Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak bere ongizatea positiboki baloratzen jarraitzen du eta Aldundia da ondoen baloratutako erakundea, azken Soziometroaren arabera

Gipuzkoak bere ongizatea positiboki baloratzen jarraitzen du eta Aldundia da ondoen baloratutako erakundea, azken Soziometroaren arabera

Herritarrek 8,15 puntu eman diote euren laguntza-sareari, eta 5,94 punturekin baloratu dituzte foru-erakundeak emandako zerbitzuak. Halaber, gobernu-koalizioaren kudeaketa berretsiko litzateke batzarkide bat gehiagorekin, abenduan egindako inkestaren arabera.

2026/01/08
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako herritarrek lurraldearen bilakaerari eta egoera pertsonalari buruzko pertzepzio baikorra dute, ongizate mailari balioa emanez eta Gipuzkoako ekonomian konfiantzari eutsiz, ziurgabetasunak markatutako testuinguru batean ere. Hala islatzen du Irune Berasaluze foru bozeramaileak gaur aurkeztu duen Gipuzkoako Soziometroak, abenduan egin dena, eta agerian uzten duena inkestatutako pertsonen % 18,9k uste dutela Gipuzkoako ekonomiak hobera egingo duela datorren urtean (aurreko neurketan baino ehuneko bi puntu gehiagorekin). Gainera, herritarren % 28k uste du lurraldeak hobera egin duela azken lau urteetan. Aldi berean, egoera ekonomiko pertsonalaren batez besteko balorazioa 10etik 6,64 puntutan mantentzen da. “Datuek egonkortasunean aurrera egiten duen Gipuzkoa bat irudikatzen dute, ziurgabetasun testuinguru batean bai, baina bere eredu ekonomiko eta sozialean konfiantzarekin eta komunitateari balioa emanez”, adierazi du Berasaluzek.

Inkestaren arabera, gipuzkoarren konfiantza hori maila indibidualean ere islatzen da, ongizate pertsonalean maila altua azaleratu baitu Soziometria, 7,49 puntuko batez besteko balorazioarekin, eta familia- eta gizarte-laguntzako sareen sendotasuna ere nabarmentzen da, 8,15eko puntuazioarekin. Hain zuzen, azken hau da azterlanean hobekien baloratutako adierazlea.

Erakunde mailan ere egonkortasuna da azpimarratzekoa, non euskal erakundeen pertzepzio iraunkor eta positiboa egiaztatzen den. Alor instituzionalean Gipuzkoako Foru Aldundia da baloraziorik onena duen erakundea, 10etik 5,5 puntu, eta foru gobernuaren irudia ere hobetu da.

2025eko abenduari dagokion Gipuzkoako Soziometroak lurraldeko hainbat gai sozial, ekonomiko eta politikori buruz herritarrek duten pertzepzioa jasotzen du. Azterketa Gipuzkoan bizi diren 18 urtetik gorako 1.500 pertsonari telefonoz egindako elkarrizketen bidez egin da, eskualdeka banatuta — 450 Donostialdean, 350 Bidasoa-Oiartzunen, 350 Orian eta 350 Deba-Urolan —, eta landa-lana abenduaren 3tik 10era bitartean egin zen.

Ekonomia eta ongizatea

Ekonomiaren arloan, azken soziometroak zuhurtziazko pertzepzio positiboa erakusten jarraitzen du. Hala ere, konfiantzari eusten zaio lurraldeko ekonomiaren bilakaeran: inkestatutako pertsonen % 18,9k uste du Gipuzkoako ekonomiak hobera egingo duela datorren urtean, aurreko neurketan baino ehuneko bi puntu gehiago. Era berean, nabarmen igo da, lau puntu baino gehiagotan, Gipuzkoak azken lau urteetan hobera egin duela baloratzen duten herritarren ehunekoa, % 28ra iritsi arte. "Horrek lurraldearen egonkortasunaren eta aurrerapenaren pertzepzioa adierazten du testuinguru ekonomiko konplexu batean", nabarmendu du bozeramaileak.

Maila indibidualean, egoera ekonomiko pertsonalaren batez besteko balorazioa 10etik 6,64 puntukoa da. Adierazle hau aurreko neurketarekin alderatuta egonkor mantendu da eta azken urteetako Soziometroetan ikusitako hobekuntza-joera sendotu da, ziurgabetasun-sentsazioak gora egin duela ikusten bada ere.

