Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako bilketa metatua % 11,2 igo da azarora arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako bilketa metatua % 11,2 igo da azarora arte, aurreko urtearekin alderatuta

2025eko lehen hamaika hilabeteetan iazko aldi berean baino 598 milioi gehiago bildu dira

2025/12/15
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako zerga bilketa metatuak % 11,2ko hazkundea izan du aurreko urtearen aldean. Guztira 5.925 milioi euro bildu dira azarora arte, 2024ko aldi berean baino 598 milioi gehiago. Dirusarrera gordinak % 7,3 igo dira, eta itzulketak 5,1%gutxitu dira. Zuzeneko zergak % 9,4 handitu dira, zeharkako zergak 12,3% eta Estatuarekiko doikuntzak % 17,6.

Azarora arteko bilakaera positiboa honako hauetan izandako diru-sarreren gehikuntzak azaltzen du: lan-etekinen gaineko atxikipena, kapital higikorraren etekinen atxikipenak, BEZa, Zerga Bereziak, eta ondare eskualdaketen gaineko zerga. Bestalde, azarora arteko zerga bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar da ondare irabazien atxikipenak jaitsi direla eta sozietateen gaineko zergaren itzulketak handitu.

Zergen arabera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 6,2 igo dira, hau da, 133,2 milioi euro, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. PFEZaren kuota diferentzial garbiaren bidezko diru-sarrerak 13,1 milioi euro igo dira, eta itzulketak, berriz, 144,3 milioi gutxiago izan dira; beraz, bilketa likidoa 157,4 milioi euro igo da azarora arte, aurreko urteko aldi beraren aldean. Osagai guztiak kontuan hartuta, PFEZaren diru-bilketa likidoa % 12,8 igo da, hau da, 274,3 milioi gehiago.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiaren diru-sarrerak 42,2 milioi jaitsi dira azarora arte, 2024ko aldi berarekin alderatuz gero. Aldaketa horrek bi osagai ditu: batetik, diru-sarrera gordinak 1,3 milioi gutxitu dira; eta, bestetik, itzulketak 40,9 milioi gehitu dira.

Kudeaketa propioko BEZari dagokionez, BEZaren bilketa metatua, aurreko urtearekin alderatuta, % 14,5 igo da, hau da, 191,4 milioi euroko hazkundea egon da. Atal honetan, Gipuzkoako diru-sarrerak 119,6 milioi euro igo ira (% +6,9), itzulketak 17,6 milioi euro (% +2,1) eta lurralde arteko doikuntzak 89,4 milioi (% +21,5).

Zerga berezien kasuan, tabako laboreen gaineko zergaren bilketak % 5,6ko igoera izan du, hau da, 7,1 milioi gehiago jaso dira. Elektrizitatearen gaineko zergak ere gora egin du, % 53 hau da, 7,3 milioi gehiago aurreko urtearekin alderatuta, onartutako arau aldaketen ondorioz.

Azkenik, Estatuarekiko egokitzapenen atalean, aurreko urtearen aldean metatutako diru-bilketa 79,4 milioi igo da BEZean, eta 13,1 milioi, zerga berezietan.

Estatuarekiko doikuntzei dagokienez, nabarmentzekoak dira inportazioen BEZaren doikuntzaren igoera, 52,9 milioikoa; eta hidrokarburoen doikuntzagatik aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoaren murrizketa, 17,2 milioikoa.

  

1341