Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak aitzindaria den eredua jarri du abian adinekoen hauskortasunari aurre hartzeko eta haien autonomia luzaroago mantentzen laguntzeko

Gipuzkoak aitzindaria den eredua jarri du abian adinekoen hauskortasunari aurre hartzeko eta haien autonomia luzaroago mantentzen laguntzeko

Proiektuak 12 esku-hartze programa garatuko ditu 24 hilabetez, eta lurraldeko ia 5.000 herritarrei egingo die mesede, aurreikuspenean, prebentzioan eta komunitatean oinarritutako eredu baten bidez. 700 gailu eta irtenbide teknologiko baino gehiago modu ibiltarian jarriko dira etxebizitzetan, udal-baliabideetan eta eguneko zentroetan, adinekoen gaitasun funtzionala luzaroago mantentzen laguntzeko, mendekotasunari aurre hartzeko eta beren etxean ahalik eta denbora gehien bizitzea ahalbidetzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak gaur aurkeztu dute Iraupen luzeko bizitzan esku-hartze goiztiar integraturako eredua, aitzindaria den ekimena. Eredu honek hauskortasunaren prebentzioa zainketen arloko politika publikoen erdigunean kokatzen du, eta adinekoei laguntzeko modu berri bat proposatzen du, beren autonomia eta gaitasun funtzionala ahalik eta epe luzeenean mantendu dezaten, eta beren bizi-proiektua etxean eta komunitatean garatzen jarrai dezaten.

HABICeko Living Laben egin den aurkezpenean parte hartu dute Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu eta Adinberriko presidenteak, eta Rakel San Sebastián Adinberriko zuzendariak. Gipuzkoak sustatzen duen zainketa-ereduaren eraldaketan beste urrats bat den proiektua aurkeztu dute, prebentzioan oinarritutako ikuspegia indartzeko helburuarekin. Aurkezpenean, halaber, Dora Bárcena 76 urteko herritarrak ere parte hartu du, eta proiektuan erabiliko diren gailu teknologikoak bertatik bertara probatu ditu.

Eider Mendoza diputatu nagusiaren hitzetan, ekimen honek "balio eta aukera handiak" eskaintzen ditu, helburua "berrikuntzaren bidez prebentzioa indartzea" baita. «Kontua ez da teknologia erabiltzea besterik gabe; teknologia horren eragina probatu eta ebaluatu nahi dugu, etorkizunari aurrea hartzeko ikuspegiarekin. Mendekotasuna agertu aurretik jardun nahi dugu, hauskortasun-egoerak garaiz antzemanez eta pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako programen bidez esku hartuz, narriadura funtzionala atzeratu edo, ahal den neurrian, lehengoratzeko. Berrikuntza pertsonen zerbitzura jarri nahi dugu, nahi duten lekuan bizitzen jarrai dezaten: beren etxean, ohiko harremanei, ohiturei eta bizi-proiektuari eutsiz», adierazi du.

Eredu erreaktibotik aurreikuspenean eta prebentzioan oinarritutako eredura

Iraupen luzeko bizitzan esku-hartze goiztiar integraturako ereduak paradigma-aldaketa dakar adinekoen arretan. Orain arte mendekotasuna agertu ondoren jarduten duen ereduaren ordez, honek aurreikuspenean, prebentzioan, pertsonalizazioan eta komunitatean oinarritutako ikuspegia proposatzen du. Helburua da gaitasun funtzionalaren narriadurari aurrea hartzea eta pertsonen autonomia baldintzatzen duten faktoreetan garaiz esku hartzea.

Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Tokiko Zaintza Ekosistemen baitan garatzen da, eta bat dator Adinberrik iraupen luzeko bizitzaren arloan bultzatzen duen berrikuntza-estrategiarekin. Ereduaren berrikuntza nagusia da hainbat irtenbide teknologiko esku-hartze eredu bakar batean integratzea. Horrela, teknologia ez da helburu bat berez, baizik eta arreta pertsonalizatuagoa, hurbilagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko tresna.

Proiektuak ia milioi bateko aurrekontua du, Europar Batasunaren Next Generation EU funtsen bidez finantzatua, eta 24 hilabetez garatuko diren 12 esku-hartze programaren bidez ia 5.000 pertsonari mesede egitea aurreikusten da. Epe horretan, ereduak gaitasun funtzionalean, ongizatean eta mendekotasunaren prebentzioan duen eragina ebaluazio zientifiko baten bidez neurtuko da.

Hedapen honetan Gipuzkoako berrikuntza eta zainketen ekosistemako hogei eragile baino gehiagok parte hartuko dute. Horrela, administrazio publikoen, enpresa teknologikoen, gizarte-erakundeen, ezagutza-zentroen eta gizarte eta osasun-arloko profesionalen arteko lankidetza-eredua sendotuko da.

Zainketetarako teknologia konektatua

Proiektuaren ezaugarri bereizgarri nagusietako bat da ez duela gailu teknologikoak modu isolatuan banatzea planteatzen. Irtenbide guztiak esku-hartze goiztiarreko eredu beraren parte dira, eta arreta-ibilbide pertsonalizatuen barruan, modu koordinatuan erabiliko dira.

