuzenean mesede egiten dioten eta haren garapena indartzen duten neurriak eta proiektuak bultzatzeko gai gara. Zarautz jauregian egindako azken lanak dira horren lekuko. Lankidetza horretan sakontzeko ekimen oso baliagarria da Kontseilu ibiltaria", adierazi du Mendozak.
“Erakundeen arteko zuzeneko harremana eta elkarlana, Getariak eta gizarteak orohar beharrezko dituen jarduna dira. Praktika on hori bilatu eta josten denean, herri onura duten egitasmo publikoak aurrera ateratzen dira. Horren adibide da Zarautz Jauregia, Jaurlaritza, Aldundia eta Udalaren arteko elkarlanari esker aurrera atera dena edo gure herriko eliza zoragarri honetako kriptan egiten ari garen eskuhartzea. Batak zein besteak iragana gehiago ezagutzeko parada eskainiko digute baina bereziki etorkizuna eraikitzen lagunduko dute”, esan du Haritz Alberdi alkateak.
Gipuzkoako historiaren sustraiak
Foru gobernuak egindako hogeigarren batzar ibiltaria izan da Getariakoa, Gipuzkoako Plazatik Gipuzkoa osoko plazetara irteteko ekimenean. Ildo horretan, Mendozak dinamika honetan bidea egiten jarraitzeko asmoa azaldu du, lankidetza bultzatzen jarraitu eta erakunde-maila desberdinen arteko sinergiak indartzeko.
Zarautz jauregia XIV. mendeko eraikina da, arkitektura gotikoko ezaugarriak dituena eta azken urteotako eraberritze integralari esker berreskuratu eta ateak zabaldu dituena. Bertan egindako indusketek II. mendetik XX. mendera doazen giza aztarnak azaleratu zituzten eta, horregatik, erromatarren garaitik gaur egun arteko historia josten duen eraikina da. Jauregia berritzeko eta proiektu museistikoa garatzeko lanetan, guztira, ia 1,4 milioi euroko ekarpena egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Bertan egindako Kontseiluko batzarraren ondoren, foru diputatuek Salbatore elizako kripta bertatik betara ezagutzeko parada izan dute. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Getariako Udalak eta Getariako Salbatore parrokiak lankidetzan dihardute hitzarmena kripta hori bisitatzeko, bisita gidatuen programa baten bidez. Izan ere, Gipuzkoako ondare historikoaren gune esanguratsuenetako batez ari gara eta, azken urtean egindako esku-hartzeen eta aurten egingo diren beste batzuen eskutik, espazio honi ere balio berritua emango zaio.
Salbatore Deunaren elizak garrantzi historiko berezia du, 1397ko uztailaren 6an bertan egin baitzen Gipuzkoako hogeita hamar udalerrien Batzar Orokorra, Ermandade Ituna sinatu zenekoa, Gipuzkoako lurralde historikoaren erakunde-eraketaren oinarria eskaini zuena.
Salbatore Deunaren kripta arkeologikoak ibilbide kronologiko bat eskaintzen du, tenpluaren erraietatik abiatuta. Bertan ikus daitezke erromatar garaiko zeramikak, Getariaren jatorria antzinako caetaria batean kokatzeko aukera ematen dutenak, I. mendeko arrain-kontserba lantegi baten testigantzekin batera. Ondoren, X-XII. mendeetako hilerriaren faseak ageri dira, jatorrizko elizaren zimenduekin eta hiribildua gotortzen zuen harresiaren zati batekin. Ibilbideak jarraipena du 1397ko bilera hartu zuen tenpluaren hormekin, eta elementu bateratzaile gisa, XIX. mendera arte erabileran egon zen panteoi kolektiboaren familia-hilobiekin.
1925