Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea GFAren Kultura eta Kirol Departamentuak M proiektua jarri du Zarautzen abian, jarduera fisikoa hurbiltzeko gaur egun kirolik egiten ez duten emakumeei

GFAren Kultura eta Kirol Departamentuak M proiektua jarri du Zarautzen abian, jarduera fisikoa hurbiltzeko gaur egun kirolik egiten ez duten emakumeei

Irunen egindako lehen esperientziaren ondoren, Zarautz izango da programa hori txertatzen duen Gipuzkoako bigarren udalerria. Irailean hasiko da programa, eta lurraldeko beste leku batzuetara zabalduko da pixkanaka.

2026/06/22
Proyecto M

Emakumearen Etxeak gune segurua, irisgarria eta konfiantzazkoa eskainiko du, gaur egun ariketarik egiten ez duten emakumeek jarduera fisikoa egiten hasteko aukera izan dezaten.

Izen-emateak uztailaren 1etik 31ra egongo dira irekita, eta programak gehienez ere hamabi parte-hartzaileko bi talde izango ditu.

Zarauzko Emakumearen Etxeak M Proiektua hartuko du datorren irailetik aurrera. Proiektu hori jarduera fisikoa egiten hasteko programa bat da, gaur egun kirolik egiten ez duten emakumeei zuzendua. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak bultzatzen du, Zarauzko Udalarekin lankidetzan.

Programa gaur goizean aurkeztu dute Zarauzko Emakumearen Etxean, eta bertan izan dira Goizane Álvarez Kulturako eta Kiroletako diputatua, Gloria Vázquez Zarauzko Parekidetasuneko eta Eraztun Berde Urdineko zinegotzia eta Inaxio Illarramendi Kiroleko, Ingurumeneko eta Animalien Ongizateko zinegotzia.

Programa M mugimendua:  Emakumeok Mugimenduan/Mujeres y Activas mugimenduan kokatzen da. Estrategia horren helburua da emakumeek jarduera fisikoan parte har dezaten sustatzea, bizi-ohitura osasungarriak sustatzea eta ariketaren bidez emakume aktiboen komunitatea sortzea.

Irunen egindako lehen esperientziaren ondoren, Zarautz izango da M proiektua abian jarriko duen Gipuzkoako bigarren udalerria. Kultura eta Kirol Departamentuaren helburua da eredua ebaluatzea eta finkatzea, pixkanaka lurraldeko beste udalerri batzuetara hedatzeko.

Kulturako eta Kiroletako diputatu Goizane Álvarezek azaldu du proiektua sortu dela kirola egiten hasteko aukeretan oraindik ere dauden desberdintasunei erantzuteko: "Badakigu emakumeek jarduera fisiko gutxiago egiten dutela eta askok lehenago uzten dutela. Errealitate horren atzean denbora falta, zaintza-erantzukizunak, segurtasunik eza edo eroso sentitzeko espaziorik eza daude. Kontua ez da emakumeei egoztea kirolik ez egitearen ardura, zailtasunak eragiten dizkieten oztopoak kentzea baizik. M proiektuak lehen urratsa emateko laguntza, segurtasuna eta konfiantza eskaintzen dizkie. Gure asmoa da edozein emakumek, bere adina, jatorria, egoera fisikoa edo egoera pertsonala edozein izanik ere, aktibo egoteko eta jarduera fisikoari onura fisikoa, emozionala eta soziala ateratzeko modua izatea".

Bestalde, Gloria Vazquez Berdintasun eta Eraztun Berde Urdineko zinegotziak adierazi du Emakumeen Etxea leku bereziki egokia dela programaren lehen fase hau garatzeko, “Emakumeen etxea gure espazioa da, Zarauzko emakumeak bildu eta elkarrekin egoteko lekua da, ahalduntzeko, hausnartzeko, babesteko eta partekatzeko. Eta, batez ere, espazio segurua da, non ez garen epaituak sentitzen. Horregatik da leku aproposa elkarrekin kirola egiten hasteko”.

Kiroleko, Ingurumeneko eta Animalien Ongizateko zinegotzi Inaxio Illarramendik azpimarratu du M proiektua kirola egiteko sarbide irisgarriagoa dela. “M Proiektuak gaur egun jarduera fisikorik egiten ez duten emakume askorentzat kirol-praktikara sartzeko ate irisgarria eta hurbila suposatzen du. Udalak nahi du gero eta jende gehiagok ikustea kirolak osasunari, ongizateari eta bizi-kalitateari dakarzkion onurak. Pozgarria da Zarautz ekimen hau garatzen Gipuzkoako udalerri aitzindarietako bat izatea.

