Gipuzkoako baso-suteen prebentzioaren eta itzaltzearen inguruko informazio-oharra
Gipuzkoako baso-suteen prebentzioaren eta itzaltzearen inguruko informazio-oharra
Azken asteotan departamentuko kolektibo jakin batek zabaldutako informazio eta salaketen aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko departamentuak honako hau argitu nahi du:
2026/10/16
- Gipuzkoako Foru Aldundia ez da atzera egiten ari baso-suteen prebentzioan eta itzaltzean; aitzitik, klima-aldaketak eragindako arrisku berriei aurre egiteko eredu eraginkorrago, koordinatuago eta prestatuago baterantz aurrera egiten ari da. Eraldaketa horrek Mendietako Zuzendaritza eta foru suhiltzaileen zerbitzua inplikatzen dituen ikuspegi transbertsal eta departamentuen arteko ikuspegi bati erantzuten dio. Errealitatea nabarmen aldatu den honetan, Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du ia hogei urtetan sakoneko eguneraketarik izan ez duen sistema berrikustea eta hobetzea.
- Seigarren belaunaldiko baso-suteen mehatxuak jauzi kualitatiboa eskatzen du prebentziorako eta erantzuteko gaitasunean. Foru Aldundiak dagoeneko neurri zehatzak hartu ditu norabide horretan, besteak beste, helikoptero bat kontratatzea, Mendietako Zuzendaritza berrantolatzea, zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzeko atalburutza berri bat sortzea, eta Natura Ondarea eta Mendiak Babesteko eta Baso Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko Plan Integrala prestatzea.
- Plan Integral hori dagoeneko prest dago, eta Mendietako Zerbitzuko arduradunei aurkeztu zaie. Egungo antolaketa berrikusteko, eraginkortasun faltak identifikatzeko eta prozeduretan, baliabideetan zein koordinazioan hobekuntzak txertatzeko oinarria da. Helburua ez da lehengo funtzionamendua bere horretan berrezartzea, lurraldearen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dien sistema baterantz eboluzionatzea baizik.
- Prebentzioa da baso-suteei aurre egiteko tresnarik eraginkorrena, eta horretan oinarritu behar da, lehentasunez, Mendietako Zuzendaritzaren lana. Horrekin batera, abisuen aktibazio zentralizatua, lehen esku-hartze indartua eta zerbitzuen arteko koordinazio handiagoa behar dira. Erantzun bateratu eraginkorragoa eskaintzeko, zerbitzu bakoitzaren espezializazioa eta gaitasunak baliatzea da helburua.
- Mendietako Zuzendaritzara bideratutako baliabideak handitu egin dira, ez murriztu. Aurrekontua % 70,33 hazi da azken hamaika urteetan, 2015eko 10.512.269 euroetatik 2026ko 17.905.972 eurotara. Mendietako Zuzendaritzako langile kopurua ere handitu egin da. Foru Aldundiak lanean jarraitzen du giza baliabideak eta baliabide materialak hobetzeko, antolaketa indartzeko eta zerbitzuei baso-suteak ahalik eta eraginkortasun handienarekin prebenitzeko eta horien aurrean jarduteko beharrezko tresnak eskaintzeko.
- Gipuzkoako Foru Aldundiak baso-suteen prebentzio- eta itzaltze-lanetan parte hartzen duten profesionalen eta boluntarioen dedikazioa aitortu eta balioan jartzen du. Haien lana, esperientzia eta lurraldearen ezagutza funtsezkoak dira Gipuzkoako mendiak eta natura-ondarea babesteko.
- Foru Aldundiak oinarririk gabeko salaketak eta baso-kudeaketa sistematikoki gutxiesteko ahaleginak baztertzen ditu. Bereziki kezkagarria da, zerbitzuaren funtzionamendua publikoki zalantzan jartzen den bitartean, arreta eskatzen duten kudeaketa arrunteko gaiak egotea, hala nola onura publikoko mendietako mozketa- eta landaketa-lanetan atzerapenak, baimenen eta erabilera-aldaketen izapidetzea, mozketa-baimenak edota lan-kargen antolaketa. Zerbitzua hobetzeko, beharrezkoa da gai horiei guztiei arduraz eta zorroztasunez heltzea, eztabaida iraganeko jardunbide jakin batzuk berreskuratzera mugatu gabe.
- Azkenik, Foru Aldundiak kezkagarritzat jotzen du pertsona jakin batzuek behin eta berriz Mendietako Zuzendaritzaren aurkako konfrontazioa bultzatzea, horretarako arrazoi desberdinak erabiliz. Batzuetan baso-politikak dira, beste batzuetan lan-baldintzak, beste batzuetan zerbitzuak kanpora ateratzea, eta orain baso-suteen prebentzioa eta itzaltzea. Arrazoiak aldatu egiten dira, baina sustatzaileetako batzuk errepikatu egiten dira, eta badirudi edozein egoera baliatzen dutela erakundearen eta bertan lan egiten duten pertsonen jarduna zalantzan jartzeko, kolektiboaren barruan giro txarra sortuz. Jokabide horren errepikapenak, gainera, haien benetako motibazioei buruzko zalantzak sortzen ditu, hauteskunde-prozesua gero eta hurbilago dagoela kontuan hartuta. Foru Aldundiak kritikarako eta aldarrikapen profesionalerako eskubidea errespetatzen du, baina baso-suteen aurkako segurtasuna bezain gai sentikorra alarma sortzeko edo zerbitzu publikoen lana gutxiesteko erabiltzea gaitzesten du. Horregatik, erantzukizunez jokatzeko, adierazpen publikoetan zorroztasunez aritzeko eta inplikatutako pertsona guztien arteko lankidetza eraikitzailea sustatzeko deia egiten du.
2095