Gipuzkoak eta Malagak lankidetza bide berriak aztertu dituzte ekintzailetza teknologikoa eta teknologia kuantikoak sustatzeko
Gipuzkoak eta Malagak lankidetza bide berriak aztertu dituzte ekintzailetza teknologikoa eta teknologia kuantikoak sustatzeko
Gipuzkoak eta Malagak lankidetza bide berriak aztertu dituzte ekintzailetza teknologikoa eta teknologia kuantikoak sustatzeko
Gipuzkoak ekosistema ekintzaile sendo eta finkatua du, lankidetza publiko-pribatuan oinarritzen da eta 2025ean 330 enpresa-ekimen baino gehiago izan ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Multiverse Computing-ek eta Málaga Tech-ek esperientziak partekatu eta lankidetzako aukerak aztertu dituzte ekintzailetza teknologikoaren eta teknologia kuantikoen arloan.

Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Koldo Peciña Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusiarekin eta Iraia Ibarzabal Multiverse Computing-eko Chief Growth Officerarekin (CGO) batera, lan-topaketa bat izan du Málaga Tech-eko taldeko kideekin, Malagako ekosistema teknologikoaren hazkundea bultzatzen ari diren ekimenak zuzenean ezagutzeko eta interes komuneko eremuak identifikatzeko.
Bileran, Gipuzkoako ordezkaritzak lurraldean ekintzailetza sustatzeko eredua aurkeztu du, eta enpresa berritzaileak sortu eta finkatzeko esperientziak partekatu ditu. Era berean, arreta berezia jarri diete konputazio kuantikoa bezalako sortzen ari diren teknologiei lotutako startupen garapenak planteatzen dituen erronkei eta eskaintzen dituen aukerei. Arlo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak teknologia kuantikoak lurraldeko industria-ehunean txertatzearen alde egindako apustu estrategikoari ere balioa eman zaio. Konpromiso horren erakusgarri da Gipuzkoa Quantum laguntza-programa. Programa horren bidez, 1.768.997 euro bideratu ziren proiektu pilotuak garatzera, eta aukera eman zen 2025ean 30 proiektu bultzatzeko, teknologia horiek Gipuzkoako industrian duten aplikazioa esploratzeko eta bizkortzeko.
Esperientzia-truke horri esker, berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosistemek partekatzen dituzten erronkei buruzko elkarrizketa indartu da, eta, aldi berean, agerian geratu da nazioarteko lankidetzak funtsezko zeregina duela sortzen ari diren sektore teknologikoen garapena bultzatzen jarraitzeko. Ildo horretan, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak nabarmendu duenez, "funtsezkoa da espazioak irekitzea esperientzia arrakastatsuak ezagutzeko, ikuspegiak kontrastatzeko eta eraldatzen laguntzen duten ekimenetatik ikasteko. Gipuzkoak ekosistema ekintzaile sendo eta heldua du gaur egun, baina lidergoari eusteko beharrezkoa da eboluzionatzen jarraitzea, ikuspegi berriak txertatzea eta berrikuntzako beste polo batzuekin ditugun loturak indartzea. Gure kasu arrakastatsuak partekatzeak eta beste lurralde batzuetan eragina sortzen ari diren ereduetatik ikasteak aukera ematen digu hobetzen jarraitzeko eta gure enpresa eta pertsona ekintzaileei aukera gehiago eskaintzeko".
Eragin ekonomiko handiko ekosistema ekintzailea, Multiverse Computing bezalako kasu arrakastatsuak dituena.
Topaketa horri esker, agerian geratu da Gipuzkoako ekosistema ekintzailearen sendotasuna. Izan ere, ekosistema horrek enpresen biziraupen-tasa handiak, enplegua sortzeko gaitasun nabarmena eta bultzatutako proiektuek sortzen duten itzulkin ekonomiko handia ditu ezaugarri. Jarduera hori lankidetza publiko-pribatuko eredu batean oinarritzen da. Eredu horrek negozio-ideiak hasierako faseetan baliozkotzea errazten du, eta ekintzaileei laguntza eskaintzen die beren ekimenak prozesu osoan garatzeko.
2025eko emaitzek eredu horren indarra berresten dute. Pasa den urtean, BIC Gipuzkoak lurraldeko ekintzaileek eta ETEek sustatutako 330 ekimen artatu zituen guztira; horietatik 48 Ekintzaile/Txekintek programan sartu ziren, eta 19k parte hartu zuten enpresetan barne-ekintzailetza sustatzeko Barnetekin/Barnekintzaile programan.
Testuinguru horretan, Multiverse Computing-ek nazioarteko proiekzioa duen startup teknologiko finkatu baten ikuspegia eman du, oso lehiakorra den ekosistema batean hazten eta eskalatzen duen esperientzia partekatuz. Konpainia konputazioaren eremuan espezializatuta dago —eraldatzeko ahalmen handiena duen eremu teknologikoetako bat da—, eta enpresa berritzaile berriak sortzeko eta garatzeko sortzen ari diren teknologiek eskaintzen dituzten aukerei buruzko trukea aberasten lagundu du.
Ildo horretan, Iraia Ibarzabalek, Multiverse Computing enpresako Chief Growth Officer (CGO)-ak honako hau azpimarratu du: "Ekosistema teknologiko bakoitzak modu desberdinean ikasten du, baina startup bat eskalatzeko erronkak deep tech sektorean, hala nola sektore kuantikoan, oso antzekoak dira Gipuzkoan, Malagan edo beste edozein lurraldetan. Topaketa hauei esker, Málaga Tech bere komunitatea nola eraikitzen ari den ezagutzeko eta gure hazkunde-estrategian metatutako esperientzia haiekin partekatzeko aukera izan dugu."
Málaga Tech, ekintzailetza teknologikoaren zerbitzura dagoen komunitatea
Málaga Tech ekosistema teknologikoaren dinamizatzaile nagusietako bat da. Erakundeak, gaur egun, 79 enpresa biltzen ditu, eta sektore teknologikoko ekintzaileak, enpresak, inbertitzaileak eta profesionalak elkarlanean jartzea du helburu, enpresen hazkundea eta aukera berrien sorrera bultzatzeko.
Bere proposamenak ekintzailea ekosistemaren erdigunean jartzen du, balio-katean esku hartzen duten eragileen baliabideak eta gaitasunak artikulatuz, enpresa-proiektu berrien garapena errazteko.
Ekimen nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: puntako teknologiako inkubagailua, sektoreko adituek emandako masterclassak, Women Leaders' Hub, Outstanding startupen lehiaketa eta komunitate ekintzailea indartzera bideratutako coworking eta networking jarduerak.
Bisitari esker, bi ekosistemen arteko ezagutza indartu ahal izan da, eta oinarriak ezarri ahal izan dira etorkizunean oinarri teknologikoko ekintzailetzari, berrikuntzari eta sortzen ari diren teknologien garapenari lotutako eremuetan interes partekatuko ekimenak burutzeko.
867