Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundia lehortearen ondorioei aurre egiteko laguntza-lerro bat lantzen ari da lehen sektoreari laguntzeko

Gipuzkoako Foru Aldundia lehortearen ondorioei aurre egiteko laguntza-lerro bat lantzen ari da lehen sektoreari laguntzeko

Lurralde Oreka Berdearen departamentua elkarrizketa prozesuan ari da ENBA eta EHNE sindikatuekin, sektorearen behar nagusiak identifikatzeko eta klima-aldaketaren ondorioek eragindako lehorte egoeraren aurrean lantzen ari den laguntza deialdiaren zehaztasunak partekatzeko.

2026/09/18
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lurralde Oreka Berdea Departamentuaren bidez, lehen sektorearekin elkarlanean jarraitzen du lehorte egoerak lurraldeko nekazaritza eta abeltzaintza jardueran eragindako zailtasunei erantzuteko.

Testuinguru horretan, Departamentuko ordezkariek beste bilera bat izan dute gaur ENBA eta EHNE nekazaritza-sindikatuekin, aurretik abiatutako elkarrizketa-prozesuari jarraipena emanez. Bileren helburua da sektorearen beharrak eta kezka nagusiak zuzenean ezagutzea, baita egoera horri aurre egiteko Foru Aldundia lantzen ari den laguntza-lerroaren inguruko urratsak partekatzea ere.

Hala, bilera giro onean, entzute aktiboan eta lankidetza-esparruan garatu da. Topaketan, prestatzen ari den laguntza deialdiaren berri eman du Foru Aldundiak eta prozesu horretan ezinbestekotzat jo du sektorearen ikuspegia kontuan hartzea, laguntza horiek arreta zein behar handiena duten esparruetara bideratu ahal izateko.

Ildo horretan, nekazaritza-sindikatuek lehen sektoreak dituen beharrak eta lehentasunak azaldu eta lehentasunezkotzat jotzen dituzten azpisektoreak partekatu dituzte Aldundiko ordezkariekin; ekarpen horiek kontuan izango dira deialdiaren diseinuan.

Lehorteak eragindako ondorioei erantzuteko laguntza-deialdi honek talka edo txoke-neurri izaera izango du, baina Foru Aldundiak beharrezkotzat jotzen du klima-aldaketak planteatzen dituen egiturazko erronkei ere heltzea, lehen sektorean gero eta eragin handiagoak izan baitaitzake.

"Laguntza-lerro hau lehen sektoreari zuzenean eragiten dion egoera zehatz baten aurreko erantzun gisa ulertu behar da, baina jakin badakigu klima-aldaketaren ondorioek ibilbide luzeagoko erronkak planteatzen dizkigutela. Horregatik, berehalako beharrei erantzuteaz gain, sektorearekin batera lanean jarraitu nahi dugu egiturazko erronkak identifikatzeko eta gure lurraldearen egokitzeko gaitasuna indartzeko neurrietan aurrera egiten jarraitzeko", adierazi du Xabier Arruti foru diputatuak.

Hori horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak nekazaritza-erakundeekin batera lanean jarraituko du datozen asteetan, deialdi horren xehetasunak zehazteko eta klima-aldaketak eragindako egungo beharrei eta etorkizuneko erronkei erantzuteko neurrien garapenean aurrera egiteko.

  

1420