FUTURAIL eta NICHE MOBILITYk irabazi dituzte MUBIL Mobility Awards 2026 sariak
FUTURAIL eta NICHE MOBILITYk irabazi dituzte MUBIL Mobility Awards 2026 sariak
MUBIL Mobility Awards sariek parte-hartze errekor berria ezarri dute, 65 hautagaitzarekin, iaz baino % 6,5 gehiago. Nazioarteko oihartzunak ere inoizko mailarik handiena lortu du, 14 herrialdetatik aurkeztutako 29 proiekturekin.

Trenbide-ibilgailuen autonomiarantz aurrera egiteko plataforma teknologiko bat garatzen ari den FUTURAIL frantziarra eta Kataluniako NICHE MOBILITY izan dira 2026ko MUBIL Mobility Awards sarien irabazleak. Sari-banaketa ekitaldia gaur egin da Tabakaleran.
Bi proiektuak sarien batzorde teknikoak hautatutako sei finalisten artean gailendu dira. Seigarren edizio honetan, batzordeak guztira 65 hautagaitza ebaluatu ditu, sariak sortu zirenetik izandako kopururik handiena. Proposamenen ia erdiak atzerritik etorri dira, eta horrek agerian uzten du mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloan erreferente diren sari hauen nazioarteko oihartzuna gero eta handiagoa dela.
Etorkizuneko mugikortasuna eraldatzeko teknologia
12.500 euroko lehen saria FUTURAIL enpresak eskuratu du. Estrasburgon eta Munichen egoitza duen teknologia aurreratuko (deep tech) enpresa honek adimen artifizialean oinarritutako plataforma integral bat garatu du trenbide-ibilgailu autonomoentzat. Bere helburua trena garraiobide erakargarriago bihurtzea da, joan-etorri maizagoak, fidagarriagoak, errentagarriagoak eta karbono-isuri txikiagokoak eskainiz.
Bestalde, Gironan egoitza duen NICHE MOBILITY enpresak 4.000 euroko bigarren saria lortu du. Bizikleta elektrikoentzako propultsio-sistemak garatzen ditu, motorra, transmisio digital automatikoa eta teknologia adimendunak uztartuz. Hauen ADTS 2.0 soluzioak biometria eta adimen artifiziala erabiltzen ditu pedalei eragiteko laguntza erabiltzailearen beharretara automatikoki egokitzeko eta gidatze-esperientzia hobetzeko.
Diru-sariez gain, bi proiektuek 18.500 euroko finantzaketa gehigarria jasoko dute, beren soluzioak garatzen jarraitzeko, Euskadiko mugikortasun adimendun eta jasangarriaren ekosistemako eragileekin lankidetzan. Halaber, MUBIL Hub sareko kide bihurtuko dira, eta hamabi hilabetez lanerako espazio bat izango dute MUBIL Centerren. Horrez gain, beren proiektuak hedabide espezializatuetan ezagutarazteko aukera izango dute, baita 2028an Ficoban (Irun) egingo den MUBIL Mobility Expo azokaren hurrengo edizioan presentzia nabarmena izatekoa ere.
Parte-hartze errekor berria eta inoiz baino nazioarteko proiektu gehiago
2026ko MUBIL Mobility Awards sariek orain arte izandako parte-hartzerik handiena izan duteaurten, guztira 65 hautagaitza aurkeztu baitira, aurreko urtean baino % 6,5 gehiago. Nazioarteko parte-hartzeak ere marka berria ezarri du, 14 herrialdetatik 29 proiektu aurkeztu baitira, hau da, guztizkoaren % 44,6. Nazioarteko hautagaitza gehienak Italiatik, Frantziatik eta Portugaletik jaso dira, baina Alemaniatik, Erresuma Batutik, Kroaziatik, Danimarkatik, Esloveniatik, Hungariatik, Poloniatik, Txekiar Errepublikatik, Errumaniatik, Ameriketako Estatu Batuetatik eta Indiatik ere jaso dira proposamenak. Horiei Euskadiko eta Nafarroako 10 proiektu eta Estatuko beste 26 gehitu behar zaizkie.
Sari-banaketa ekitaldia Antonella Broglia gizarte-berrikuntzan nazioarteko adituak gidatu du, eta mugikortasun adimendun eta jasangarriaren garapenarekin lotutako 150 pertsona baino gehiago elkartu dira bertan.
Erakundeen babesa eta erreferentziazko ekosistema
Sari-banaketa ekitaldian izan da Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, eta zorionak eman dizkie proiektu irabazleei zein gainerako finalistei, aurkeztutako proposamenen “berrikuntza-ahalmen handiagatik”. Mendozak adierazi duenez, urtetik urtera hautagaitza gehiago jasotzeak eta nazioarteko parte-hartzeak gero eta pisu handiagoa izateak erakusten dute mugikortasun jasangarriaren MUBIL poloak “Europan duen erreferentziazko izaera gero eta handiagoa dela eta sendotzen ari dela”. “Gipuzkoan apustu sendoa egiten ari gara gure industria eraldatzeko eta etorkizuneko industria garatzeko. Dagoeneko ditugun gaitasunak eta enpresa traktoreen indarra oinarri hartuta, mugikortasun jasangarriari lotutako industria izango da etorkizuneko jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua bultzatuko dituen arloetako bat. Gipuzkoa lurralde irekia da, eta lankidetzan oinarritutako ikuspegi batetik, laguntza eta aukera ugari eskaintzen dizkiegu beren enpresa eta lanbide proiektuak garatu nahi dituztenei. Ahalegin kolektibo honekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu”, adierazi du.
Sei urte mugikortasun adimenduna eta jasangarria bultzatzen
Edizio honekin, MUBIL Mobility Awards sariek sei urte bete dituzte mugikortasunaren arloko proiektu teknologikoetarako erreferentziazko plataforma gisa. Sortu zirenetik, oinarri teknologikoko 277 proiektu jaso dituzte, mugikortasun elektriko, konektatu, autonomo eta partekatuan irtenbide berritzaileak identifikatzeko eta Euskadiko ekosistema industrial eta teknologikoarekin konektatzeko.
2588