Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea GFAko Kultura Departamentuak Ondarea orain programaren beste edizio bat aurkeztu du, kultura ondarearen gaurkotasuna herritarrei hurbiltzeko

GFAko Kultura Departamentuak Ondarea orain programaren beste edizio bat aurkeztu du, kultura ondarearen gaurkotasuna herritarrei hurbiltzeko

Programa maiatzaren 20tik ekainaren 10era bitartean gauzatuko da Donostian, Errenterian eta Zarautzen, eta hitzaldiak, liburu aurkezpen bat eta bisita gidatu bat izango ditu.

2026/05/13
Ondarea orain

Artxibo historikoei aplikatutako adimen artifiziala, Erdi Aroko zurezko arkitektura, Aizpitarteko labar-artea eta Santa Klara komentuaren birgaitzea dira 2026ko edizioaren ardatz nagusiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Ondarea Orain programaren aurtengo edizioa aurkeztu du. Programa horrek kultura-ondareari orainalditik begiratzera eta lurralde-ondareari lotutako aurrerapen, ikerketa eta eztabaida nagusietako batzuk herritarrekin partekatzera gonbidatzen du. Aurkezpena Foru Jauregian egin da. Goizane Álvarez Kulturako diputatuarekin batera, Josue Susperregi, Arkeolan Fundazioko dendrokronologoa eta Xabier Uranga, Zarauzko komentuko arkitektoa egon dira.

Aurtengo edizioak, gainera, une berezia izango du, Rosa Aierbe Iribar historialari, ikertzaile eta irakasleari omenaldia egingo baitzaio. Hernanin jaioa, Aierbek ibilbide luzea egin du Gipuzkoako historiaren, erakundeen historiaren eta dokumentu-ondarearen arloan. Erdi Aroko dokumentu-iturriak aztertzen eta zabaltzen egindako lana, artxiboekin izandako lotura estua eta Gipuzkoako historia hobeto ezagutzeko egindako ekarpena aitortu nahi dira. Bere lana oso lotuta dago programa honen espirituarekin: ondarea ikertzea, dokumentuak herritarren eskura jartzea eta gure iragana ezagutza bizi bihurtzea.

2026ko edizioa maiatzaren 20tik ekainaren 10era bitartean egingo da Donostian, Errenterian eta Zarautzen, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte. Programak ondarea ikuspegi oso desberdinetatik jorratzen duten lau proposamen bilduko ditu: adimen artifiziala artxibo historikoetan aplikatzea, Gipuzkoako Erdi Aroko zurezko arkitekturaren azterketa, Aizpitarteko labar-arte paleolitikoa eta Zarauzko Santa Klara komentuaren birgaitzea.

Kulturako foru-diputatu Goizane Álvarezek azpimarratu duenez, "Ondarea Orain programak aukera ematen digu ondarea herritarrengana hurbiltzeko, gaur egungo ikuspegi ireki eta partekatu batetik. Ondarea ez da iraganetik jasotzen duguna soilik; gaur egun nor garen ulertzeko, gure kultura-nortasuna indartzeko eta gizarte kontzienteagoa, kritikoagoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko tresna ere bada".

Álvarezek nabarmendu duenez, edizio honek "oso ondo erakusten du ondarea etengabe bilakatzen ari dela". Ildo horretan, adierazi duenez, «adimen artifizialak, ikerketa zientifikoak, arkeologiak, arkitekturak edo espazio historikoen birgaitzeak gure ondarea ezagutzeko, babesteko eta bizitzeko modu berriak irekitzen dizkigute. Kultura Departamentutik ezagutza hori eremu espezializatuetan itxita ez geratzea nahi dugu, herritarrengana iristea baizik, eta interesa, gogoeta eta parte-hartzea piztea".

