Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak bere babesa eta elkartasuna adierazi die Errenterian izandako eraso eta jokabide sexisten kasuetako biktimei

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere babesa eta elkartasuna adierazi die Errenterian izandako eraso eta jokabide sexisten kasuetako biktimei

Irune Berasaluze foru bozeramaileak edozein motatako jarrera eta eraso matxisten aurrean “zero tolerantzia” eskatu du, eta biktimen “pribatutasuna, konfidentzialtasuna eta borondatea” errespetatzeko deia egin du. Bilera bat iragarri du Emakunderekin eta Errenteriako alkatearekin, Xenpelar Bertso Eskolaren kasuan udal mekanismo eta protokoloetan zerk huts egin zuen aztertzeko, eta erakundeen erantzuna nola indartu aztertzeko.

2026/05/30
Gipuzkoako Foru Aldundia

Irune Berasaluze foru bozeramaileak gaur arratsaldean Gipuzkoako Foru Aldundiaren “babes eta elkartasun osoa” adierazi die azken egunotan Errenterian ezagutzera eman diren Xenpelar Bertso Eskolarekin lotutako erasoen kasuetako biktimei; aldi berean, bere “gaitzespena” agertu du, eta edozein motatako jarrera eta eraso matxisten aurrean “zero tolerantzia” eskatu du. Gainera, adierazi du Aldundiak bere baliabide guztiak jartzen dituela biktimen eta haien familien esku, biktimen babesa ziurtatzeko eta haien eskubideak "artatuak eta bermatuak" izan daitezen.

Foru erakundeak bat egiten du Errenteriako herriaren "suminarekin" eta tartean dauden eragile instituzional eta sozialei dei egin die biktima guztien "pribatutasuna, konfidentzialtasuna eta borondatea" errespetatzeko, beste ezeren gainetik eurek "berriz biktimizatzea" saihestuz. Zentzu horretan, Berasaluze "kezkatuta" agertu da "denboran luzatu" diren gertaerak direlako eta ekidin zitezkeelako, kontuan izanda 2018k dagoeneko erasotzaile gisa seinalatua izan den pertsonarekiko lehen salaketak jazo zirela.

Era berean, foru bozeramaileak iragarri du bilera baterako deia egin duela Errenteriako alkatearekin eta Emakunderekin, gertatutakoa aztertzeko, "Errenteriako prebentzio-mekanismoetan eta protokoloetan zerk huts egin zuen ikusteko" eta hura hobetzeko zer neurri har litezkeen ikusteko, "gisa honetako gertaerak berriro eman ez daitezen", eta, horrela, "kaltetuen, haien familien eta herritar guztien konfiantza berreskuratzeko, XXI. mendean gertatu ezin diren jazoera horien aurrean.

Azkenik, Kukai Dantza Taldearen inguruan zabaldu diren kasuei dagokienez, foru bozeramaileak adierazi du Aldundiari maiatzaren hasieran helarazitako informazioaren arabera, egindako jarduketak bat etorri ziren eragindako pertsonek adierazitako eskaerekin eta ezarritako prozedurekin. Horrelako egoerei "zorroztasunez, biktimen borondatea errespetatuz eta birbiktimizatzeko edozein modu saihestuz" heltzeko beharra berretsi du.

  

688