Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa behi azienda guztia prebentzioz txertatzen hasi da Dermatosi Nodular Kutsakorraren aurka

Gipuzkoa behi azienda guztia prebentzioz txertatzen hasi da Dermatosi Nodular Kutsakorraren aurka

Gaur goizean argitaratu da Lurralde Historikoko behi-azienda guztientzako nahitaezko txertaketa ezartzen duen Foru Agindua. Guztira, 42.500 abelburu txertatzea aurreikusten da.

2026/01/09

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean argitaratu du Dermatosi Nodular Kutsakorraren aurkako Gipuzkoako behi azienda osoaren nahitaezko txertaketa ezartzen duen Foru Agindua. Gaurtik aurrera, behi-azienda osoa immunizatzeari ekingo zaio, prebentzio- eta kontrol-neurri gisa. Guztira, 1.900 ustiategitako 42.500 buru txertatuko dira.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak agerraldia egin du gaur goizean Aiako Testaje Zentroan prozesuari buruzko xehetasun gehiago emateko, Arantxa Ariztimuño Lurralde Oreka Berdeko zuzendari koordinatzailearekin eta Mikel Azpiri Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Sustapen eta Osasun zerbitzuburuarekin batera. Lurralde Oreka Berdeko diputatuak azaldu duenez, txertaketa lurraldeko eskualde guztietan egingo da aldi berean. Horretarako, “12 albaitari-talderi esleitu zaizkie lanak, eta behi-azienda osoari emango diote dosia, arraza edo adina edozein dela ere”. Foru erakundeak aurreikusten du prozesua bi hilabete inguruko epean osatuko dela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko ditu txertaketa prozesuari dagozkion gastuak eta behar diren ganadu mugimenduak egiteko osasun ziurtagiriak. Txertoak, berriz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eman ditu.

Diputatuak bere hitzaldia aprobetxatu du abeltzaintza-sektoreari azpimarratzeko “kanpaina eraginkorra izan dadin eta lurraldeko behi-etxolak babestuta egon daitezen, haren lankidetza ezinbestekoa dela”. Txertaketa prozesuari dagokionez, enpresa esleipenduna arduratuko da abeltzainekin harremanetan jartzeaz, esku hartzeko eguna eta ordua adosteko. Une horretatik aurrera, ustiategietako arduradunek datei eta antolaketari buruz ematen zaizkien jarraibideak bete beharko dituzte, baimendutako albaitariei sartzen utzi beharko diete, eta animaliak maneiatzen lagunduko dute txertaketa modu egokian egiteko.

Lurralde Oreka Berdeko diputatuak gogorarazi du gaur egun Gipuzkoan ez dela dermatosi nodularreko fokurik detektatu, eta immunizazioa prebentzio neurri bat dela, gaixotasunaren sarrera eta hedapena zailtzeko. Txertaketaz gain, Arrutik gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundia ganadu mugimendu guztiak kontrolatzen ari dela EAEtik kanpo, urriko osasun kontrol aginduan ezarritakoaren arabera, Katalunian eta Frantzia hegoaldean lehen fokuak detektatu ondoren. “Orain arte egindako kontroleko PCR guztiak negatiboak izan dira”, adierazi du.

Arrutik gogorarazi du dermatosi nodular kutsakorrak ez diela gizakiei edo beste animalia espezie batzuei eragiten, “behi aziendaren gaixotasun biriko esklusiboa baita”. Ildo horretan, behi eta esne haragiaren kontsumoa erabat segurua dela azpimarratu du.

Dermatosis Nodular Kutsakorrari buruz

Dermatosi nodular kutsakorra gaixotasun birala da, behiei bakarrik eragiten diena. Birusa intsektu bektoreen bidez transmititzen da (eltxoak, kaparrak, ezpatak) eta ganaduen arteko kontatu zuzen bidez edota material kutsatuen bidez kutsa daiteke.

Gaixotasunaren sintoma nagusienak hauek dira: sukarra, larruazalean eta mukosetan noduluak agertzea, gongoil linfatikoen hantura, larruazaleko edema eta, kasu larrietan, animaliaren heriotza.

Gaixotasunak eragin ekonomiko handia du, batez ere esne-behietan, ekoizpena nabarmen murrizten baitu.

Hedapena saihesteko, txertaketa eta mugimenduen kontrola bezalako neurriez gain, bio segurtasun neurriak hartu behar dira, hala nola animalia berrien berrogeialdia, ibilgailuak eta langileak ustiategietara sartzeko kontrola. Era berean, arreta berezia jarri behar da instalazioetan, ibilgailuetan eta animalietan baimendutako intsektiziden bidezko garbiketa eta desinfekzioa egitean funtsezkoa baita hau ere hedapena geldiarazteko.

  

2189