Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa Realarekin bat egingo du 11 udalerritan fan zone-ak jarriz

Gipuzkoa Realarekin bat egingo du 11 udalerritan fan zone-ak jarriz

Gipuzkoako biztanleriaren erdiak bere udalerrian izango du Errege Kopako finala jarraitzeko fan zone bat. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek 11 gune jarriko dituzte lurralde osoan banatuta, eta, gainera, garraio publikoa indartuko da ospakizun partekatua, erosoa, eskuragarria, segurua eta jasangarria izan dadin.

2026/04/14
Kopa

Gipuzkoak bere babesa erakutsiko dio Realari apirilaren 18an Sevillan jokatuko den Errege Kopako finalean, lurraldeko 11 udalerritan pantaila erraldoiak dituzten fan zoneak jarriz. Ekimen horri esker, gipuzkoarren %50ek, hau da, bi pertsonatik batek, bere udalerrian bertan izango du fan zone bat partida jarraitu eta talde txuri-urdinaren inguruan jai giroan eta batasunez gozatzeko.

Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak abiarazi du, eta udalen inplikazio zuzena du. Udalek pantaila erraldoiak jarriko dituzte euren herrietako espazio publikoetan, norgehiagokaren emanaldian herritarrak bertan elkartu eta gozatu ahal izateko.

Goizane Álvarez Kultura eta Kiroletako diputatuak nabarmendu duenez, "ekimen honek oso ondo islatzen du lurralde gisa garena: Gipuzkoak bat egiten du Realari laguntzeko une itxaropentsu eta berezi batean. Finala gure herri eta hirietan bizitzea nahi dugu, modu hurbilean, partekatuan eta herritar guztiei irekita; izan ere, kirola komunitatea egiteko, kidetasun-sentimendua indartzeko eta batzen gaituena elkarrekin ospatzeko modu bat ere bada".

Finalaren jarraipena egiteko, herri hauek izango dute pantaila erraldoia: Zumarraga, Tolosa, Zarautz, Lasarte, Zumaia, Hondarribia, Eibar, Elgobibar, Legazpi, Azkoitia eta Urretxu.

Gainerako herritarrentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoko zerbitzuak indartuko ditu, joan-etorriak errazteko eta jende gehiagok fan zone-etan antolatutako jarduerez modu eroso, eskuragarri, seguru eta jasangarrian gozatu ahal izateko.

Ekimenaren helburua bikoitza da: alde batetik, erakundeek eta gizarteak Reala sozialki babestea hitzordu historiko batean, eta, bestetik, ospakizun kolektibo, hurbil eta jasangarri bat sustatzea, alferrikako joan-etorriak saihestuz eta espazio publikoaren erabilera arduratsua sustatuz.

Gipuzkoak Realari emandako babesa Anoetako estadioan egindako ekitaldi instituzional batean ere irudikatu da. Bertan izan dira Goizane Álvarez Kultura eta Kiroletako diputatua; José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua; Azahara Domínguez Mugikortasuneko diputatua; Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua; Roberto Ramajo, Kirol zuzendaria; Carlos Rivero,  Hondarribiako Realzale Basque Txuriurdin Peñako ordezkaria eta Ivan Saenz, Hondarribiko Itxaropena tabernakoa; baita inplikatutako udalerrietako alkate eta zinegotziak ere, Realaren maskota ofiziala den Txurdinekin eta klubeko presidenteorde Joseba Ibarbururekin batera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak kirolak kohesio-elementu gisa duen balio sozial eta emozionala azpimarratzen du, bai eta lurraldeko talde batek berriz ere Koparen finala jokatzeak dakarren harrotasuna ere. Fan zonen bidez, Sevillako zirrara Gipuzkoara eramango da, proiektua txuri-urdinaren inguruko komunitate- eta kidetasun-sentimendua indartuz.

Informazioa

Fan zone-ak 17:30etik 00:00etara egongo dira martxan, eta herritarrek egun osoa giro festivean, familian eta modu irekian gozatzeko prestatutako egitaraua izango dute.

Egitaraua honako hau izango da:
17:30etik 20:30era, puzgarriak;
17:30etik 19:30era, aurpegi margoketa;
17:30etik 19:30era, DJ dinamizatzailea;
19:30etik 21:00etara, txaranga;
21:00etatik 23:00etara, finalaren emanaldia;
eta 23:00etatik 00:00etara, amaiera festa.

Fan zone-en kokalekuak honako hauek izango dira:
Zumarraga, Euskadi plaza (euria eginez gero, Beloki pilotalekura lekualdatuko da);
Tolosa, Plaza Berria;
Zarautz, Zelai Ondo;
Lasarte-Oria, Okendo plaza;
Zumaia, Odieta;
Hondarribia, Arrantzale Auzoa;
Eibar, Unzaga plaza;
Elgoibar, Maalako Estalpea;
Legazpi, Euskal Herria plaza (euria eginez gero, Azokara lekualdatuko da);
Azkoitia, Herriko plaza (euria eginez gero, Gurea pilotalekuan izango da);
eta Urretxu, Gernikako Arbola plaza.

Horrela, Gipuzkoak herritarrak gonbidatzen ditu txuri-urdinez janztera, beren herrietan elkartzera eta Real Sociedad elkarrekin babestera, dagoeneko Gipuzkoako kirolaren historia hurbilaren parte den hitzordu honetan.

Guazen Reala!

  

8935