Gipuzkoa aurrera doa dermatosi nodularraren aurkako txertaketan, eta sokamuturrak beharrezko osasun-neurriekin egitea bermatzen du
Gipuzkoa aurrera doa dermatosi nodularraren aurkako txertaketan, eta sokamuturrak beharrezko osasun-neurriekin egitea bermatzen du
Gipuzkoa aurrera doa dermatosi nodularraren aurkako txertaketan, eta sokamuturrak beharrezko osasun-neurriekin egitea bermatzen du
Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko behi-aziendaren % 54 txertatu du jada dermatosi nodular kutsakorraren aurka. Aurrerapen horri esker, salbuespenak baimendu ahal izan ditu Azpeitian eta Tolosan ekitaldi tradizionalak egiteko, beharrezko osasun-berme guztiekin.

Gipuzkoako Foru Aldundia ahalegin berezia egiten ari da lurraldeko animalien osasuna dermatosi nodular kutsakorraren aurka babesteko. Hala, urtarrilaren 9an txertaketa prebentiboari ekin zionetik 23.889 abelgorri txertatu ditu, hau da, Gipuzkoako behi-aziendaren % 54a.
Neurri honen helburua da gaixotasunaren aurrean animalien osasuna eta lurraldearen segurtasuna bermatzea. Dermatosi nodular kutsakorrak Europako beste herrialde batzuetan izan du intzidentzia handiena; Gipuzkoan, aldiz, gaurko egunez, ez da kasurik erregistratu.
Aurrerapen horri esker, Foru Aldundiak salbuespenak baimendu ahal izan ditu Azpeitian eta Tolosan, sokamuturrak eta zezenketak bezalako ekitaldi tradizionalak egiteko, beharrezko osasun-neurri guztiekin.
Tradizioekiko eta sektorearekiko sentsibilitatea
Lurraldeko kultura zein tradizioekiko errespetuan eta abeltzaintza-sektoreari lotutako ekintzekiko sentsibilitate berezia azalduz, Lurralde Oreka Berdea departamentutik lehentasuna eman zaio ekitaldi tradizionaletan, hala nola sokamuturretan, parte hartzen duten animalien txertaketari, abeltzainen beharrei eta egoerari erantzunez.
Hala, txertaketa prebentiboan egindako aurrerapenei esker eta Euskal Herriko Boletin Ofizialean argitaratutako neurriei jarraiki, Azpeitian eta Tolosan ekitaldi tradizionalak egiteko salbuespenak baimendu ahal izan dira. Modu horretara, sokamuturrak eta zezenketak egin ahal izango dira inauterietan, animalien zein herritarren babesa bermatzeko osasun- eta segurtasun-protokolo guztiekin. Xabier Arruti diputatuak nabarmendu du animalien osasuna babestea lehentasuna dela, “baina baita gure tradizioak eta ohiturak segurtasunez ospatzen direla bermatzea ere".
Gainera, dermatosi nodularraren intzidentziak nabarmen egin du behera Frantzian eta Katalunian. Horri horrela, neurri egokiak hartuta, salbuespenak aplikatu ahal izan dira, osasun publikoa eta animalien ongizatea arriskuan jarri gabe.
Txertaketan egindako esfortzu berezi hori, beraz, funtsezkoa izan da sektoreari segurtasuna eta lasaitasuna emateko, eta, aldi berean, ekitaldi tradizional horiek osasun-berme guztiekin gozatzeko aukera eman die herritarrei. Hala, animalien babesaren eta gure tradizioen ospakizun seguruaren arteko oreka lortu da.
Arrutik prebentziozko txertaketaren balioa nabarmendu du, “funtsezkoa izan baita animaliak eta osasun publikoa babesteko eta gure tradizioak modu seguruan bizirik mantendu ahal izateko. Horrela, tradizioa, osasuna eta ardura eskutik joatea lortu dugu, guztion segurtasuna bermatuz eta gure ohiturak arduraz zainduz”.
511