Gainera, ekipamenduak izaera ibiltaria eta txandakakoa izango du. Horri esker, udalerri, baliabide eta programa desberdinen artean mugitu ahal izango da, ahalik eta pertsona gehienengana iristeko, inbertsio publikoa hobeto aprobetxatzeko eta berrikuntza lurralde osora zabaltzeko.

Eredu hau osatzen duten irtenbideen artean nabarmentzekoak dira sentsoreen bidezko errehabilitazio-sistemak, entrenamendu kognitiborako softwarea, errealitate birtualeko plataformak, robotika sozialeko gailuak, geolokalizazioa duten erloju adimendunak, botikak kudeatzeko banagailu adimendunak, etxerako sarraila elektronikoak, telebistaren bidez komunikatzeko plataformak, jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria sustatzeko aplikazioak, eta zaintzaileen osasuna babesteko diseinatutako exoeskeletoak.

Gaitasun funtzionala mantentzeko sei esku-hartze arlo

Iraupen luzeko bizitzan esku-hartze goiztiar integraturako ereduak pertsonen autonomian eragina duten faktore nagusiak aldi berean lantzen ditu, ongizatearen sei esku-hartze arloren bidez.

Arlo fisikoan, Athlon enpresak garatutako ekipamendu terapeutikoa erabiliko da, eta 210 pertsonengana iritsiko da. Horrez gain, Neuroreha enpresaren sentsoreen bidezko errehabilitazio-sistemek beste 150 pertsoni emango diete zerbitzua. Horri Wellks aplikazioa gehitu behar zaio, Gipuzkoa osoan 3.000 pertsona baino gehiagoren artean jarduera fisikoa sustatuko duena.

Elikaduraren arloan, Bide aplikazioa erabiliko da. Aplikazioa GOe Tech Center zentroak garatu du, Basque Culinary Center-en gastronomiako teknologia-zentroak, eta elikadura-ohitura osasungarriak sustatzea du helburu. Gizarte eta emozio-loturaren arloan, berriz, Inrobics enpresaren robotika sozialeko irtenbidea erabiliko da, isolamenduaren arrakala murrizteko asmoz, eta Vera plataforma ere izango da eskura. Plataforma hori OHLA enpresak garatu du, eta eguneko zentro bateko zerbitzuetara modu birtualean sartzeko aukera ematen du.

Arlo kognitiboan, Ubikare enpresak garatutako softwareari esker 475 pertsonekin hartu ahal izango da esku. Bestalde, OROI enpresaren errealitate birtualeko 68 gailuk estimulazio kognitiboko eta oroimenaren lanketarako programak eskainiko dituzte, eta 700 pertsona baino gehiagorengana iristea aurreikusten da.

Gaitasun funtzionalaren eta segurtasunaren arloan, ereduak MasOrange enpresaren 468 erloju adimendun izango ditu, BetiON zerbitzuarekin konektatuta; Fagor Healthcare enpresak garatutako 50 botika-banagailu adimendun; eta SALTO enpresaren 60 sarraila elektroniko, bereziki zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonentzat.

Zeharkako baliabide gisa, proiektuak tablet digitalak ere izango ditu. Gailu horiek irtenbide teknologiko guztietarako sarbidea erraztuko dute, eta adinekoen artean dagoen eten digitala murrizten lagunduko dute.

Azkenik, ereduak zaintzaileei bereziki zuzendutako esku-hartze arlo bat ere jasotzen du. Gogoa enpresak garatutako 110 exoeskeleto ergonomiko erabiliko dira, gerrialdeko muskulu-lesioak %60raino murrizteko eta zaintzaileek jasaten duten karga fisikoa %35 gutxitzeko. Horrela, zainketen profesionalizazioa sustatu eta sistemaren giza kapitala babestu nahi dira.

Ebidentzian oinarritutako eredua

Proiektuaren hedapenarekin batera, ebaluazio-sistema zorrotza ezarriko da, erabiliko diren irtenbide teknologikoen ezarpen-maila ez ezik, haien emaitza funtzionalak eta epe ertainera zein luzera izango duten eragina ere neurtzeko.

Ereduak hainbat adierazle aztertuko ditu, besteak beste, gaitasun funtzionalaren hobekuntza, tratamenduekiko atxikimendua, gaitasun kognitiboen mantentzea, zaintzaileen gainkarga fisikoaren murrizketa, ospitaleratzeak prebenitzeko gaitasuna eta sistemak mendekotasun-egoerak atzeratzeko nahiz pertsonak beren etxean luzaroago bizitzen jarrai dezaten duen ahalmena.

Programak hainbat baliabidetan garatuko dira: pertsonen etxeetan, eguneko zentroetan, eguneko arreta-zerbitzuetan, etxebizitza babestuetan, komunitateko farmazietan, BetiON zerbitzuan eta lurraldeko beste gizarte eta osasun-baliabide batzuetan. Horretarako, lankidetza-hitzarmenak sinatuko dira udalekin eta ekimenean parte hartzen duten erakundeekin.

Ekimen honen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak berretsi egin dute pertsonak politika publikoen erdigunean jartzen dituen zainketa-eredu berritzailearen aldeko apustua. Eredu honen oinarriak dira prebentzioa, berrikuntza eta erakundeen, enpresen zein komunitatearen arteko lankidetza, zahartzearen erronkari modu eraginkorrean erantzuteko.

  

982