Gipuzkoako gizarteak oso modu positiboan baloratzen du bere egoera pertsonala, ongizate maila altuak mantenduz. Ongizate emozionalaren batez besteko balorazioa 10etik 7,49 puntukoa da, aurreko neurketako ia maila beretan, eta horrekin batera bi puntu baino gehiagoko jaitsiera dago beren bizi-mailak okerrera egin duela hautematen duten pertsonen ehunekoan. Oro har, datu horiek Gipuzkoako herritarren egoera ona berresten dute, % 70,7k uste baitute beren bizi-maila egonkor mantentzen dela edo hobetu ere egiten dela. Nabarmentzekoa da, halaber, familia- eta gizarte-laguntzako sarearen sendotasuna; 8,15eko puntuazioa lortu du, eta azterlanean hobekien baloratutako eremu gisa finkatu da. Ildo horretan, Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, “datu horiek gizarte kohesionatu bat islatzen dute, kapital komunitario indartsuarekin, lagunduta eta babestuta sentitzen dena”, baina ohartarazi du garrantzitsua dela Gipuzkoaren nortasun komunitarioa indartzen jarraitzea eta ongizatera eta zaintzara bideratutako politika publikoak indartzen jarraitzea.

Gizarte-gai nagusiei dagokienez, herritarren kezka nagusiak indartu egin dira. Etxebizitza da Gipuzkoako gizartearen ardura nagusia, eta % 54,3ra iritsi da, hilabete gutxitan lau puntu baino gehiago igo ondoren. Enpleguari buruzko kezkak ere gora egin du: % 30,4, aurreko neurketan baino bost puntu gehiago. Osasuna da kezka nagusietako bat, % 20,9rekin; herritarren segurtasuna, berriz, laugarren tokian dago, % 15,4rekin, lau puntuko igoera izan ondoren.

Horrekin batera, euskararen osasun-egoerari buruzko balorazioa 10etik 6 puntura jaisten da, eta % 36,4raino igotzen da euskararekiko jarrera okertzen ari dela uste dutenen ehunekoa. Aldi berean, emakumeen eta gizonen berdintasun-mailari buruzko pertzepzioak zertxobait okerrera egiten du, eta 6,33 puntutan kokatzen da.

Egonkortasun politiko eta instituzionala

Gipuzkoako Foru Aldundia da herritarrek altuen baloratzen duten erakundea, 10etik 5,5eko batez besteko puntuazioarekin, eta, ondoren, udalak (5,49 puntu) eta Eusko Jaurlaritza, (5,36 puntu). Oro har, euskal erakundeen pertzepzio egonkor eta iraunkorra islatzen dute emaitzek. Bestalde, Espainiako Gobernuak jarraitzen du izaten balorazio baxuena duen erakundea, 3,99 punturekin.

Gainera, hobetu egin da foru-gobernuaren kudeaketari buruzko pertzepzioa, eta haren irudia ontzat jotzen duten pertsonen ehunekoa % 35,8ra igo da, aurreko neurketan % 32,9 izan zen bitartean. Aldi berean, diputatu nagusiaren ezagutza-mailak gora egiten jarraitzen du, % 42,4ra iritsi baita. Era berean, herritarrek modu positiboan baloratzen dute foru-zerbitzu publikoen kalitatea: 6,05 puntu gizarte-zerbitzuetan eta 5,83 Ogasunean, adibidez.

Hauteskundeetako prospektibari dagokionez, 2025eko abenduko Soziometroak EH Bildu % 39,4ko boto asmoarekin kokatzen du, eta horrek 23 batzarkide ekarriko lizkioke Batzar Nagusietan. Ondoren, EAJ-PNV dago, botoen % 32,9 eta 18 ordezkarirekin, aurreko neurketan baino bat gehiago. PSE-EEk botoen % 13,9 eta 7 batzarkide lortuko lituzke, eta Alderdi Popularrak % 5,5, 2 ordezkarirekin. Elkarrekin Podemosek, berriz, botoen % 4,8 eta ordezkari 1 lortuko lituzke Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

  

2286