Gipuzkoako Foru Aldundiak ia 32 milioi euro mobilizatu zituen laguntzetan 2025ean, eta 1.862 onuradun izatera iritsi zen, horietatik % 90 ETEak eta autonomoak
Gipuzkoako Foru Aldundiak ia 32 milioi euro mobilizatu zituen laguntzetan 2025ean, eta 1.862 onuradun izatera iritsi zen, horietatik % 90 ETEak eta autonomoak
Gipuzkoako Foru Aldundiak ia 32 milioi euro mobilizatu zituen laguntzetan 2025ean, eta 1.862 onuradun izatera iritsi zen, horietatik % 90 ETEak eta autonomoak
Programa lurraldeko eskualde guztietara iritsi zen, eta benetako eragina izan zuen Gipuzkoako ehun ekonomikoan. 31 milioi euro baino gehiago bideratu ziren talentura, ekintzailetzara, berrikuntzara, digitalizaziora, lehiakortasunera, sustapen ekonomikora eta jasangarritasunera, Gipuzkoako garapen ekonomikoa indartzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Unai Anduezak 2025eko Laguntzen eta Dirulaguntzen Programaren emaitzak aurkeztu ditu gaur prentsaurrekoan. Programaren balorazioa oso positiboa izan da, bai kuantitatiboki, bai kualitatiboki. Programaren azken zuzkidura 31.945.928,58 eurokoa izan da, hau da, % 2,9ko igoera izan du hasieran aurreikusitako aurrekontuarekin alderatuta, eta Departamentuak Gipuzkoako ehun ekonomikoaren garapenarekin eta lehiakortasunarekin duen konpromisoa indartu du horrela.
Guztira 1.862 onuradunengana iritsi dira laguntzak, autonomoak, enpresak, ekintzaileak eta elkarteak barne hartuta. Programa osotik, laguntzen % 90 ETEetara bideratu dira, eta lurraldeko ekonomiaren funtsezko ardatz gisa duten zeregina sendotu egin da. Testuinguru horretan, Anduezak adierazi duenez, “Gipuzkoako enpresak dira gure ekonomiaren eta gure ongizatearen oinarria, eta programa honen helburua da haien garapena erraztea eta lehiakortasuna hobetzea, haien benetako premiei azkar erantzunez”.
31 milioi euro baino gehiago arlo estrategikoetara
2025aren hasieran, programa berriz diseinatu zen ekosistema ekonomikoko eragile nagusiekin lankidetzan —erakundeak, garapen-agentziak, ikerketa-zentroak eta elkarteak—, prozedurak optimizatzeko eta administrazio-izapidetzea sinplifikatzeko. Prozesu horri esker, laguntza-tresna arinagoak, eskuragarriagoak eta eraginkorragoak izan ditugu, enpresen egungo beharretara hobeto egokituak.
Inbertsioa 31 milioi eurotik gorakoa izan da, eta zenbateko hori Gipuzkoaren garapen ekonomikorako estrategikoak diren eremuetara bideratu da. Zehazki, 6.271.053 euro bideratu dira pertsona eta talentuetara, 1.654.194 euro ekintzailetzara, 9.508.474 euro berrikuntzara, 2.663.221 euro digitalizaziora eta 4.0 industriara, 6.773.095 euro lehiakortasunera, 3.285.890 euro sustapen ekonomikora eta 1.790.000 euro jasangarritasunera.
Lurralde-kapilaritatea eta eskualdekako banaketa
Laguntzak, gainera, Gipuzkoako eskualde guztietan esleitu dira, lurralde osoan eragin erreala eta kapilarra bermatuz horrela. Per capita laguntzari dagokionez, eta eskualde bakoitzeko enplegatu-kopurua kontuan hartuta, inbertsioa 151 eurokoa izan zen Urola Erdian, 112 eurokoa Urola Garaian, 111 eurokoa Tolosaldean, 98,34 eurokoa Debagoienean, 95,90 eurokoa Debabarrenean, 94,32 eurokoa Beterri-Buruntzan, 75,77 eurokoa Donostialdean, 73,47 eurokoa Urola Kostan, 71,77 eurokoa Goierrin, 67,39 eurokoa Oarsoaldean eta 66,56 eurokoa, berriz, Bidasoan. Datu horiek agerian uzten dute programaren kapilaritatea eta lurraldeko ETE industrialei emandako babesa.
Erronka ugari dituen testuinguru ekonomiko honetan, 2025eko Laguntza eta Dirulaguntza Programaren helburua erronkak aukera bihurtzea izan da; horretarako, Gipuzkoako oinarri ekonomikoa indartu da eta lurraldea lehiakorragoa eta oparoagoa izan dadin lagundu da. Ildo horretan, diputatuak balioa eman dio programak azkar erantzuteko duen gaitasunari, eta nabarmendu du, besteak beste, ekaineko uholdeek eragindako enpresei aparteko laguntzak eman zaizkiela.
Lehiakortasuna indartzea eta 2026 Programa aurkeztea
Azkenik, diputatuak gogorarazi du 2025a ere urte garrantzitsua izan dela, irismen handiko proiektu estrategikoak jarri baitira abian, hala nola MUBIL, IBMren System Two ordenagailu kuantikoa edota GOE, enpresa-sareari zuzeneko laguntza emateko politikaren osagarri. Esparru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026ko Laguntzen eta Dirulaguntzen Programa aurkeztuko du datorren martxoan Miramongo Teknologia Parkean (Donostia), Goieki Garapen Agentzian (Ordizia) eta Polo Garaian (Arrasate).
2106