Gipuzkoak bultzada berri bat eman dio LandaGO landa mugikortasun autonomoko proiektu aitzindariari, udalerri txikietan garraio alternatibak indartzeko helburuarekin
Gipuzkoak bultzada berri bat eman dio LandaGO landa mugikortasun autonomoko proiektu aitzindariari, udalerri txikietan garraio alternatibak indartzeko helburuarekin
Gipuzkoak bultzada berri bat eman dio LandaGO landa mugikortasun autonomoko proiektu aitzindariari, udalerri txikietan garraio alternatibak indartzeko helburuarekin
Proiektuak aurrera egin du teknologia benetako baldintzetan baliozkotzeko azken asteotan Amezketa eta Abaltzisketan egindako probekin. Herritarrak, tokiko enpresak eta eragile teknologikoak elkarlanean ari dira garraio-eredu jasangarria, autonomoa eta udalerri txikietara egokitua lortzeko.

LandaGO landa inguruneko mugikortasun autonomoko proiektu aitzindaria da, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin, MUBILekin eta Vicomtech-ek, BasqueCCAMek eta Eurogap-ek osatutako partzuergoarekin lankidetzan garatua. Proiektuak bere garapenean aurrera egiten jarraitzen du, lurraldeko udalerri txikietan garraio alternatibak osatzeko eta hobetzeko, horretarako herritarren benetako beharretara egokitutako mugikortasun eredu jasangarri eta autonomoa sustatuz.
Proiektuaren azken aurrerapenen harira, agerraldia egin da gaur goizean Abaltzisketako plazan. Bertan izan dira Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatua, Vicomtech, BasqueCCAM eta Eurogap enpresetako ordezkari teknikoak eta Jon Zubizarreta eta Mikel Arteaga Abaltzisketa eta Amezketako alkateak. Agerraldian, orain arte egindako aurrerapenen berri eman da, baita landa-inguruneko mugikortasun autonomoko ekimen aitzindari horren barruan aurreikusitako hurrengo urratsen berri ere.
Izan ere, duela gutxi egindako ikerketa soziologikoak, proiektuaren esparruan egindako bigarrenak hain zuzen ere, mugikortasunak landa ingurunearen kezka nagusietako bat izaten jarraitzen duela berretsi du, bereziki garraio publikoaren maiztasunarekin, konektibitatearekin eta udalerrien arteko irisgarritasunarekin lotutako alderdietan.
"LandaGO gure udalerri txikietako mugikortasunean, berrikuntza teknologikoak eguneroko bizitza eralda dezakeela erakusten duen jauzi kualitatibo bat da. Garraio alternatiba jasangarriak, seguruak eta lurraldearen errealitatera egokituak eskainita, proiektuak zerbitzu eta aukeretarako sarbidea hobetzeaz gain, gizarte kohesioa eta lurralde oreka indartzen ditu, Gipuzkoa landa mugikortasun adimendunaren abangoardian jarriz", adierazi du Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko departamentuko foru diputatuak.
Bestalde, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak adierazi duenez, “Gipuzkoa mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren inguruan ekosistema bat sendotzen ari da, garraio soluzio berriak garatzeko, baliozkotzeko eta hedatzeko erreferentziazko lurralde bihurtuz. LandaGO bezalako proiektuek berrikuntza, industria eta lurraldearen benetako beharrak konektatzeko dugun gaitasuna erakusten dute, gure enpresentzat eta zentro teknologikoentzat ezagutza, aukera ekonomikoak eta nazioarteko posizionamendua sortuz”.
Aurrerapen berriak monitorizazioan eta urrutiko laguntzan
Testuinguru horretan, LandaGOk urrats berriak ematen jarraitzen du Amezketan eta Abaltzisketan; bi herrien arteko errepide lotura hori landa ingurunearen ezaugarrietara oinarritutako garraio-autonomo zerbitzua eskaintzeko baldintzak aztertzeko Gipuzkoako lehen agertoki bilakatu da.
Hala, iaz errepideetan baldintza errealetan egindako lehen proba eta erakustaldien ondoren, non bi udalerrietako bizilagunek ibilgailua probatu eta teknologia horren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, proiektuak aurrerapauso garrantzitsu bat eman du, teknologia ardatz eta oinarri hartuta: ibilgailuaren monitorizazioa eta urruneko laguntza.
Fase berri honetan, LandaGOk gainbegiratze-postu aurreratu bat jarri du martxan. Postu horretan, konektibitatearekin, latentziarekin eta zirkulazioan zehar bideo-transmisioaren kalitatearekin lotutako behar eta erronka teknologikoak aztertu dira. Elementu horiek funtsezkoak dira landa-inguruneetan ibilbide seguruak, lagunduak eta eskalagarriak bermatzeko.
