Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Ogasunak sormen- eta kultura-industria sustatzeko pizgarri fiskalei buruzko lehen balantzearen emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Foru Ogasunak sormen- eta kultura-industria sustatzeko pizgarri fiskalei buruzko lehen balantzearen emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azpimarratu du pizgarri horiek eragina izan dutela, bereziki, ikus-entzunezkoen sektorearen bultzadan. Era berean, nabarmendu du oraindik goiz dela pizgarri horiek lurraldean kultura-industria finkatzeari dagokionez duten eraginaren aurrean ondorio argiak ateratzeko, eta azpimarratu du beharrezkoa dela eragileekin elkarren arteko lankidetza bultzatzen jarraitzea ebaluazio osotuagoa egiteko.

2026/03/12
Gipuzkoako Foru Aldundia

Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak agerraldia egin du gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean, 2024ko maiatzean kultura eta sormen industriak sustatzeko pizgarri fiskalak onartu ondoren Foru Erakundeak egindako lehen ebaluazioaren xehetasunak azaltzeko. Pizgarri horien lehen azterketa hau 2024ko ekitaldiko Sozietateen gaineko Zergari eta PFEZari buruzko datuetatik lortutako informaziotik abiatzen da zeinak 2025ean likidatzen diren.

Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak adierazi duenez, pizgarri fiskalak aplikatu diren lehen urtearen ondoren "eskura dauzkagun lehen datuen arabera, horiek eragin positiboa izaten ari dira ikus-entzunezkoen sektorea bultzatzerakoan". Hala ere, Agirrek adierazi du oraindik goiz dela hasieran planteatutako helburuak lortzen ari diren ala ez zehazteko.

Agirrek gogorarazi du neurri horien azken helburua dela “ikus-entzunezkoen, musikaren eta kulturaren sektorea sendotzea eta epe luzera bere lehiakortasuna ziurtatzea”. Era berean, “sormen- eta kultura-industrien balio-kate osoa indartzea eta Gipuzkoa kultura- eta sormen-arloan garatu edo ekin nahi duten proiektu eta profesionalentzako aukerak eskainiko dituen lurralde bihurtzea” bilatzen dute.

Lehen emaitzek erakusten dute 2024an sektore zinematografikora eta arte eszenikoetara eta zuzeneko musikara bideratutako pizgarri fiskal horiek onartu ondoren, pizgarri horiek 19 milioi euroko igoera izan dutela 2023arekin alderatuta, eta 23 milioi eurora iritsi direla. Zifrek erakusten dute, era berean, ikus-entzunezko ekoizpenak gora egin duela, eta, hala, 2024an ikus-entzunezko 19 ekoizpen eta zuzeneko 39 obra eta musika ikuskizun egin dira.

Neurri berriak sartu direnez, sektoreko adierazle nagusiak hobetu egin dira. 2024an enplegua sortzeari dagokionez, sektoreak aurreko urtean baino 1.623 enplegu gehiago sortu zituen, 2023an 1.416 zuzeneko kontratu izatetik 2024an 3.039 izatera igaro baitzen. Gaur egun, Foru Ogasunaren datuen arabera, Gipuzkoak 668 jarduera ekonomiko ditu eremu horretan, % 6,8ko hazkundea izan duelarik zinematografia-industrian eta % 9koa arte eszenikoetan.

Agirrek positiboki baloratu du kenkariaren bilakaera, baita ere azpimarratu du sektoreko eragileekin lankidetzan aritzeko beharra, pizgarri horiek kultur industrian, arte eszenikoetan eta lurraldean duten eraginaren ikuspegi osoagoa lortzeko. Era berean, gogorarazi du pizgarri horien Europako baimenak 2024-2028 aldia hartzen duela, eta, beraz, adierazi du beharrezkoa dela “unea aprobetxatzea, aukera aparta baita sektorea indartu eta etorkizunera begira garapena sendotu ahal izateko”.

  

1411