Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa Alzheimerra duten pertsonen eta haien familien alde, ‘Gipuzkoa Alzheimerrarekin’ lelopean

Gipuzkoa Alzheimerra duten pertsonen eta haien familien alde, ‘Gipuzkoa Alzheimerrarekin’ lelopean

• AFAGIk erantzun kolektiboa aldarrikatu du: lurraldean Alzheimerra edo bestelako dementziak dituzten 13.000 pertsona baino gehiago bizi dira, eta 40.000 senide eta zaintzaile ingururi eragiten die errealitate honek. • Elkarteak eskatu du tratamendu berrien onura jaso dezaketen pertsonek tratamendu horiek eskuratzeko benetako aukera izan dezatela. • Irailaren 19an, larunbata, giza katea egingo da Donostiako Kontxako barandan, Cervantes plazaren parean, 12:00etan. Ekimenaren bidez, ikusarazi nahi da Alzheimerra ez lukeela inork bakarrik bizi behar.

.

Alzheimerraren Mundu Eguna dela eta, AFAGIk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak «Gipuzkoa Alzheimerrarekin» kanpaina aurkeztu dute gaur. Ekimen honen bidez, gaixotasun honekin bizi diren pertsonak, haien familiak eta egunero laguntza ematen dieten pertsonak jarri nahi dira erdigunean.

Aurten, AFAGIk sentsibilizazio-kanpaina hutsetik harago joan nahi du, eta konpromiso sozialeko mezu bat helarazi nahi du: Alzheimerra Gipuzkoako milaka familiaren errealitatearen parte dela, eta zaintza, eskubideak, ezagutza, berrikuntza eta komunitatearen babesa uztartuko dituen erantzuna behar duela. Aurkezpenean izan dira Maite Peña, Zainketen eta Gizarte Politiken diputatua, eta Iñaki Olalde, AFAGIko presidentea.

Alzheimerrarekiko ere zaintzen duen Gipuzkoa

Maite Peñak adierazi du AFAGIk aukeratutako «Gipuzkoa Alzheimerrarekin» leloak  oso ondo adierazten duela “gizarte gisa hartu behar dugun konpromisoa, errealitate honek gero eta pertsona gehiagori eragiten baitie”.

“Alzheimerraz hitz egitean, ez gara gaixotasun bati buruz bakarrik ari. Pertsonez, familiez, aldatzen diren harremanez eta laguntza berriak behar dituzten bizi-proiektuez ari gara. Horregatik, ‘Gipuzkoa Alzheimerrarekin’ esateak esan nahi du pertsona horien ondoan egon nahi dugula, alboan izango gaituztela prozesu osoan zehar”, adierazi du.

Diputatuak gogorarazi duenez, Gipuzkoan 13.000 pertsona baino gehiago bizi dira Alzheimerrarekin edo bestelako dementziekin bizi direnak, eta 40.000 senide eta zaintzaile inguru bizi dira zuzuenean errealitate horrekin.  

“Ezin ditugu kopuru hauek datu isolatu gisa ikusi. Zenbaki bakoitzaren atzean historia, nortasuna eta eskubideak dituen pertsona bat dago. Eta pertsona bakoitzaren atzean, laguntza eta babesa behar duen ingurune bat ere badago”, nabarmendu du Peñak.

Errealitate horren aurrean, eta biztanleriaren zahartze progresiboa kontuan hartuta, beharrei aurrea hartzearen beharra azpimarratu du Peñak. Izan ere, datozen urteetan dementziekin lotutako beharrak gero eta handiagoak izango dira. “Erronka sozial eta sanitario itzela dugu aurrean. Horregatik, aurrea hartzeko, prebenitzeko eta erantzuteko dugun gaitasuna indartu behar dugu”.

