Gipuzkoak bildumako landareen azokaren edizio berri bat ospatuko du asteburu honetan Aian
Gipuzkoak bildumako landareen azokaren edizio berri bat ospatuko du asteburu honetan Aian
Dinosauroen garaiko iratzeetatik etorkizuneko lorategietara: Iturrarango 22. Landare Berezien Azokak mundu osoko 50 mintegi bilduko ditu apirilaren 25 eta 26an
Aiako Iturrarango Lorategi Botanikoan, beste urte batez, landare berezien Europako azoka nagusietakoa ospatuko da asteburu honetan. Apirilaren 25 eta 26an ospatuko den Landare Berezien 22. Edizioan Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako hainbat txokotatik etorritako 50 mintegik kontinente guztietako landareak erakutsi eta salduko dituzte.
Aurtengo edizioaren helburua da herritarrei erakustea lorezaintza ez dela soilik apainketa, baizik eta jasangarritasunari, gastronomiari eta bizimodu berriei lotutako mugimendua. Hauek dira aurtengo 50 erakusleek ekarriko dituzten foku nagusiak:
• Etorkizuneko lorategiak (uraren aurrezpena): klima-aldaketaren eta lehorteen aurrean, ur gutxi behar duten lorezaintza jasangarriko proposamenak aurkitu dira, urtero legez, azokan (xeropaisaia, landare mamitsuak eta mantentze-lan txikiko gramineoak).
• Gastronomia eta ahaztutako zaporeak: sukaldaritzarako eta ostalaritzarako interes handia duten 6 ekoizle espezializatu bertaratuko dira. Ohiko merkatuetan galdutako antzinako tomate barietateak, bertako barazki ekologikoen haziak eta fruitu txikien bildumak erosteko aukera egongo da.
• "Urban jungle" edo etxeko oihanak: espazio txikietan eta barne-diseinuan "joera" diren landareak aurkituko dira: lurrik gabe bizi diren aireko landareak (Tillandsiak), begonia exotikoak edota sare sozialetan arrakasta itzela duten sukulentoak.
• Bitxikeria botaniko harrigarriak: naturak eskaintzen dituen altxor ezkutuenak ikusteko aukera egongo da, hala nola, intsektuak jaten dituzten landare haragijaleak ("harrapari biziak"), dinosauroen garaira eramango gaituzten zuhaitz formako iratze erraldoiak, edota 100 milioi urteko historia duten Protea liliak.
Aldez aurretik erositako sarrerak 5 euroko prezioa izango du (6 euro egun berean), eta doako autobus zerbitzua bermatuko da aparkalekuetatik eta Zarauzko tren geltokitik.
Ekintza osagarriak:
Azokatik paseatu eta azokaren aberastasun botanikoa estimatzeaz gain, bisitariek Iturraranen eta Aiako kultur etxean egingo diren jarduera osagarrietan parte hartu ahal izango dute. Besteak beste, tailer berezi bat egingo da Gukaren eskutik: 17:00etatik 18:00etara Aiako Kultur Etxean. Aurten, Gukak jarduera berezi bat planteatu du hazi eta haurrekin. Egunkaria egunero banatzen dutenez, ale asko pilatzen dituzte eta bigarren bizitza bat eman nahi diete, egunkari horiek loreontzi txiki bihurtuz, gero haziak landatzeko. Haurrak opari berezi batekin itzuliko dira etxera.
2540