Ohiturak aldatzeko eta komunitatea sortzeko programa bat

M proiektua jarduera fisiko gutxi egiten duten eta hainbat arrazoirengatik kirol instalazioetara joaten ez diren edo jarduera antolatuetan parte hartzen ez duten emakumeei zuzentzen zaie bereziki. Helburu nagusia da ohiturak pixkanaka aldatzea, espazio seguru, neutro eta egokitua eskainiz, parte-hartzaileak ariketa egiten has daitezen, beldurrak edo segurtasun ezak gaindi ditzaten, horrela ongizate fisiko eta emozionala hobetzeko.

Parte-hartzaileak jarduera fisikoaren mailaren arabera hautatuko dira, IPAQ nazioarteko eredua erreferentziatzat hartuta eta Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuaren (JFOZ) laguntzarekin. Zerbitzu hori arduratuko da emakume interesdunak erakartzeaz eta baloratzeaz.

Programa hiru fasetan burutuko da:

  • Erakartzea eta hautatzea:programaren onuradun izan daitezkeen emakume ez-aktiboak aurkitzea eta laguntzea.
  • Aktibazioa:jarduera fisikoa egiten hastea espazio seguru batean, profesional espezializatu batekin eta talde txikietan.
  • Deribazioa:udalerriko klub, instalazio, elkarte edo bestelako kirol-baliabideetara pasatzeko prozesua erraztea, parte-hartzaileek beren jarduerari modu autonomoan eutsi ahal izan diezaioten.

Emakumearen Etxea izango da erreferentziako espazioa hasierako fasean. Ondoren, parte-hartzaileei kirola egiteko ohiko espazioetarantz lagunduko zaie, eta programan zehar sortutako loturak eta laguntza-taldeak manten ditzaten.

Gehienez hamabi emakumeko bi talde

M proiektua 2026ko irailean hasiko da, eta 2027ko maiatzera arte luzatuko da. Bi talde izango ditu, bakoitza gehienez hamabi parte-hartzailerekin. Astean bi saio eskainiko dira, eta parte-hartzaile bakoitzak saio batera joan beharko du:

  • Asteartea, 10:00etan.
  • Osteguna, 17:00etan.

Zarauzko Emakumearen Etxean egingo dira saioak, eta Maddi Sukuntza jarduera fisikoan espezializatutako monitoreak zuzenduko ditu. Jarduerak parte-hartzaileen baldintzetara eta beharretara egokituko dira, ariketa fisikoan pixkanaka, modu seguruan eta atseginean hasten laguntzeko.

Izena emateko epea uztailaren 1etik 31ra egongo da zabalik

Interesa duten emakumeek uztailaren 1etik 31ra bitartean eman dezakete izena, bai aurrez aurre Emakumearen Etxean, bai telefonoz, WhatsApp-ez edo posta elektronikoz.

Zarauzko Emakumearen Etxea

  • Helbidea: Nafarroa kalea 3C, behea, 20800 Zarautz.
  • Telefonoa: 943 00 51 36.
  • WhatsAppa: 688 772 133.
  • Helbide elektronikoa: emakumeen-etxea@zarautz.eus.
  • Arreta orduak:11:00-13:00 eta 15:00-19:00.

JFOZ arduratuko da izena ematen duten emakumeekin harremanetan jartzeaz eta taldeak osatzeko aldez aurreko balorazioa egiteaz.

Irungo esperientzia deribazio fasean sartuko da

Programa Zarautzen martxan jartzeak jarraipena ematen dio iaz Irunen hasitako M proiektuari. Proiektu horretan bi talde osatu ziren, eta horiei esker hogeita hamar emakume aktibatu ziren ingurune seguru, neutro eta lagunduan.

Lehen esperientziaren amaieran, oso balorazio positiboa egin dute parte-hartzaileek, eta orain deribazio fasean sartzera doaz. Helburua da emakumeek jarduera fisikoa egiten jarraitu ahal izatea irailetik aurrera Irungo klubetan, kirol zentroetan eta beste espazio batzuetan.

Horretarako, udalerriko kirol eragileek hainbat proposamen aurkeztu dizkiete parte-hartzaileei, eta orain beren interesetara hobekien egokitzen diren alternatibak aukeratu ahal izango dituzte. Gainera, taldean sar daitezen bilatuko da, aktibazio fasean sortutako harremanei eta konfiantzari eusteko.

M proiektua Zarautzera hedatzeak indartu egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak emakumeen berdintasunarekin, osasunarekin eta parte-hartze aktiboarekin duten konpromisoa, eta baldintza inklusiboagoak sortzen ditu guztiek aukera izan dezaten bizitza aktibo eta osasungarri bateranzko lehen urratsa emateko.

  

717