Gipuzkoak 2026a 7.080 milioi euroko diru-bilketarekin ixtea aurreikusten du
Gipuzkoak 2026a 7.080 milioi euroko diru-bilketarekin ixtea aurreikusten du
Lurraldeko ekonomiaren portaera onari esker, 2026rako aurreikuspenak % 1,3 gainditu ahal izango dira. Udalek hasieran aurreikusitakoa baino 9,1 milioi gehiago jasoko dituzte aurten, bilketaren bilakaera positiboari esker. Inflazioaren hazkundearen eta horrek etxeko ekonomian duen eraginaren aurrean, PFEZn % 3ko deflaktazioa aplikatzea aurreikusten da.
Eider Mendoza Gipuzkoako foru diputatuak agerraldia egin du gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietako Erakundeen, Gobernuaren eta Araudiaren Batzordean, Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuarekin batera, euskal erakundeek egindako azterketaren berri emateko, atzo, osteguna, Gasteizen egindako Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan, aurtengo eta datorren urteko itxiera aurreikuspenei dagokienez. “Gipuzkoako ehun ekonomikoa indartsu dago eta dinamismo positiboari eusten ari da, honek hasierako aurreikuspenak gainditzea ahalbidetu du” nabarmendu du Mendozak 2026an Gipuzkoan bildutako diru kopuruari buruzko balantzea egin duenean. Hala, foru diputatuak adierazi du Gipuzkoak urtea 7.080 milioi euro inguruko diru-bilketarekin itxiko duela, 2025eko urrian egindako hasierako kalkuluak baino % 1,3 gehiago. 2025eko itxierarekin alderatuta, aurten bilketa % 5,3 handitzea aurreikusten da, hau da, aurreko ekitaldian baino 355 milioi gehiago biltzea aurreikusten da.
2027ari begira, Finantzen Euskal Kontseiluan egindako zenbatespenek % 5,7ko igoera aurreikusten dute Gipuzkoako lurraldeko diru bilketan, 401 milioi gehiago 2026ko itxiera aurreikuspenarekin alderatuta, 7.481 milioi eurora iritsiz.
Era berean, foru-diputatuak bere hitzaldia aprobetxatu du helarazteko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak uztailaren 9an hartutako erabakiaren barruan nabarmen aldatu dela Estatuak Euskadin mendekotasunaren arloan egin beharreko finantzaketaren esparrua, eta, horrela, aurretik zegoen egoera osatzen dela hirugarren finantzaketa-bide egonkor eta arautu bat ezarriz, Ekonomia Itunaren sistemari jarraiki. Mendozaren hitzetan, “albiste ona da, izan ere zaintza gure lurraldean daukagun erronka nagusienetariko bat da eta erronka honi aurre egin ahal izateko baliabide gehigarriak dira hauek". Baliabide horien banaketari dagokionez, foru diputatuak adierazi du erakunde arteko lantalde bat sortzea aurreikusten dela, finantzaketa euskal erakundeen artean banatzeko eredua ezartzeko.
Azkenik, batzarkide taldeei jakinarazi die hiru lurraldeek erabaki dutela 2027rako % 3ko deflaktazioa proposatzea, inflazioak EAEn dituen ondorioak arintzeko. Foru diputatuak adierazi duenez, “Ogasun eta Finantza Departamentuaren eta Eustaten datuen arabera soldatak inflazioaren antzeko mailara igo badira ere gure lurraldean ( % 4,3), erosketa saskiko edo hidrokarburoetako prezioen igoerak eskatzen du deflaktazio hori 2027rako aplikatzea, prezioen igoera horren eragina arintzen lagundu ahal izateko”. Hala, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera, lan atxikipenen taulak deflaktazio horretara egokituko dira. Deflaktazio horren aplikazioak 48 milioi euroko eragina izango du zergadunen alde.
Udal Finantzaketarako Foru Funtsa
Udalak Finantzatzeko Foru Funtsak (UFFF), Gipuzkoako udalen finantzaketa-mekanismo nagusiak, 730 milioi euroko zuzkidura izango du 2025ean, diru-bilketaren aurreikuspenetan hasieran aurreikusitakoa baino 9,1 milioi euro gehiago (+%3,9). Itziar Agirrek, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, kopuru horren berri eman du gaur goizean Foru Jauregian lurraldeko udal ordezkariekin izandako Gipuzkoako Finantza Kontseiluan.
Bertan izan dira, Itziar Agirre foru diputatuaz gain, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatua; Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua, Gobernantzako foru diputatuaren ordezkari gisa; eta Bittori Zabala Zerga eta Finantza Politikako zuzendaria, baita Eudeleko ordezkariak ere: Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea; Jon Iraola Eibarko alkatea; Kerman Orbegozo Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantzetako zinegotzi ordezkaria eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, bai eta Joseba Intxausti Eudeleko Antolakuntza burua eta Joxean Lapeira Ogasun eta Finantza Saileko Azterlan Ataleko burua ere.
Agirrek gogorarazi du euskal erakunde sistema arrisku partekatuko sistema bat dela, eta albiste positiboak daudenean erakunde maila guztietan mesede egiten digula. Zentzu horretan, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak bilera aprobetxatu du jakinarazteko 2027an FOFIMek 773 milioi euro izango dituela, 2026ko ekitaldiko likidazio aurreikuspena baino % 5,7 gehiago.
2223