Foru Gobernuak GI-3610 errepidean Adunako ibarreko bidearen azken zatia hobetzeko obren lizitazioa onartu du
Foru Gobernuak GI-3610 errepidean Adunako ibarreko bidearen azken zatia hobetzeko obren lizitazioa onartu du
Foru Gobernuak GI-3610 errepidean Adunako ibarreko bidearen azken zatia hobetzeko obren lizitazioa onartu du
Era berean, Amute auzoa eta Hondarribiko Kosta biribilgunea lotuko dituen bizikletentzako eta oinezkoentzako bidearen proiektuko obrak kontratatzea onartu da. Foru Gobernuak gaur ere onartu du Gipuzkoako Lurralde Historikoan tributuen sisteman zenbait aldaketa txertatzen dituen Foru Arau proiektua, ondoren Gipuzkoako Batzar Nagusietan izapidetu, eztabaidatu eta onartzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak gaur goizean onartu du bide azpiegituretako lau proiekturen lizitazioa:
Andoain eta Zizurkil lotzen dituen GI-3610 Adunako ibarreko bidearen azken zatia hobetzea eta Sorabillako N1-445-2 adarrean biribilgunea eraikitzea
Onartutako proiektuen artean, Andoain eta Zizurkil lotzen dituen GI-3610 errepideko bi jarduketari dagozkien lizitazioak nabarmentzen dira.
Alde batetik, Adunako ibarreko bidearen azken zatia hobetzeko obren lizitazioa onartu da. Proiektuaren helburua da GI-3610 errepidean, Andoain eta Zizurkil artean, segurtasuna hobetzea.
Jarduketa horri esker, Adunako industrialderako sarbidea erraztuko da, eta N-I errepidean istripuren bat edo beste gorabeheraren bat gertatuz gero, ordezko ibilbide bat eskainiko da. Gainera, oinezkoentzako ibilbideak egokituko dira, joan-etorriak seguruagoak eta erosoagoak izan daitezen.
Obrak lizitatzeko oinarrizko aurrekontua 7,8 milioi eurokoa da, eta obrak egiteko epea hamabi hilabetekoa.
Sorabillan, bestalde, N-1-445-2ko bide-adarrean biribilgune bat eraikitzea aurreikusten da. Haren obrak ere gaur atera dira lizitaziora.
Proiektuaren helburua da aipatutako bidegurutzean mugimenduak erraztu eta bide-segurtasuna hobetzea, ibilgailuen mugimenduak hobeto antolatuz eta zirkulazio arinagoa eta seguruagoa erraztuz.
Egingo diren lanei dagokionez, halaber, oinezkoentzako segurtasuna hobetuko da zonaldean dauden autobus geltokietara irisgarritasuna erraztuz. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 770.000 euro ingurukoa da, eta gauzatzeko ezarritako epea 20 astekoa.
Amute eta Hondarribiko Kosta biribilgunearen artean bizikleta eta oinezkoentzako bidea
Bestalde, Hondarribiko Amute eta Kostako biribilgunearen arteko bizikleta eta oinezkoentzako bidearen proiektuaren lizitazioa ere onartu da. Lanek aurreikusten dute N-638 errepidearen ezkerraldeko zabalgunea bizikleta eta oinezkoentzako bide bihurtzeko behar diren estandarretara egokitzea; horretarako, errepidearen plataforma handituko da, Amuteko semaforodun elkargunearen eta Hondarribiko Kostako biribilgunearen arteko zatian.
Proiektu honen obrak lizitatzeko oinarrizkoa aurrekontua 2 milioi eurokoa da eta lanak egiteko epea zazpi hilabetekoa. Lizitazio hau beste aurrerapauso bat da Hondarribia eta Irun oinezkoentzako ibilbide eta bidegorri seguru baten bidez lotzeko helburuan.
Jarduera Bidasoaldeko Mugikortasuna Hobetzeko Plan Integralaren barruan kokatzen da. Plan hori Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irungo Udalak eta Hondarribiko Udalak adostutako estrategia bat da, eskualdeko mugikortasuna, bide segurtasuna eta konektibitatea hobetzeko. Planak 50 milioi eurotik gorako inbertsio globala aurreikusten du datozen urteetarako.
GI-2131 errepidean Ikaztegietako zeharbidean trafikoa baretzeko proiektua
Azkenik, Gaur GI-2131 errepidean Ikaztegietako zeharbidean trafikoa baretzeko proiektuaren lizitazioa onartu da.
Proiektuaren helburua da errepidea hiri-ingurunean integratzea eta bide-segurtasuna hobetzea, eta, horretarako, Ikaztegietako zeharbidean zirkulazioa mantsotzeko jarduketa aurreikusten du, bai eta saneamendu-azpiegitura berritzea ere.