Testuinguru horretan, Prebentzioaren Kulturaren Zentro berria nabarmendu du. Zentroak Europan aitzindaria den eredu bat bultzatzen du, prebentzioa, arreta espezializatua eta lankidetza soziosanitarioa uztartuz. “Aurrerapauso bat ematen ari gara beharrei aurrea hartzeko eta prebentzioa Alzheimerra eta bestelako dementziak lantzeko moduaren parte izan dadin. Ikuspegi berri hori CITA GO-ON bezalako ekimenen bidez ari da dagoeneko gauzatzen. Programak prebentziozko esku-hartzeari ekin dio, eta 250 pertsonek parte hartzen dute komunitateko programan eta 29k eguneko zentroan. Lehen faseetatik bertatik, laguntza espezializatua eskaintzen da”, azaldu du.

Peñak AFAGIk egiten duen lana ere nabarmendu du. “AFAGIk lehen eskutik ezagutzen du zer esan nahi duen Alzheimerra duen pertsona bati eta haren familiari laguntzeak. Urteetako esperientziak, gertutasunak eta pertsonen ondoan egoteko gaitasunak ezinbesteko eragile bihurtzen du elkartea, Gipuzkoa zaintzen jarraitzeko”.

Alzheimerra, aurrea hartzea eskatzen duen errealitatea

Iñaki Olalde, AFAGIko presidenteak, Alzheimerra “ez dela etorkizuneko errealitate bat: hemen dago eta Gipuzkoako milaka familiaren bizitzaren parte da” gogorarazi du. Biztanleriaren zahartze progresiboaren aurrean, dementzien hazkundeari aurrea hartu eta erantzuna indartu beharra defendatu du. “Ezagutza gehiago, ikerketa gehiago, diagnostiko hobeak, baliabide gehiago eta eragile guztien arteko koordinazio handiagoa behar ditugu”, adierazi du.

Ildo horretan, detekzio goiztiarraren garrantzia azpimarratu du. Lehen seinaleak garaiz antzemateak laguntzak lehenago jasotzea, zaintzak hobeto antolatzea eta pertsonen autonomia eta bizi-kalitatea denbora luzeagoan mantentzea ahalbidetzen du.

Aurten, gainera, AFAGIk arreta berezia jarri nahi izan du Alzheimerra eskuratzeko aukera ematen duten tratamendu berrien inguruan. Hamarkadak igaro dira gaixotasunaren bilakaeran eragin dezakeen aurrerapenik gabe. “Tratamendu hauek ez dira sendabidea, ez dira pertsona guztientzat egokiak eta arriskuak dituzte. Baina pertsona batzuentzat, baldintza kliniko jakin batzuetan, gaixotasunaren bilakaera moteltzeko aukera izan daitezke”, azaldu du.

Horregatik, AFAGIk defendatzen du terapia horiek eskuratzeko aukera irizpide kliniko eta zientifikoetan oinarritu behar dela, baina baita ekitatea ere kontuan hartu behar dela: “Irizpide medikoak betetzen dituen eta tratamendu baten onura jaso dezakeen pertsona batek tratamendu hori eskuratzeko benetako aukera izan behar du”.

Konpromisoa ikusarazteko giza katea

AFAGIk mezu hori herritarrengana eramango du irailaren 19an, larunbata, Donostiako Kontxako barandan egingo den giza katearen bidez, Cervantes plazaren parean. Ekitaldia 12:00etan hasiko da eta 20 minutu inguruko iraupena izango du.

Elkarteak erakundeak, profesionalak, elkarteak, familiak, Alzheimerra duten pertsonak, boluntarioak eta herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu. Ekimenaren bidez, inor Alzheimerraren aurrean bakarrik gera ez dadila eta erantzuna guztion artean eraiki behar dela ikusarazi nahi da.

Irailean zehar, informazio-mahaiak ere jarriko dira hainbat udalerritan, herritarrei Alzheimerraz eta eskura dituzten laguntza-baliabideez informazioa hurbiltzeko: Zarautzen eta Mutrikun, irailaren 18an; Donostian, irailaren 19an; Pasai Donibanen eta Ordizian, irailaren 20an; eta Errenterian, irailaren 21ean.

  

1184