Gipuzkoak Valentin Larrea musikagile gabiriarraren jaiotzaren 150. urteurrena ospatuko du
Gipuzkoak Valentin Larrea musikagile gabiriarraren jaiotzaren 150. urteurrena ospatuko du
Programak haren legatua berreskuratuko du Gipuzkoan, Nafarroan eta Iparraldean kontzertuak emanda, liburu bat argitaratuta eta dokumental bat estreinatuta

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak gaur aurkeztu du Gabirian 1876an jaiotako Valentín Larrea Iturbe pianista, organista eta konpositorearen jaiotzaren 150. urteurrenaren inguruan antolatutako programa. Programa 2026an zehar gauzatuko da, eta kontzertuak egingo dira Gipuzkoan, Nafarroan eta Iparraldean, liburu biografiko bat argitaratuko da eta bere bizitzari eta obrari buruzko dokumental bat estreinatuko da.
Prentsaurrekoan parte hartu dute María José Telleria Kultura Ondareko zuzendariak, Endika Igarzabal Gabiriako alkateak eta Elena Berazadi Larrea Valentin Larrearen senideak. Familia, 2019az geroztik, konpositorearen musika-ondarea ikertzeko, berreskuratzeko eta zabaltzeko proiektu batean dabil.
Berazadi Larrea familiak hainbat urte eman ditu kasu askotan hamarkadetan jendaurrean entzun ez diren konposizioak aurkitzen, katalogatzen, digitalizatzen eta berriz interpretatzen, eta lan horren emaitza da programa.
María José Telleria Kultura Ondareko zuzendariak nabarmendu duenez, «ez gara konpositore baten urteurrena bakarrik ospatzen ari. Herritarrei Gipuzkoako memoria kulturalaren zati bat itzultzen ari gara, eta familia bat ondare hori ahanzturan gera ez zedin egiten ari den lana aitortzen ari gara».
Telleriak azpimarratu duenez, «erakunde publikoen erantzukizuna da ondarea kontserbatzea, baina baita hura ikertzea, zabaltzea eta eskuragarri jartzea ere. Gordeta dagoen partitura batek balio historiko handia du, baina berriro interpretatzen denean, kultura-esperientzia partekatu bihurtzen da berriz ere».
Zuzendariak bereziki eskertu du konpositorearen ondorengoen inplikazioa: «Familiak lan bikaina egin du, afektuak bultzatuta, baina baita zorroztasunak eta ondare hori gizarte osoarena delako uste osoak bultzatuta ere. Konpromiso horri esker, hobeto ezagutuko dugu gure historia musikala, eta hurrengo belaunaldiei helaraziko diegu».
Bestalde, Endika Igarzabal Gabiriako alkateak azpimarratu duenez, “Gabiria bezalako herri batentzat garrantzitsua da Valentin Larrearen lan guztiari, musikari, balioa ematea; lanagatik lekuz aldatu behar izan zen gabiriarra. Baina orain, familiaren lan eta bultzada guztiarekin, ziur gaude Gabiriaren izena Valentin Larrearen musika eta izenarekin batera bidaiatuko duela. Herri bezala, proiektu honetan gure hondar alea jartzeko betebeharra genuen, eta ziur gaude emaitzak merezi izango duela”.
Amaitzeko, Elena Berazadi Larreak azaldu duenez, “Valentín Larrearen obra berreskuratzeko proiektuak bi alderdi nabarmendu nahi genituzke: alde batetik, alderdi afektiboa, gure aitonarenganako eta gure ama Mª Luisa Larrearenganako maitasunak eta mirespenak haien musika berreskuratzera eta balioan jartzera bultzatu baikaituzte, eta horrek harrotasunez betetzen gaitu. Beste alderdia, guretzat ere garrantzitsua, Valentin Larrearen musika ahanzturatik erreskatatzea da, gure herriko kultur ondarearen parte izan dadin.
Programa Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldean barrena
Programazioa maiatzaren 22an hasi zen, Urruñako elizan, organo, ahots eta korurako kontzertu batekin. Hurrengo hitzordua uztailaren 12an izango da, 12:00etan, Debako Santa Maria elizan, Nazioarteko Flysch Organoaren Zikloaren baitan. Kontzertuan parte hartuko dute Aitor Garitano tenoreak, Ignacio Arakistain organistak eta Jon Larreak zuzendutako Eragiok abesbatzak.