Programa maiatzaren 20an abiatuko da, Donostiako Santa Teresa eraikinean, Ipuscuako agiriak, adimen artifizialaren erabilera artxiboko dokumentuak zabaltzeko: Disrupzioa?" hitzaldiarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Artxiboetako eta Agiri Ondareko Zerbitzuko buru Ramón Martínen eskutik. Saioan, adimen artifizialeko tresnek eskuz idatzitako testuak automatikoki irakurtzeko, laburpenak sortzeko edo artxibo historikoak modu masiboan itzultzeko eskaintzen dituzten aukerak jorratuko dira.

Maiatzaren 27an, berriz ere Santa Teresan, “100 adibide. Gipuzkoako Erdi Aroko zurezko ondarearen zifra biribila” hitzaldiaren txanda izango da, Josué Susperregi Lasalde Arkeolan Fundazioko dendrokronologoarekin eta Ibon Telleria Julian EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko arkitektoarekin. Saioaren ardatza izango da lurraldeko Erdi Aroko zurezko ondarea. Dagoeneko 100 adibide identifikatu dira, baserrien, etxe zibilen, baselizen eta beste eraikin batzuen artean.

Programak ekainaren 3an jarraituko du Errenterian, Reina Aretoan, Diego Garate Kantabriako Unibertsitateko irakasleak eta Ainara Rodríguez Aizpitarte taldeko kideak aurkeztutako “Paleolitoko garaiko labar artea Aizpitarteko muinoan” liburuaren aurkezpenarekin. Aurkezpen horri esker, Landarbasoko Aizpitarte haitzuloei buruzko azken azterlanak ezagutu ahal izango dira. Multzo horrek garrantzi berezia hartu du Gipuzkoako labar-arte paleolitikoaren mapan.

Aurtengo edizioa ekainaren 10ean amaituko da, Zarautzen, Santa Klara komentua bisitatuz eta “Birgaitzea eta ondare-balioak: Zarauzko Santa Klara komentua” hitzaldiarekin. UR arkitektura estudioko Xabier Urangak eta Zarauzko Udaleko bulego teknikoaren arduradun Iratxe García de Vicuñak hartuko dute parte. Jarduerak aukera emango du komentuaren beheko solairuaren birgaitzean aplikatzen diren esku hartzeko irizpideak zuzenean ezagutzeko. Birgaitzearen helburua da ondare-balioak kontserbatzea eta ekipamendu publiko sozial eta kultural gisa egokitzea bateragarri egitea.

Edizio berri honekin, Ondarea Orain programak berresten du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak ondare irekiarekin, irisgarriarekin, biziarekin eta orainarekin elkarrizketan dagoenarekin duen konpromisoa, pertsonak erdigunean jarriz eta ondare-kultura nortasuna, memoria partekatua eta lurraldearen kohesioa indartzeko tresnatzat hartuz.

Programa

Maiatzaren 20an | Donostia-San Sebastián - Santa Teresa eraikina – Ekitaldi aretoa

19:00-20:30

Ipuscuako agiriak, adimen artifizialaren erabilera artxiboko dokumentuak zabaltzeko: Disrupzioa?

Ramon Martin

Hizkuntza: Euskara

Maiatzaren 27an | Donostia-San Sebastián - Santa Teresa eraikina – Ekitaldi aretoa

19:00-20:30

100 adibide. Gipuzkoako Erdi Aroko zurezko ondarearen zifra biribila

Josue Susperregi Lasalde eta Ibon Telleria Julian

Hizkuntza: Euskara-gaztelania

Ekainak 3 | Errenteria - Reina Aretoa

19:00-20:30

Paleolitoko garaiko labar artea Aizpitarteko muinoan

Diego Garate eta Ainara Rodríguez

Hizkuntza: Euskara-gaztelania

Ekainak 10 | Zarautz - Santa Klara komentua

19:00-20:30

Birgaitzea eta ondare-balioak: Zarauzko Santa Klara komentua

Xabier Uranga eta Iratxe García de Vicuña

Hizkuntza: Euskara-gaztelania

  

965