Aktuazio hau Foru Aldundia Gipuzkoako herriak zeharkatzen dituzten hainbat errepidetan egiten ari den plangintza barruan kokatzen da.
Proiektuaren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 600.000 euro baino gehiagokoa da, eta lanak egiteko epea hemezortzi astekoa.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuen sisteman zenbait aldaketa txertatzen dituen Foru Arau proiektua onartzea
Fiskalitateari dagokionez, gaur Gobernu Kontseiluak Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuen sisteman zenbait aldaketa txertatzen dituen Foru Arau proiektua onartu du.
Dokumentuak dakartzan aldaketen helburua da foru-zergen ordenamenduaren hobekuntza teknikoan aurrera egitea, segurtasun juridikoa indartzeko eta gizarte-premia jakin batzuei erantzuteko.
Behin Gobernu Kontseiluan onartuta, aste honetan zehar Gipuzkoako Batzar Nagusien esku jarriko den Foru Arauaren proiektu hau izango da, besteak beste, talentua erakartzeari, enpresa-errotzeari eta langileen enpresako partaidetzari edo proiektu estrategikoak bultzatzeari buruzko neurriak jasotzen dituzten zuzenketak txertatzeko oinarria.
Helburua da Foru Arau hau abenduko Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran bozkatu ahal izatea.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldirako dirulaguntza, Europa-Latinoamerika 2026 Koprodukzio Foroa finantzatzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiak 200.000 euroko dirulaguntza emango dio Donostiako Zinemaldiari Europa-Latinoamerika 2026 Koprodukzio Foroa finantzatzeko.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Europa-Latinoamerikako Koprodukzio Foroa plataforma profesional bat da, garapen-fasean dauden ikus-entzunezko proiektuak bultzatzeko, eta ekoizleen, zuzendarien, inbertitzaileen, banatzaileen, finantzaketa-funtsen eta zinema-industriako beste eragile batzuen arteko topaketa errazteko. Haren helburu nagusia da nazioarteko lankidetza sustatzea, obra berrien finantzaketa erraztea eta proiektuak merkatu globaletan sartzeko aukerak handitzea.
Gaur egun nazioarteko koprodukzioak sortzeko eta indartzeko tresna estrategiko gisa finkatu den agertokia da hau, ikus-entzunezko sektorea garatzen eta talentu sortzailea nazioartean proiektatzen lagunduz.
Horrela, foro horren jarduera guztiz bat dator Aldundiaren helburuekin talentua erakartzeari, inbertsioari eta nazioarteko lankidetza sareei dagokienez, eta, aldi berean, ikus-entzunezkoa bezalako balio erantsi handiko sektore baten lehiakortasuna eta garapena bultzatzen dira.
600 baserritar baino gehiagok jaso dituzte bere ustiategiek ematen dituzten zerbitzu ekosistemikoak konpentsatzeko laguntzak
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaurtik aurrera ordainduko ditu lurraldeko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiategiek betetzen duten funtzio ekosistemikoa aitortzeko eta konpentsatzeko laguntzak. Guztira 631 baserritarrek jasoko dute laguntza hori, 475.200 euro bideratu direlarik ekimen honetara.
Zerbitzu ekosistemikoen konpentsazioa neurri aitzindaria da, eta, honekin, modu esplizituan aitortu nahi da baserritarrek gizarte osoarentzat sortzen duten balioa, gure ingurune natural berdea zaintzeari dagokionez.
Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste urrats garrantzitsu bat eman du lehen sektorera bideratutako politika publikoen paradigma aldaketa lortzeko bidean. Izan ere, elikagaiak edo lehengaiak ekoizteaz gain, gure lurralde oreka berdea sostengatzen dute gure baserritarrek gizarte ororentzat gure ongizate kolektibo eta integralari dagokionez.
1,6 milioi euro laguntzetan udako lehorteen ondorioei aurre egiteko
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,6 milioi euroko laguntzen deialdi bat argitaratuko du, uda honetan izandako lehorteen ondorioek gehien kaltetutako nekazaritza azpisektoreei zuzendua.
Foru Erakundeak, ENBA eta EHNE nekazaritza sindikatuekin batera, helburu horretara bideratutako zenbatekoa banatzeko irizpideak erabaki zuen atzo. Laguntzen deialdia datozen asteetan argitaratuko da, eta laguntzak udazken honetan ordainduko dira. Ordainketa horiek onartzeko prozedura erraza izango da, onuradunek jakinarazpen bat jasoko dute, eta onartu egin beharko dute laguntza eskuratu ahal izateko.
1074