Gipuzkoak erantzun azkarreko bidea finkatu du ospitaletik mendekotasunaren balorazioa bizkortzeko
Gipuzkoak erantzun azkarreko bidea finkatu du ospitaletik mendekotasunaren balorazioa bizkortzeko
Ezarritako irizpideak betetzen dituzten pertsonak mendekotasuna balorazioa egiteko eskaerarekin ateratzen dira ospitaletik, Osakidetzarekin koordinatutako premiazko prozedurari esker. Bide horrek aukera ematen du tramitazioa ospitaleko alta jaso baino lehen hasteko, erantzun-denborak laburtuz eta pertsonak ospitaletik irten ondoren behar dituen babesen jarraipena erraztuz. 2025eko urtarrilaz geroztik, 484 eskaera premiazko bidearen bidez izapidetu dira, batez beste, 19 egun epean; ohiko epea 48 egunekoa izan ohi da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Osakidetzak koordinazio soziosanitarioko prozedura sendotu dute, ospitaletik bertatik mendekotasunaren balorazioa eskatzeko aukera ematen duena. Batez ere, autonomia-galera handia izan duten eta erantzun azkarra behar duten pertsonen kasuetarako da. Helburua da izapide administratiboak aurreratzea eta, alta ematen zaienean, behar dituzten laguntzen jarraipena erraztea.
Prozedura ospitaleetako gizarte-langileek aktibatzen dute. Haiek identifikatzen dituzte ezarritako irizpideak betetzen dituzten kasuak, eta eskaera Foru Aldundira bidaltzen dute lehentasunezko bide baten bidez. Horrela, mendekotasunaren balorazioa eskatzeko izapidea ospitaleko alta eman aurretik formalizatzen da, eta pertsonak ez du ondoren ohiko bidetik prozedura berriro hasi beharrik.
2025eko urtarriletik 2026ko irailera, prozedura horren bidez 484 eskaera izapidetu dira. Eskaera aurkeztu eta mendekotasunaren ebazpena eman arte, batez beste, 19 egun igarotzen dira; ohiko izapidearen bidez, berriz, 48 egun (2026ko abuztuko datua).
Prozedura horren emaitzak gaur aurkeztu dira prentsaurrekoan. Bertan izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia; Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua; Maite Martínez de Albéniz Osakidetzako neurologa eta Donostialdeko ESIko zuzendari gerentea; eta Nora Saez Zamora, ADELA Gipuzkoa elkarteko presidentea.
Eider Mendozak nabarmendu duenez, “programa berritzaile” honek “beste urrats bat suposatzen du Gipuzkoako arreta soziosanitarioan”, eta aurrera egiten laguntzen du pertsonen ongizatean, “funtsezkoa” baita horretarako. Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, ekimenak aurrerapauso esanguratsua dakar zaintzak pertsona bakoitzaren beharretara egokitzeko bidean, ospitaletik bertatik beharrezko izapideak abiarazten baitira, ondorengo etapan —etxean edo beste baliabide sanitario edo sozial batean— pertsonak behar dituen laguntzak eta babesak eskuragarri izan ditzan.
Azken batean, Mendozaren hitzetan, programa aitzindaria da, eta “Gipuzkoan zaintza-eredua eraldatzeko abian jarri dugun ibilbide-orriari ezin hobeto erantzuten dio, gero eta pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa, komunitarioagoa eta jasangarriagoa izango den eredu baterantz”. Era berean, adierazi du programa Gipuzkoan abian jartzea posible dela erakundeen arteko lankidetzari, gizarte eta osasun-sistemen arteko koordinazioari eta hirugarren sektore sozialeko erakundeen ekarpenari esker.
Maite Martínez de Albéniz neurologak eta Donostialdeko ESIko zuzendari gerenteak azpimarratu duenez, premiazko zirkuitu berri hau “mugarri garrantzitsua da guretzat”, pertsonak eta haien familiak osasun-sistemaren erdigunean jartzen laguntzen duelako. “Erantzun-denbora ia hilabete batean murrizteak pazienteen eta haien familien ziurgabetasuna arintzeko aukera ematen digu, bereziki zaurgarritasun handiko uneetan, eta behar dituzten ezinbesteko laguntzak modu askoz azkarrago eta egokiagoan jasoko dituztela bermatzen du” azaldu du. Era berean, gaineratu du prozedura horrek “babes handia eskaintzen die gure osasun eta gizarte-laneko profesionalei”. Eguneroko koordinazioa Foru Aldundiarekin errazten du, eta lasaitasuna ematen die, ospitalean eta gure kontsultetan hasitako zaintzen jarraipena benetan eta etenik gabe bermatzen dela jakinda. “Lasaitasuna ematen digu pertsona bakoitzak, etxera itzultzean, behar duena garaiz jasoko duela jakiteak”.
