Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak Europan aurkeztu du zaintza-ereduaren eraldaketan ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza txertatzeko egiten ari den apustua

Gipuzkoak Europan aurkeztu du zaintza-ereduaren eraldaketan ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza txertatzeko egiten ari den apustua

Gipuzkoak European Social Services Conference (ESSC) kongresuan parte hartu du. Gizarte politika eta zerbitzuei buruzko Europako foro nagusia da, Maltan egin da eta Europa osoko 900 profesional, erakunde eta elkarte baino gehiago bildu ditu. Maite Peña Zainketen eta Gizarte Politiken diputatuak Zainketen eta Gizarte Politiken 20>30 Agenda aurkeztu du. Agenda horren bidez, Gipuzkoa bere ongizate eta zainketa-ereduaren eraldaketa sakona bultzatzen ari da. Lurralde-estrategia hurrengo hamarkadarako lau eraldaketa-palanka handiren inguruan egituratzen da: gobernantza kolaboratiboa, esperimentazioa, eskalagarritasuna eta ebaluazioa.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoak European Social Services Conference (ESSC) politika eta gizarte-zerbitzu publikoei buruzko Europako foro nagusiaren aurrean aurkeztu du sustatzen ari den eraldaketa-estrategia, zainketa-eredu eta gizarte-politika berritzaileago, komunitarioago eta pertsonengan zentratuago baterantz aurrera egiteko. Eredu horretan, ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza funtsezko tresna gisa finkatzen dira sistema indartzeko.

European Social Network (ESN) erakundeak antolatzen du ESSC, eta Europako hainbat herrialdetako 900 ordezkari instituzional, profesional, ikertzaile eta gizarte-erakunde baino gehiago bildu ditu La Valetan (Malta), esperientzia berritzaileak partekatzeko eta gizarte-erronka handiei elkarrekin heltzeko, hala nola zahartzeari, mendekotasunari, osasun mentalari, gizarte-bazterketari edo zainketa-sistema publikoen iraunkortasunari.

Testuinguru horretan, Maite Peñak Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak Zainketen eta Gizarte Politiken 20>30 Agenda aurkeztu du, zeinaren bidez lurraldea ongizate- eta zainketa-ereduaren trantsizio sakon bat bultzatzen ari baita datorren hamarkadan.

Etorkizuneko erronkak

Maite Peña diputatuak adierazi du Gipuzkoak erronka sozial eta demografiko garrantzitsuei aurre egin behar diela, eta erronka horiek egungo arreta-eredua egokitzea eta eraldatzea eskatzen dutela: "urte gehiago bizi gara, gizarte-beharrak gero eta konplexuagoak eta anitzagoak dira, eta eredu tradizionalak jada ez dira nahikoak egungo erronkei erantzuteko. Horregatik ari gara aurrera egiten eredu pertsonalizatuago, komunitarioago, prebentiboago eta pertsonen bizi-kalitatean zentratuago baterantz".

Azaldu duenez, Gipuzkoak bultzatzen duen eraldaketa "ez datza soilik baliabideak edo zerbitzuak zabaltzean, baizik eta zainketak, ongizatea eta esku-hartze publikoa ulertzeko modua aldatzean". Ildo horretan, nabarmendu du eredu berriak pertsonen autonomia, parte-hartzea eta bizi-proiektuak sustatu nahi dituela, eta, gainera, zainketak hartzen dituela erakundeek, profesionalek, gizarte-erakundeek, familiek eta komunitateak partekatutako erantzukizuntzat.

Peñak azpimarratu du, halaber, ebaluazioa funtsezkoa dela eta izango dela eraldaketa-prozesu horretan, politika publikoak eta zainketa-sistema ikasteko, hobetzeko eta indartzeko tresna gisa. "Sistema bat eraldatzeak ezagutza ebaluatzea, ikastea eta partekatzea ere eskatzen du. Horrela bakarrik eraiki ahal izango ditugu politika publiko eraginkorragoak, gizatiarragoak eta etorkizuneko erronka sozialei erantzuteko prestatuagoak".

Sistema eraldatzeko lau palanka handi

Eraldaketa hori bultzatzeko, Gipuzkoak lau palanka handiren inguruan antolatu du bere estrategia, zainketen eta gizarte-politiken ereduak hurrengo hamarkadan izango duen bilakaera markatuko dutenak.

Lehenengoa gobernantza kolaboratiboa da. Gipuzkoako Foru Aldundiak uste du eraldaketa sakonak ezin direla erakunde bakar batetik bultzatu; beraz, udalak, erakunde hornitzaileak, profesionalak, unibertsitateak, ezagutza-zentroak eta gizarte zibila lehentasun partekatuen eta etorkizuneko ikuspegi komun baten inguruan lerrokatzen ditu.

Bigarren palanka esperimentazioa da. Eremu horretan, lurraldea berrikuntzako proiektu pilotuak eta tokiko ekosistemak garatzen ari da, arreta, koordinazio eta laguntza komunitarioko modu berriak probatzeko, sistema osora hedatu aurretik. Izan ere, berritzea orobat da egiten ikastea.

Hirugarren palanka eskalagarritasuna da. Praktika edo proiektu batek pertsonen bizi-kalitatean eragin positibo bat sortzen duela frogatzen duenean, Gipuzkoak hura finkatzeko eta lurraldean pixkanaka zabaltzeko lan egiten du, estandar partekatuen, ezagutzaren transferentziaren, finantzaketaren eta errealitate bakoitzera egokitutako hedapenen bidez.

Eta laugarren palanka –sistemaren eraldaketaren barruan estrategikoenetako bat– ebaluazioa da. Izan ere, zainketa-eredu bat eraldatzeak eskatzen du identifikatzea zer funtzionatzen duen, zer alderdi hobetu behar diren eta nola egin aurrera pertsonengan zentratutako politika publiko eraginkorragoetarantz.

  

797