Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak Txara I zentroa guztiz eraberrituko du zainketen eredu berrira egokitzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak Txara I zentroa guztiz eraberrituko du zainketen eredu berrira egokitzeko

Eraberritze honekin zentroa egokituko da pertsona erdigunean jartzen duen zainketa eredura; bizikidetza unitate txikiagoak izango ditu, banakako gela gehiago eta espazio goxoagoak, komunitatera zabalduak. Eraberritze guztia egiteko bi urte beharko dira eta Aldundiaren apustua sendotzen du 22 milioi euroko inbertsioa jasota.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Txara I adinekoentzako zentroan datorren astelehenean, martxoaren 8an, hasiko dira eraberritze lanak, Gipuzkoako Foru Aldundiak zainketa eredua eraldatzeko martxan jarritako prozesuaren baitan. Lanen hasiera gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak.

Txara I-eko lanak kokatzen dira pertsona erdigunean jartzen duen eta komunitatera irekita dagoen zainketa eredu berri bat eraikitzeko Aldundiaren estrategiaren baitan. Eredu horren oinarri dira ingurune etxekoagoak, bizikidetza-unitate txikiagoak, bizi-proiektuekiko errespetua eta zentroak komunitatean integratzea.

Lanak amaitzen direnean, diputatu nagusiak azaldu duenez, Txara I egoitzak instalazio berrituak izango ditu, eta “gure lurraldean zaintzaren arloan gertatzen ari den eraldaketaren adibide aurreratua” izango da. “Helburua da, erabiltzaileak etxean bezala sentitzea, giro etxekoiagoak sortuz; horrek arreta pertsonalizatuagoa ahalbidetzen du, bizikidetza, intimitatea eta autonomia sustatzen ditu, eta komunitatearekin harreman hurbilagoa errazten du”, zehaztu du. Mendozak adierazi du horrek guztiak egoiliarren “ongizate integrala” hobetzen lagunduko duela, eta “bereziki” eskertu nahi izan du Txara Ieko erabiltzaileek eta haien senideek izandako “borondate ona eta elkarrizketarako prestutasuna”, obrek iraun bitartean beste egoitza batzuetara egindako lekualdaketak antolatzerakoan. “Tamaina honetako obra batek, eraberritze integral batek, eragozpenak sortzen ditu, zalantzarik gabe. Eta horren jakitun izanda, etengabeko komunikazioa izan dugu, egoiliarren ongizatean ahalik eta ondorio gutxien eragiteko helburuarekin”.

“Herriz herri, zerbitzuz zerbitzu, Gipuzkoako zaintza eredu berria lurralde osoan hedatzen ari gara: pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa eta komunitatearekin lotuagoa den eredua. Gainera, gero eta bizitza luzeagoa dugun testuinguru honetan eta mendekotasun kasuak handitzen ari diren honetan, etorkizuneko zaintza eta babes sozialeko beharrei aurrea hartzen ari gara. Helburua da gaur eta bihar, bizitzan zehar zaintza beharra duen edozein pertsonak kalitatezko zaintza, pertsonalizatuak eta komunitatera irekiak bermatuta izatea”, adierazi du Mendozak.

Zaintza eredu berrira egokitua

Txara I eraikinaren fatxada 2017an berritu zen; eraikina bera 1997koa da, eta, beraz, hiru hamarkada inguruko ibilbidea du. Esku-hartzea hasi aurretik, 115 egoitza-plaza eta Psikogeriatria Unitateko (UPSI) 15 plaza zeuden, eta aldi baterako birkokatu egin dira, obrak burutu ahal izateko erabiltzaileentzako segurtasuna, asistentziaren kalitatea eta ongizatea bermatuta.

Proiektatutako jarduketak higiezina guztiz eraldatzea dakar, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako zainketa eredu berriaren estandarretara erabat egokitzeko. Eraldaketa amaitutakoan, zentroak 136 plaza izango ditu, arreta pertsonalizatuaren, tamaina txikiagoko bizikidetza-inguruneen eta arkitektura- eta ingurumen-kalitate handiagoko inguruneen printzipioen arabera konfiguratuta.

Bizitegi-solairuetan, eraikina antolatuko da tamaina eta eskala txikiagoko moduluetan, 10 eta 11 pertsona arteko bizikidetza-unitateekin. Unitate bakoitzak officea, jangela eta egongela propioak izango ditu, eta espazio pertsonalizatuagoak sortuko dira, bizikidetza, intimitatea eta arreta hurbilagoa ahalbidetzeko. Diseinu horri esker, pertsona erdigunean jartzen duen arreta indartu ahal izango da, egoiliar bakoitzaren erritmoak, lehentasunak eta bizi-proiektuak errespetatuz eta talde profesionalekin harreman egonkorragoak erraztuz.