Gizarte eta osasun-arloen arteko koordinazioa
Prozedura 2024ko erdialdean jarri zen abian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez eta Donostialdeko ESIarekin elkarlanean, bi erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko helburuarekin.
Zirkuituaren bidez, ospitaleetako gizarte-langileek ezarritako irizpideak betetzen dituzten kasuak identifikatzen dituzte, eta, pertsonak berak edo haren familiak hala nahi badu, mendekotasunaren balorazioa eskatzeko eskaera Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzen dute lehentasunezko bide baten bidez. Horrela, izapideak pertsona ospitalean dagoen bitartean has daitezke, alta eman arte itxaron beharrik gabe, eta betiere pertsonaren eta haren familiaren borondatea errespetatuz.
Koordinazio horri esker, administrazioaren erantzuna aurreratu eta pertsonak aurrerago behar izan ditzakeen laguntzak planifikatzen hasi daiteke, dela etxean, dela egoitza-baliabide batean, dela beste arreta-baliabide batean.
Gipuzkoa osora hedatzea eta artatutako profilak zabaltzea
Donostialdeko ESIarekin lotutako esperientzia pilotu gisa hasi zenak pixkanaka aurrera egin du, eta gaur egun Gipuzkoako Osakidetzako ospitale-sare publikoaren ia osotasunean erabiltzen den prozedura bihurtu da. Premiazko bidea bereziki garrantzitsua da erantzun azkarra izatea beharrezkoa den egoeretan. Hasiera batean, alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) duten pertsonentzat, zainketa aringarriak behar dituzten pazienteentzat eta prozesu akutuen ondorioz —iktus baten, bizkarrezur-muineko lesio baten edo traumatismo larri baten ondoren, esaterako— autonomia modu bat-batekoan, iraunkorrean eta atzeraezinean galdu duten pertsonentzat ezarri zen.
Ondoren, prozeduraren irismena zabaldu egin da, eta paziente geriatrikoak eta III+ gradua aitortzeko prozesuarekin lotutako kasuak ere barne hartu dira.
2025eko urtarriletik 484 eskaera
2025eko urtarriletik 2026ko irailera, premiazko bide horren bidez 484 eskaera erregistratu dira. Donostia Unibertsitate Ospitaleak 246 eskaera jaso ditu, guztizkoaren %50,8; Bermingham Ospitaleak (Matia), berriz, 223, %46,1. Gainerako 15 eskaerak, %3,1, beste ospitale batzuetatik iritsi dira.
Eskaera guztietatik, 232 lehen balorazioei dagozkie, eta 252, berriz, mendekotasun-mailaren berrikuspenak dira. Azken horiek jardueraren %52 dira, eta aukera ematen dute mendekotasun-egoeraren aitortza eguneratzeko, aurrez baloratutako pertsona baten autonomia nabarmen okertzen denean.
Prozesu akuturen baten ondoren autonomia bat-batean galdu duten pertsonak izan dira artatutako profil nagusia: 270 kasu, guztizkoaren %56. Ondoren, zainketa aringarriak behar dituzten pazienteak daude, 121 eskaerarekin (%25); paziente geriatrikoak, 51 kasurekin (%11); eta ELA duten pertsonak, 39 kasurekin (%8). Horrez gain, III+ gradua aitortzearekin lotutako hiru eskaera ere erregistratu dira.
Datuen banaketak agerian uzten du izapideak bizkortzea bereziki garrantzitsua den egoeren pisua, bai autonomian bat-bateko aldaketak gertatzen direnean, bai pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako gizarte-erantzuna behar duten osasun-prozesuetan.
Baloratutako espedienteen %69k II. gradua edo handiagoa du
Egindako balorazioen emaitzek erakusten dute bide honen bidez izapidetutako espedienteen zati handi bati mendekotasun-maila handia aitortu zaiola.
Baloratutako espedienteen artean, 159k II. gradua lortu dute, 120k III. gradua eta 10ek III+ gradu berria. Guztira, espedienteen %67k II. edo III. gradua lortu du; III+ gradua ere kontuan hartuta, ehunekoa %69ra iristen da.
Beste 113 espedientek I. gradua lortu dute, eta 15 espedientek, %4k, mendekotasun-egoeraren aitortzarik gabe amaitu dute prozedura.
1015