Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak Agentzia aurkeztu du, zainketa eta gizarte politiken ebaluazioan espezializatutako Europako lehen agentzia

Gipuzkoak Agentzia aurkeztu du, zainketa eta gizarte politiken ebaluazioan espezializatutako Europako lehen agentzia

Instituzioetako, gizarte-entitateetako, udalerrietako, autonomia-erkidegoetako, unibertsitateetako, Europako ebaluazio-agentzietako eta nazioarteko erakundeetako 350 ordezkarik baino gehiagok parte hartu dute Gipuzkoako zaintza-ereduan mugarri bat ezartzen duen proiektuaren aurkezpenean. Agentzia Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen du, Donostiako eta Eibarko udalekin batera, eta zentroak, zerbitzuak, erakundeak, bizi-kalitatea eta gizarte-politikak ebaluatzeko sortu da, helburu argi batekin: pertsonen bizi-kalitatea hobetzea. Atzo bertan, Gizarte Zerbitzuen Kalitatea Ebaluatzeko Agentzien Europako Sarea eratu zen, Gipuzkoak sustatuta.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoak Zainketak eta Gizarte Politikak Ebaluatzeko Agentzia aurkeztu du gaur. Ekimen aitzindaria da, eta gizarte-politikak diseinatzeko, ebaluatzeko eta hobetzeko modua guztiz aldatuko du. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako eta Eibarko udalek sustatu dute partzuergo publiko hau, eta beste administrazio eta erakunde batzuk ere sar daitezke. Bere eginkizuna da ebaluazioa etengabeko ezagutza-, ikaskuntza- eta hobekuntza-tresna bihurtzea, ebidentzia txertatuz gizarte-politikak indartzeko eta zainketek pertsonen premiei gero eta hobeto erantzuten dietela bermatzeko elementu nagusi gisa.

Aurkezpena Tabakaleran egin da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du. 350 pertsona baino gehiago bildu dira, hainbat sektoreren ordezkari artean: hirugarren sektoreko erakundeak, udaletako, EAEko eta beste autonomia-erkidego batzuetako erakundeak, unibertsitateak, ezagutza-zentroak, zaintza-arloko profesionalak, Europako ebaluazio-agentziak eta nazioarteko erakundeak. Gizarte-zerbitzu publikoen Europako sare nagusia den European Social Network (ESN) erakundearen laguntza izan du jardunaldiak, eta Alfonso Lara Montero bertako zuzendari exekutiboak hartu du parte, bai eta Belgika, Irlanda, Suedia eta Frantziako ebaluazio-agentzia eta -erakundeetako zenbait ordezkarik ere, gizarte-zerbitzuen kalitatearen ebaluazioaren arloan Europan izandako esperientzia aurreratuenetako batzuk partekatzeko.

Tabakaleran egin den ekitaldiaren hasieran, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, Agentziari buruzko azalpenetan sakondu du, hura sortzearen zergatiak zehaztuz, Gipuzkoako testuinguru sozialean kokatuz eta haren funtzio nagusiak eta tresna berri horren garrantzia nabarmenduz: “Gizarte politiken arloan dugun erronka handienari heltzeko ezinbesteko tresna izango delako: jasangarritasuna”, zehaztu du.

“Zalantzarik gabe, Agentziarekin urrats erabakigarria ematen dugu gizarte politiken jasangarritasunean. Gure helburua etengabeko hobekuntza aplikatzea da, eta tresna berri honekin, ebaluazioan aurrera egiten dugu, erabaki estrategikoak oinarri objektiboetatik orientatzeko, eta ez pertzepzioetan soilik”, adierazi du. Era berean, azpimarratu du begien aurrean dugun erronka “izugarria” dela eta “guztiok interpelatzen gaituena”, gainera. Horregatik, “erronka handi” horri aurre egiteko, “sinplifikazioetatik eta planteamendu utopikoetatik” harago joan behar da diputatu nagusiaren hitzetan. Horregatik, defendatu du Agentziak pauso “errealistak, egingarriak, bermatzaileak eta jasangarriak” ematen lagunduko duela, zainketen eraldaketan sakontzen jarraitzeko, fokua “beti” pertsonen bizi kalitatean jarriz: “Hori da bidea inor atzean ez uzteko”, ondorioztatu du.

Gizarte-erronka handiei erantzutea

Gipuzkoa bere zaintza-eredua guztiz eraldatzen ari da, datozen hamarkadetako erronka sozial eta demografiko handiei erantzuteko. Helburua da sistema pertsonalizatuago, prebentiboago eta komunitarioago baterantz aurrera egitea; izango da pertsonen bizi-proiektuetan zentratutako sistema, gero eta bizitza luzeagoa duen eta askotariko laguntza-premia konplexuagoak eta familia- eta gizarte-errealitate berriak izango dituen gizarte bati erantzuteko gai izango dena.