Horretarako, ekainaren 8an, 9an, 16an eta 17an, proba berriak egin dira Gipuzkoako landa-ingurune honetan ibilgailuaren portaera hobetzeko. Izan ere, ingurune horretan, maldak, bihurgune itxiak, galtzadaren zabalera txikiak, errepide-marka eza eta baldintza aldakorrak daude. Alde batetik, urruneko monitorizazio-probak egin dira, ibilgailuak urruneko laguntza ahalbidetzen duen kontrol-postu batekin dituen komunikazio-baldintzak egiaztatzeko. Bestetik, alboko kontrol-probak eta oztopoak saihesteko maniobrak egin dira bidean, errepidean agertu ohi diren ibilgailuak, oinezkoak eta animaliak simulatzen dituzten dummy eta panpinak zein errepideko beste simulazio-elementu batzuk erabiliz. Proba horiei esker, benetako zirkulazio-egoeretan sistemak izango duen erantzuna baliozkotu ahal izango da.
Lan horiek Abaltzisketan kokatuta dagoen Logikaline enpresa gipuzkoarrarekin lankidetzan egin dira. Lurraldeko enpresen inplikazioa da LandaGOren ardatz estrategikoetako bat, eta tokiko errealitatearekin konektatutako berrikuntza eredu bat garatzea du helburu.
Horrez gain, Abaltzisketa-Amezketa ibilbidean egindako lan hauek beste udalerri batzuetara zabaltzea da helburua, hala nola, Segura-Zerainera, eta Euskadin egin daitezkeen beste esperientzia batzuetarako erreferentzia izango da.
LandaGOren proiekzioa Europa mailan
Aurrerapen teknikoekin batera, proiektua bere dimentsio estrategikoa eta industriala indartzen ari da. BasqueTrade-rekin lankidetzan, mugikortasun autonomo eta konektatuko irtenbide aurreratuak garatzen ari diren OEM nagusiekin harremanak sendotzeko etengabeko lana egiten ari da, hala nola Volkswagen eta Renault-ekin. Helburua da ikaskuntzak partekatzea, sinergiak aztertzea eta Gipuzkoa landa inguruneetara egokitutako soluzioak garatzeko eta baliozkotzeko erreferentziazko lurralde gisa kokatzea.
Era berean, eta kontuan hartuta Gipuzkoan dagoen errealitate geografikoa Europako zati handi batean dagoenaren oso antzekoa dela, LandaGO lanean ari da ekimena Europako testuinguruan aitortua izan dadin, landa inguruneetan gidatze autonomo eta jasangarriaren esparruan Euskadi eta Gipuzkoako lurraldea erreferente berritzaile gisa kokatuz.
"LandaGOk interesa piztu du jada gure mugetatik kanpo, Danimarkaren kasuan esaterako, eta horrek norabide egokian aurrera egiten ari garela berresten du. Irailera begira, Danimarkako ordezkariak geurera ekarri nahi ditugu, proiektua gertutik ezagutu, esperientziak partekatu eta landa mugikortasuna gure lurraldean zein Europa mailan indartuko duten lankidetza sareak aztertzeko", gehitu du Xabier Arrutik.
Herritarrak, LandaGOren garapenarekin konprometituta
Aldi berean, LandaGOk bere dimentsio soziala indartzen ere jarraitu du, ezinbestekoa baita proiektuaren garapenak Amezketako eta Abaltzisketako biztanleen behar eta nahiekin bat egitea.
Aurten bertan egindako bigarren azterlan soziologikoak agerian utzi du LandaGO proiektua ezagutzen duten pertsonek ekimenaren irudi positiboa dutela, haren garapenari lotuta jarraitu nahi dutela eta etorkizuneko probetan parte hartzeko edo mugikortasun-irtenbide mota horiek erabiltzeko prestutasun handiagoa dutela. Emaitza horietan oinarrituta, proiektuak herritarren parte-hartzea, entzute aktiboa eta hurbilketa sustatzen jarraituko du, LandaGOren garapena lurraldearen benetako beharretara egokitzen jarraitzeko.
LandaGO: Berrikuntza mugikortasun autonomoa Gipuzkoan
LandaGO Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ekimena da, Eusko Jaurlaritzarekin, MUBILekin eta Vicomtech, BasqueCCAM eta Eurogap erakundeek osatutako partzuergoarekin elkarlanean garatua. Aliantza publiko-pribatu horren helburua ez da landa mugikortasuna hobetzea edo irtenbide teknologiko berritzaileen garapenean aurrera egitea soilik, baita lurralde oreka indartzea eta udalerri txikiek mugikortasun alternatiba osagarri berriak eta etorkizuneko erronketara egokitutako zerbitzuak izan ditzaten bultzatzea ere. Horrela, Gipuzkoa teknologia autonomoan eta mugikortasun jasangarrian erreferente gisa sendotzen da, eta garraio adimendunagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa sustatzen duten proiektuen abangoardian kokatzen da.
Proba- eta baliozkotze-fase berri honekin, landa-inguruneari aplikatutako mugikortasun autonomoan eta jasangarrian erreferentziazko lurralde gisa kokatzen jarraitzen du Gipuzkoak, pertsonengan oinarritutako eta lurraldearen errealitatearekin lotutako irtenbide berritzaileen garapenean aurrera eginez.
899