Eraberritzeak, halaber, hobekuntza arkitektoniko eta ingurumen-hobekuntza garrantzitsuak izango ditu: argi natural gehiago, unitatearen barruan ibilbide irisgarri gehiago, kanpoko terrazak, eta material natural eta beroen erabilera, espazio ireki, atsegin eta goxoak sortzen laguntzeko, egoiliarren ongizate fisiko eta emozionalera bideratuta.

Logelei dagokienez, 102 gela indibidual egongo dira, gutxi gorabehera 13 metro koadrokoak, 5 metro koadroko bainugela propioarekin, konfort-, funtzionaltasun- eta berotasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatuak. Zentroak, halaber, 19 metro koadroko 17 gela bikoitz izango ditu, 5 metro koadroko bainugela propioarekin.

Lehen solairuan Psikogeriatria Unitatea (UPSI) egongo da, zahartzaroan osasun mentalaren arloan premia espezifikoak dituzten pertsonentzako arreta espezializatua indartzeko. Beheko solairuan harremanetarako eta ingurunera irekitzeko gune komunak egongo dira, hala nola erabilera anitzeko gelak, bisita-espazioak eta balorazio-zentroa. Sotoko - 1 solairuan ekipamenduaren funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren espazio teknikoak eta laguntzakoak berrantolatuko dira.

Obrak egiteko aurreikuspena 24 hilabetekoa da, eta inbertsioa 22 milioi eurokoa. Jarduketa horrek erakusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak apustu estrategikoa egin duela adinekoei arreta emateko sare publikoa sendotu eta modernizatzeko, zainketen eredu berriarekin bat etorriz.

Egoiliarrak zentroz aldatzea

Esku-hartzea oso handia zenez, ezinezkoa zen egoiliarrak eraikinean zeudela egitea obrak. Beste jarduketa batzuen artean, proiektuak aurreikusten du eraikinaren bizkarrezur diren egungo eskailera nagusia eta barne-patioa kentzea, eta horrek hautsa, zarata eta segurtasun-arazoak sortuko lituzke, eta hori bateraezina da erabiltzaileak eraikinean egotearekin.

Horregatik, 121 egoiliar modu mailakatuan lekualdatu dira. Uztailean bilera bat egin zen senideekin eta erabiltzaileekin, proiektuaren eta aurreikusitako prozesuaren berri emateko.

Aurreko udan, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuko eta Txara I zentroko talde teknikoek kasuz kasu aztertu zuten egoiliar bakoitzaren egoera, haien premiak aztertzeko eta egoera bakoitzerako aukerarik onena adosteko.

Txosten teknikoak kontuan hartuta, erabiltzaile bakoitzarekin eta haren familiarekin adostu zen baliabide egokiena. Hori horrela, 29 pertsona Zizurkilgo Fraisoro zentrora lekualdatu dira, Txara I-eko mediku eta laguntza-taldearekin batera. Hainbat egoiliar beren jatorrizko udalerrietako zentroetara lekualdatu dira, beraiek eskatuta, eta beste hainbat Donostiako beste egoitza batzuetara lekualdatu dira. Prozesu hori gauzatu ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak egoitza-plaza berriak hitzartu ditu.

Uztailean egindako informazio-bileran azaldu zen bezala, Departamentuaren helburua izan da, une oro, ahalik eta irtenbiderik onena eskaintzea, banakako premiak kontuan hartuta eta familiekin eta egoiliarrekin hartutako konpromisoa betez.

Hirugarren sektore sozialeko erakundeak

Txarako eraikinean hirugarren sektore sozialeko hainbat elkarte eta erakunde ere bazeuden; beren jarduera han burutzen zuten eta herritarrei zuzeneko arreta ematen zieten. Eraberritze integralaren ondoren, ekipamendua adinekoentzako egoitza-zentro gisa soilik erabiliko da, arreta-sare publikoaren barruan duen funtzioarekin bat etorriz.

Aipatutako erakunde horiek beren jardunarekin jarraituko dutela bermatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak kokapen berriak antolatu ditu, modu planifikatu eta koordinatuan, zerbitzuak mantendu ahal izateko. Urte amaieratik, elkarte horiek Aldundiak Uraren Etxean (Antigua auzoa) duen lokal batean jarduten dira.

  

2545