Egitarauak uztailaren 16an jarraituko du Olatzeko ermitan, Azpeitiko Udako Printzak jaialdiaren barruan, ahots eta pianorako errezitaldi batekin. Abuztuaren 2an, 2026ko Donostiako Musika Hamabostaldia inauguratuko duen piano kontzertuan, besteak beste, Valentin Larrearen obrak interpretatuko dituzte. Abuztuaren 10ean, Donostiako Organo Musika Hamabostaldiaren barruan, Tolosan izango da Larrearen obra.
Irailaren 3an ganbera-kontzertu bat egingo da Civivox Pompelon, Iruñeko Udalak antolatuta, eta irailaren 20an Gabirian organo, ahots eta korurako kontzertu bat emango da herriko elizan.
Programazioa Iruñeko Baluarte jauregira ere iritsiko da azaroan, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Bestalde, Orchestre du Pays Basque-Iparraldeko Orkestrak hiru emanaldi prestatu ditu hilabete horretan Luhusoan, Donibane Lohizunen eta Donapaleun.
Lurralde-izaera horrek aukera ematen du Valentin Larrearen ibilbide pertsonal eta profesionalari lotutako lekuak konektatzeko, eta euskal kulturaren mugaren bi aldeetako dimentsio partekatua indartzen du.
Liburu bat eta dokumental bat, ondare iraunkor bat uzteko
Ospakizunen baitan, konpositorearen bizitzari eta lanari buruzko liburu bat argitaratuko da. Bertan bilduko da azken urteetan familiaren dokumentu, partitura eta lekukotasunetatik abiatuta egindako ikerketaren emaitza.
Halaber, dokumental bat egin da konpositore, pianista eta organista gisa izan zuen ibilbideari eta bere ondarea berreskuratzeko prozesuari buruz. Ikus-entzunezkoa amaituta dago, eta aurreikusten da irailean aurkeztuko dela jendaurrean.
Donostian egingo da liburuaren eta dokumentalaren aurkezpen instituzionala, eta, horren osagarri, musika-emanaldi bat egingo da Francisco Escudero Kontserbatorioan. Ondoren, irailaren 18an, aurkezpen bat egingo da Gabirian, eta, abenduaren 17an, programa Nafarroako Errege Artxibo Nagusira iritsiko da, Iruñera.
Material horiek, partituren digitalizazioarekin eta musika-grabazio berriekin batera, aukera emango dute konpositorearen lanaren berreskurapenak efemeridetik harago jarraipena izan dezan.
Euskal musikaren figura garrantzitsu bat
Valentín Larrea Iturbe Gabirian jaio zen 1876an, eta Iruñean egin zuen bere ibilbide artistikoaren zati handi bat. Casino Eslavako pianista titularra, Iruñeko Orfeoiaren sortzaile eta lehen tenore eta bere garaiko euskal eta nafar musika giroetan musikagile entzutetsua izan zen.
Pianorako, organorako, korurako eta hari-talderako lanak konposatu zituen eta musika lehiaketetan hainbat sari jaso zituen. Pianorako 43 obra, sokarako 14 konposizio eta organorako eta korurako pieza ugari ezagutzen dira, baina bere ekoizpenaren zati bat oraindik ez da aurkitu.
Haren legatuaren zati handi bat Eresbilen eta Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboan jasota dago gaur egun. 2019az geroztik, haren ondorengoek partitura originalak berreskuratu eta digitalizatu dituzte, konpositoreari buruzko web-orri bat sortu dute eta hainbat kontzertu antolatu dituzte bere musika berriz eszenatokietara eramateko.
"Proiektu honek erakusten du ondarea ez dela mugiezina. Ikertuz, interpretatuz eta partekatuz kontserbatzen da. Valentin Larrearen lana berreskuratzea gure sortzaileen ekarpena aitortzea eta kultura eta memoria kolektiboa herritar guztien eskura egotea ere bada", adierazi du Telleriak amaitzeko.
559