Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak jarrera irekia du inmigrazioarekiko, onarpen maila altuarekin eta bizikidetzaren inguruko pertzepzio positiboarekin

Gipuzkoak jarrera irekia du inmigrazioarekiko, onarpen maila altuarekin eta bizikidetzaren inguruko pertzepzio positiboarekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko jarreren, egoeren eta narratiba xenofoboen inguruko azterlana aurkeztu du Begirune Fundazioarekin elkarlanean egindako txostenak immigrazioarekiko gizarte-pertzepzioaren bilakaera aztertzen du, eta bizikidetzaren erronkak eta diskurtso diskriminatzaileak identifikatzen ditu

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak “Gipuzkoan jarrerak, egoerak eta narratiba xenofoboak” izeneko azterlana aurkeztu du, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez eta Begirune Fundazioarekin elkarlanean. Txostenak immigrazioarekiko jarreren, bizikidetzaren egoeraren eta lurraldean dauden diskurtso sozialen inguruko erradiografia zehatza eskaintzen du, analisi kuantitatiboa eta kualitatiboa uztartuz. Aurkezpenean parte hartu dute Eider Mendoza diputatu nagusiak, Ion Gambra Giza Eskubidetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusiak, eta Begiruneko ordezkari diren Gorka Morenok eta Xabier Aierdik.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, Begirune Fundazioarekin elkarlanean landutako ikerketaren balioa azpimarratu du, hain zuen ere, Estatuan migratzaileen erregularizatzeko ezohiko prozedura abiarazi berritan.

“Txosten honek argi erakusten du gipuzkoarrok badugula migrazioaren errealitatearekiko eta konplexutasunarekiko kontzientzia eta irekitasuna, kanpotik datozenak integratzeko borondatea. Aurrera begira, lurralde eta herri bezala daukagun erronka nagusietakoa da hau”, gogoeta egin du diputatu nagusiak.

Gaineratu duenez, bizi dugun eraldatze demografiko eta sozialak eskatzen du “aurreiritziak gainditzea” eta desafio honi “elkarlanean” ekitea. “Egin dezagun lankidetzan eta egin dezagun ondo, Gipuzkoan bizi garen guztiok eduki dezagun ongizatea, eduki dezagun bizitza proiektu bat eta egin diezaiogun ekarpena gure lurraldeari”, gaineratu du.

Metodologia eta azterlanaren irismena

Azterlana hiru ikuspegi osagarriren bidez garatu da: Ikuspegi – Euskal Immigrazioaren Behatokiaren 2024ko Barometroaren analisia, 400 inkesta presentzialekin; xenofobiari buruzko azterlan espezifikoa, 900 inkesta telefonikorekin, eskualdeka banatuta; eta bederatzi eztabaida-talde kualitatibo, lurralde osoan egindakoak. Metodologia-konbinazio horrek Gipuzkoako errealitate sozialaren ikuspegi zabal, zorrotz eta ñabartua eskaintzen du.

Immigrazioarekiko jarrerak: normalizazioa eta hazkundearen aurreikuspena

Datuen arabera, immigrazioa ez da herritarren kezka nagusietako bat. Biztanleriaren %8k soilik aipatzen du lurraldeko arazo nagusietako bat dela, ekonomiaren (%55), osasunaren (%44,8) edo etxebizitzaren (%42) atzetik. Gainera, %3,8k bakarrik jotzen du arazo pertsonaltzat, eta horrek fenomenoaren normalizazio maila handia erakusten du.

Etorkizunari dagokionez, biztanleriaren %82,8k uste du immigrazioa handituko dela datozen bost urteetan, 2019arekin alderatuta goranzko joera sendotuz. Aurreikuspen horrek jatorri nagusien identifikazio argia dakar: lehenik Magreb (%86,8), ondoren Afrika subsahararra (%72,8) eta Latinoamerika (%58,3).

Eskubideak eta migrazio-politikak: babes zabala ñabardurekin

Txostenak erakusten du herritarren babes zabala dagoela oinarrizko eskubideetarako sarbidean. %81ek osasunerako sarbidea bermatzearen alde egiten du, eta %79k hezkuntzarena, egoera administratiboa edozein dela ere.

Babes hori txikiagoa da baliabide mugatuagoekin lotutako eskubideetan: %35,5ek babesten du gizarte-laguntzetarako sarbidea, %29,5ek etxebizitza babestuarena, %24,8k familia-berrelkartzea eta %16,3k boto-eskubidea.

Migrazio-politikei dagokienez, jarrera integratzaileak nagusitzen dira: %34,5ek pertsona guztiak erregularizatzearen alde egiten du, eta %46,8k lana dutenen kasuan. Aukera murriztaileenek —kanporatzea edo itzulera orokorra— %6,5 inguruko babesa dute.

Halaber, neurri zigortzaileekiko jarreran aldaketa nabarmena dago: delitua egiteagatik kanporatzearen aldeko babesa %69tik (2014) %40ra jaitsi da (2024).

Aniztasunaren eragina

Era berean, datuen arabera, immigrazioaren eragin kulturalaren balorazioa nabarmen handitu da: aniztasunak kultura-bizitza aberasten duela uste dutenen ehunekoa %50,5etik (2014) %74,7ra igo da (2024).

Horren isla da immigrazioaren onarpen-indizea, Gipuzkoan %65,92koa, EAEko batez bestekoa (%63,54) eta gainerako lurralde historikoak gaindituz.

Bizikidetza: balorazio altua eta lurralde arteko aldeak

Biztanleriaren %86,9k positiboki baloratzen du bere auzo edo udalerriko bizikidetza, nahiz eta alde nabarmenak egon eskualdeen artean. Balorazio altuenak Urola Kostan (%95) eta Tolosaldean (%91,1) ematen dira, eta baxuagoak Donostian (%83), Oarsoaldean (%79,2) eta Txingudin (%76). Horrek tentsioaren pertzepzio handiagoa erakusten du eremu urbanoetan eta Donostia–Errenteria–Irun ardatzean.

Azken urtean bizikidetza egonkor mantendu dela uste bada ere, okerrera egin duela diotenen artean arrazoi nagusiak dira lapurretak (%33,1), delinkuentzia eta segurtasun eza (%18,1), beste arazo sozial batzuk (%16,2) eta auzoko gatazkak (%9,8). Immigrazioa zuzenean aipatzen da kasuen %4,7an.

Txostenaren irakurketa orokorra

Azterlanak erakusten du Gipuzkoan gizarte ireki eta integratzailea dagoela, immigrazioarekiko jarrera baikorra eta bizikidetzaren balorazio altua dituena, eta aniztasunaren balioa gero eta gehiago aitortzen duena. Aldi berean, agerian uzten ditu segurtasunarekin lotutako pertzepzio selektiboak eta lurralde arteko aldeak, eta horrek azpimarratzen du beharrezkoa dela kohesio soziala, eskubideen berdintasuna eta bizikidetza indartzen jarraitzea.

  

1119