Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak 6.725 milioi euro bildu ditu 2025ean

Gipuzkoak 6.725 milioi euro bildu ditu 2025ean

Zerga-bilketa metatua % 10,8 igo da aurreko urtearen aldean

2026/01/23
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoak 6.725 milioi euroko zerga-bilketa metatuarekin itxi du 2025a, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta 654,9 milioi euro gehiago (+%10,8). Sarrera gordinak % 7,1 igo dira eta itzulketak % 4,4 jaitsi. Zuzeneko zergak % 8,8 handitu dira, zeharkako zergak % 12 eta Estatuarekiko doikuntzak % 15,4.

Abendura arte erregistratutako bilakaera positiboa diru-sarreren hazkundeak azaltzen du: lan-etekinen gaineko atxikipenak, kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenak, BEZa, Zerga Bereziak eta ondare-eskualdaketen gaineko zerga. Bestalde, abendura arte metatutako diru-bilketan eragin negatiboa izan duten faktoreen artean, ondare irabazien atxikipenak jaitsi direla eta sozietateen gaineko zergaren itzulketak handitu. Era berean, Auzitegi Gorenaren epaiak eragindako mutualistei egindako itzulketek – Foru Aldundiak 2024an aurre egin behar izan zien – murrizketa handia eragin dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kuota diferentzial garbiaren itzulketetan, eta horrek eragin positiboa izan du 2025eko diru-bilketan.

Zergei dagokienez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 6,1 igo dira, hau da, 141,6 milioi euroko igoera aurreko urtearekin alderatuta. PFEZaren kuota diferentzial garbiagatiko sarrerak 11,7 milioi euro handitu dira, eta itzulketak 149,8 milioi euro gutxitu dira; beraz, bilketa likidoa 161,5 milioi euro handitu da abendura arte, iazko epe berarekin alderatuta. Hori guztia, aurreko paragrafoan aipatutako mutualistei egindako itzulketen ondorioz. Osagai guztiak kontuan hartuta, PFEZaren bilketa garbiak % 12,3 egin du gora, hau da, 287,5 milioi euroko igoera.

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiagatiko sarrerak 75,1 milioi jaitsi dira abendura arte 2024ko aldi berarekin alderatuta. Murrizketa horren arrazoi nagusia aurreko ekitaldian sartu ziren errendimenduaren gaineko atxikipenen itzulketak dira.

Kudeaketa propioko BEZari dagokionez, BEZaren bilketa metatua, aurreko urtearekin alderatuta, % 14,2 igo da, hau da, 205,3 milioi euroko igoera egon da diru-bilketan. Atal honetan, Gipuzkoako sarrerak 131,7 milioi euro handitu dira (+%6,8), itzulketak 11,0 milioi gutxitu dira (-% 1,1) eta lurralde arteko doikuntzak 62,5 milioi gehiago dira (+%12,4).

Zerga berezien kasuan, tabako-laboreen gaineko zergaren bilketa % 6,9 hazi da, hau da, 9,1 milioi euro gehiago. Elektrizitatearen gaineko zergaren bilketa % 43,9 igo da, hau da, 7,3 milioi euroko igoera aurreko urtearekin alderatuta, onartutako arau aldaketengatik.

Azkenik, Estatuarekiko doikuntzen atalean (+%15,4), aurreko urtearekiko bilketa metatua 99,2 milioi handitu da BEZean eta 14,8 milioi hobetu zerga berezietan. Estatuarekin egindako doikuntzetatik honako hauek nabarmendu behar dira: inportazioen BEZagatiko doikuntzaren igoera 64,6 milioitan; eta hidrokarburoen doikuntzagatik aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoaren jaitsiera 17,2 milioitan.

Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuak lurraldeko ekonomiaren bilakaera positiboa azpimarratu du, sendotasunari eusten baitio. Hala, “urtea hasierako aurreikuspenak gaindituz itxi dugu, eta urriko itxierako zenbatespena ere hobetu dugu, 6.725 milioi euro bildu baititugu. Eta hori guztia, 2025ean lurraldeko ehun ekonomikoaren martxa onari eta indarrari esker”.

  

2429