Gipuzkoak sormen- eta kultura-industria sustatzeko pizgarri fiskalei buruzko lehen balantzea egin du
Gipuzkoak sormen- eta kultura-industria sustatzeko pizgarri fiskalei buruzko lehen balantzea egin du
Gipuzkoak sormen- eta kultura-industria sustatzeko pizgarri fiskalei buruzko lehen balantzea egin du
Eider Mendoza diputatu nagusia eta Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatua sektoreko hainbat eragilerekin bildu dira gaur, zinema industriaren eta zuzeneko arte eszenikoen eta musikaren bilakaeraren inguruko ikuspegiak partekatzeko, 2024an kultura sustatzeko kenkarien araubidea hobetu ondoren.

Gipuzkoako Foru Aldundiak kultura sustatzeko neurri fiskalei buruzko lehen datuak partekatu ditu gaur sormen eta kultura industriako ordezkariekin, zehazki, 2024ko maiatzean Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutako zinema eta zuzeneko arte eszenikoen eta musikaren sektoreei buruzkoak. Bileraren helburua izan da pizgarri horien bilakaerari eta horiek industrian duten eraginari buruz hitz egitea eta ikuspegiak partekatzea, profesionalizazioaren, lurraldean enplegua sortzearen eta euskarazko ikus-entzunezko eta antzerkiko ekoizpena bultzatzearen perspektiba aintzat hartuz.
Eider Mendoza diputatu nagusiak gogorarazi duenez, kulturaren alorreko zerga pizgarriek bilatzen dute “ikus-entzunezkoen eta kulturaren sektorea sendotzea eta epe luzera lehiakortasuna bermatzea”, kulturgintzaren “balio kate osoa indartzea” eta Gipuzkoa “aukerak eskaintzen dituen lurraldea” izatea “kulturgintzan eta sormen industrietan profesionalki garatu edo ekin” nahi duten proiektu eta pertsonentzat. “Asko dugu egiteko, baina pizgarri hauek ekarpen garrantzitsua dira”, berretsi du.
Izan ere, diputatu nagusiaren iritziz, “hainbat ikuspegitik funtsezkoak” direlako ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta musika, “gure lurralderako eta gure herrirako”. “Batetik, kultura, arrazoia, ikuspegi kritikoa, tolerantzia, zalantzarik gabe ezinbesteko osagaiak direlako demokraziak gurean ongi sustraitua jarrai dezan. Bestetik, euskararen etorkizunaren aldeko ahalegina indartu beharra dugun honetan, ezinbestekoa dugulako kultur eta sormen industria indartzea, herritarrei euskarazko eduki interesgarriak, gozagarriak eskaintzeko”, nabarmendu du, kulturgintza “pertsona eta familia askorentzako bizibidea” dela ahaztu gabe. Horregatik guztiagatik, “elkarlanean ahalegin partekatu” horri eusteko konpromisoa adierazi du Mendozak.
Ondoren, Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak hitza hartu du 2024ko ekitaldiko Sozietateen gaineko Zergari eta PFEZari buruzko datuetatik abiatuta, 2025ean likidatzen dena, egindako aurretiazko ebaluazioa azaltzeko. Ogasun eta Finantza Departamentuak bildutako informazioaren arabera, sektore zinematografikora eta zuzeneko arte eszeniko eta musikara bideratutako pizgarri fiskalek 19 milioi euroko igoera izan zuten 2024an, aurreko urtearekin alderatuta, eta 23 milioi eurora iritsi ziren. Guztira, 2024an ikus-entzunezko 19 ekoizpen eta zuzeneko 39 obra eta musika ikuskizun egin ziren.
Lurraldean sormen eta kultura industria sustatzeko helburuari dagokionez, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu duenez, “Foru Ogasunaren datuen arabera, 2024an sektoreak aurreko urtean baino 1.623 enplegu gehiago sortu zituen, 2023an zuzeneko 1.416 kontratu izatetik 2024an 3.039 izatera igaro baitzen”.
Ikus-entzunezkoen eta zuzeneko arte eszenikoen eta musika-ikuskizunen sektoreari dagokionez, gaur egun, Foru Ogasunaren datuen arabera, Gipuzkoak 668 jarduera ekonomiko ditu arlo horretan. 2023tik 2024ra bitartean, enpresen sorkuntzaren hazkundea % 6,8koa izan da industria zinematografikoan, eta % 9koa arte eszenikoen kasuan.
Agirrek adierazi duenez, “datu positiboak dira Gipuzkoarentzat, batez ere kontuan badaukagu pizgarri horiek duela gutxi ezarri direla”. Halaber, azpimarratu du, “goiz da haren benetako eraginkortasuna baloratzeko”. Testuinguru horretan, foru diputatuak gaur hurbildu diren eragileei helarazi die momentua dela “Gipuzkoako egungo zerga erregimenak ematen duen unea eta aukera aprobetxatzeko, 2024-2028 aldirako Europaren baimena baitu, industria sendotzen aurrera egiteko, talentu berria erakartzeko eta sektorean kultura ekintzailea bultzatzeko”. Era berean, euskarazko ekoizpenaren aldeko apustua egiten jarraitzearen garrantzia azpimarratu du bere erabilera sustatzeko eta nazioartean proiektatzeko bide gisa.
Azkenik, foru diputatuak bileran parte hartu duten eragileei adierazi die ebaluazio osatuago bat egiteko interesa, “PFEZ eta Sozietate Zergak ematen dituen datuez gain neurri horien ikuspegi integralagoa lortzea ahalbidetuko duten beste aldagai batzuekin”. Hemen Agirrek adierazi du “zergen ikuspegitik, alderdi batzuk detektatzeko konplexuagoak dira, eta, beraz, sektorearekiko lankidetza funtsezkoa izango da tresna horrek Gipuzkoako lehiakortasunerako zer dakarren zehaztasun handiagoz neurtzeko”.
Zinema eta arte eszenikoetarako eta zuzeneko musikarako pizgarri fiskalak:
Ikus-entzunezko ekoizpenetarako jasotako kenkariak foru-arauan % 50etik % 60ra bitartekoak dira, Euskadin egindako gastuaren arabera. Euskarazko lanen kasuan, izaera orokorreko obretan baino % 10 gehiago desgrabatuko litzateke, eta, hala, % 70eko kenkaria ere izan dezakete. Edozein egoeratan aplika daitekeen gehieneko kenkaria 10 milioikoa izango da film bakoitzeko, eta 3 milioikoa kapitulu bakoitzeko, serieen kasuan.
Arte eszenikoei eta musikalei dagokienez, Gipuzkoako Foru Ogasunak % 30eko kenkari orokorra sartu du araudi berrian zuzeneko ikuskizunen ekoizpenetarako, eta % 40koa euskarazko ekoizpenetarako. Kenkari horren oinarria zuzeneko kostu artistikoek, teknikoek eta sustapenekoek osatzen dute, eta gehieneko kenkaria milioi batekoa izango da zergadun bakoitzeko. Ildo horretan, obra horien irabazien % 50 gutxienez zuzeneko ikuskizun berriak berrinbertitzera bideratu beharko da, lau urteko epean.
1635