Eraldaketa hori uste sendo batetik abiatzen da: ez da nahikoa baliabideak handitzea edo zerbitzu berriak sartzea. Beharrezkoa da autonomia sustatzen duen, laguntza komunitarioak indartzen dituen, erakundeen arteko koordinazioa bultzatzen duen eta pertsona bakoitzaren bizi-kalitatea eta lehentasunak politika publikoen erdigunean jartzen dituen eredu baterantz eboluzionatzea. Agertoki berri horretan, ebaluazioa ezinbesteko tresna da zerk funtzionatzen duen jakiteko, ebidentziatik ikasteko eta zaintza-sistema etengabe hobetzeko.

Ebaluatu ikasteko, hobetzeko eta erabakitzeko

Helburu horrekin, Agentziak ebaluazio-eredu berri bat txertatu du, ezagutzan, ebidentzian eta etengabeko hobekuntzan oinarritua. Ebaluazioa ez da soilik egiaztapen-mekanismo bat, ikasteko, ezagutza sortzeko, indarguneak eta hobetzeko aukerak identifikatzeko eta erabaki publikoak orientatzeko aukera ematen duen tresna bat baizik.

Hortik abiatuta, Agentziak hiru funtzio nagusi izango ditu: informazioa emateko ebaluatzea, zerbitzuen kalitateari buruzko informazio objektiboa, zorrotza eta independentea emanez; hobetzeko ebaluatzea, profesionalei, erakundeei eta administrazioei etengabeko berrikuntza-prozesu batean lagunduz; eta erabakitzeko ebaluatzea, gizarte-politikak eraginkortasun, gardentasun eta eragin handiagoarekin planifikatzen eta orientatzen lagunduko duen ebidentzia emanez.

Eredu propioa, Gipuzkoara egokitua

Ofizialki gaur aurkeztu bada ere, ebaluazio-eredu propio bat, Gipuzkoako errealitatera egokitua eta Europako esperientzia aurreratuenekin lerrokatua eraikitzeko 2022an hasitako prozesu baten emaitza da Agentzia.

Europako beste eredu batzuetan ez bezala, non ebaluazio-funtzioak erakunde desberdinen artean banatuta dauden, Agentziak erakunde publiko berean integratuko ditu zentro eta baliabide sozialen, zerbitzu eta prestazioen, erakundeen, planen eta politika publikoak zehazteko programen ebaluazioa, eta zaintzarako zerbitzuak eta laguntzak jasotzen dituzten pertsonen bizi-kalitatearen neurketa.

Eredu hori garatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak European Social Network (ESN) erakundearekin, Gipuzkoako zenbait erakunderekin eta ebaluazioan espezializatutako Europako zenbait erakundeekin lan egin du ikaskuntza-prozesu batean. Horri esker, ESNk sustatutako kalitate-estandar europarrak Gipuzkoako testuingurura egokitu ahal izan dira. Lan horretan, ikaskuntza-bisitak egin dira Suediara eta Eskoziara, ebaluazio-metodologia espezifikoak garatu dira eta bizi-kalitatea erabiltzaileen ikuspegitik neurtzeko ASCOT eredua txertatu da.

Horri guztiari esker, Agentziak kalitate-erreferentzia propio bat garatu ahal izan du Gipuzkoarentzat, erakunde hornitzaileentzako egiaztapen- eta ziurtapen-sistemak ezarri ahal izan ditu, eta zerbitzuen eta gizarte-politiken benetako inpaktua neurtzeko metodologiak, adierazleak eta ebaluazio-tresnak izan ditu.

Era berean, Agentziak argi eta garbi bereiziko ditu ebaluazio- eta ikuskapen-funtzioak. Ikuskaritzak araudia betetzen dela bermatzen duen bitartean, ebaluazioak zerbitzu eta politika publikoen eragina aztertuko du eta hobetzeko aukerak identifikatuko ditu.

Gipuzkoak Ebaluazio Agentzien Europako Sarea bultzatu du

Agentziaren bokazio europarrak beste urrats bat eman du Gizarte Zerbitzuen Kalitatea Ebaluatzeko Agentzien Europako Sarea sortuta. Sare hori Gipuzkoak sustatu du, eta agentziaren aurkezpen ofizialaren bezperan Foru Jauregian izandako topaketa batean formalizatu zen.

Eider Mendoza diputatu nagusiarekin eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuarekin batera, Alfonso Lara Montero European Social Network (ESN) erakundearen zuzendari exekutiboa izan zen bileran, bai eta Belgika, Irlanda, Suedia eta Frantziako ebaluazio-agentzia eta -erakundeetako ordezkariak ere. Azken horiek beren esperientziak partekatu zituzten, eta gizarte-politiken ebaluazioan espezializatutako Europako erakunde nagusien arteko lankidetza-gune iraunkor baten oinarriak ezarri zituzten.

Sare berria metodologien trukea errazteko, estandar komunak garatzeko, Europako proiektuak bultzatzeko, ongizate-sistema publikoen ebaluazio-gaitasunak indartzeko eta administrazioen eta erakunde espezializatuen arteko ikaskuntza sustatzeko sortu zen.

Lankidetza-akordioan jasotako konpromisoen artean dago, halaber, 2030etik aurrera nazioarteko batzorde bat sortzea, Agentziaren garapenari laguntzeko kanpo-ebaluazio independente baten bidez, gardentasunarekiko, objektibotasunarekiko eta etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa indartuta.

  

1486