Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintza komunitarioen eredua sendotu du, ia 8.000 herritarrei arreta ematen dieten 31 tokiko zaintza ekosistemekin
Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintza komunitarioen eredua sendotu du, ia 8.000 herritarrei arreta ematen dieten 31 tokiko zaintza ekosistemekin
Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintza komunitarioen eredua sendotu du, ia 8.000 herritarrei arreta ematen dieten 31 tokiko zaintza ekosistemekin
Sareak 7.920 pertsonari ematen die arreta, eta 560 eragile, senide eta zaintzaile baino gehiago biltzen ditu; 18tik 31 ekosistemara egindako jauziarekin eta 3,7 milioi euroko inbertsioari esker, mendekotasunean, prebentzioan eta gizarteratzean eragina duen eredua indartu da. Tokiko Zaintza Ekosistemen IV. Jardunaldiak 140 eragile inguru elkartu ditu, ordezkari instituzionalak, udal arduradunak, gizarte arloko profesionalak eta hirugarren sektoreko erakundeak tartean. Bertan komunitatean, prebentzioan eta pertsonalizazioan oinarritutako eredua sendotzeko apustua berretsi da

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur egin du Tokiko Zaintza Ekosistemen IV. Jardunaldia. Topaketan 140 lagun inguru bildu dira, ordezkari instituzionalak, udal arduradunak, gizarte arloko profesionalak eta hirugarren sektoreko erakundeak tartean. Jardunaldiak aukera eman du lurraldean hedatzen eta sendotzen ari den eredu baten aurrerapenak, ikaskuntzak eta erronkak partekatzeko.
Ekitaldian parte hartu dute Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak. Era berean hiru udalerrietako ekosistemen esperientziak ezagutzeko aukera izan da, Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbe, Hondarribiko Gizarte Politiketako ziengotzi Josu Peña eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukaren eskutik. Besteak beste, mendekotasunaren arretan, nahi ez den bakardadearen aurkako jardunean eta gizarteratzean sakondu dute.
Diputatu nagusiak berretsi du Aldundiaren konpromisoa tokiko zaintza ekosistemak indartzen eta garatzen jarraitzeko, eta azpimarratu du eredu honek pertsonen ongizate integralean dituen onurak gero eta nabarmenagoak direla. Hala erakusten dute egindako azterketek, zaintzak jasotzen dituzten pertsonen balorazioek eta nazioartean jasotako aitortzak. “Gipuzkoa aurrera doa zaintzen eraldaketan, pertsonalizazio handiagoa, berrikuntza eta komunitatearekiko lotura indartuz. Hori guztia erakundeen, gizarte eragileen eta komunitatearen arteko lankidetzari esker ari gara egiten, hori baita gure lurraldeko gizarte babes ereduaren oinarria”, adierazi du.
Hedapenean jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa
Gaur egun, Gipuzkoak 31 tokiko zaintza ekosistema ditu, 32 udalerriren ekimenari esker, eta 7.920 pertsonari ematen diete erantzuna. Azken aldian 18tik 31ra igaro izanak jauzi esanguratsua ekarri du, bai ikuspegi kuantitatibotik, bai kualitatibotik.
Garapen anitza da, heldutasun maila desberdinekin, baina dagoeneko eragina du gizarte zerbitzuen funtsezko arloetan, hala nola mendekotasunaren arretan, prebentzioan eta gizarteratzean.
Ereduak, gainera, 167 senide, 128 zaintzaile eta 267 eragile komunitario eta instituzional biltzen ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 3,7 milioi euroko inbertsio metatua egin du.
Horrela, tokiko zaintza ekosistemak Donostian, Astigarragan, Azpeitian, Beasainen, Deban, Elgoibarren, Errenterian, Hernanin, Hondarribian, Legazpin, Legorretan, Lizartzan, Oiartzunen, Orion, Pasaian, Urnietan, Urretxun, Usurbilen, Zestoan, Zumarragan, Lezon, Soraluzen, Idiazabalen, Zarautzen, Elgetan, Bergaran, Antzuolan, Oñatin, Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan daude; azken hauek Debagoieneko eskualdeko ekosistema osatzen dute.
Hazkundea, estrategia komunitarioan oinarrituta
Ekosistemen hedapena, neurri handi batean, nahi ez den bakardadearen arloan lanean ari ziren udalerrien integrazioari esker gertatu da, Adinberri Fundazioak bultzatutako Hariak estrategiaren baitan. Udalerri eta proiektu hauek koordinazioa, pertsonalizazioa, prebentzioa eta komunitate lana oinarri dituzten jardunak partekatzen dituzte, sinergiak eta ikaskuntza partekatuak sortuz.
Tokiko Zaintza Ekosistemen eredua bideratuta dago, batez ere, mendekotasun egoeran dauden pertsonei, gizarte bazterketa arriskuan daudenei, haurreri eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, ikuspegi integral eta komunitariotik erantzunak eskainiz.
Kogobernantza, egiturazko elementu gisa
Udalekin batera garatzen den kogobernantza eredua funtsezko elementua da. Ekosistema bakoitzeko talde eragileen bidez eta lanerako espazio partekatuen bidez egituratzen da, estrategia bateratuak garatzeko eta koordinatuta aurrera egiteko.
Ikuspegi honek aukera ematen du estrategiak lerrokatzeko, ikaskuntzak partekatzeko eta lurraldean zaintza ereduaren eraldaketan modu koordinatuan aurrera egiteko.
Oinarrien dokumentua eta dekretua
Ereduaren oinarrietako bat da marko normatibo sendo bat eraikitzeko egindako lana. Oinarrien dokumentua eta dekretuaren zirriborroa 200 profesional baino gehiagoren parte-hartzearekin landu dira, lau gobernantza-esparruren bidez: Gipuzkoako Foru Aldundia, deliberazio taldea, hirugarren sektoreko profesionalen taldea eta 31 ekosistemak.
Prozesua Delphi motako kontraste-metodologia baten bidez garatu da; bertan, gobernantza-organo bakoitzak dokumentuaren bertsio beraren gainean lan egin du, ekarpenak eginez, aztertuz eta txertatuz. Horrela, sektorearen ezagutza kolektiboa jaso eta dokumentuetan islatu da, sendotasun tekniko eta instituzionala bermatuz.
Hurrengo urratsak
Etorkizunari begira, Gipuzkoako Foru Aldundia lau eraldaketa-ildo nagusitan ari da lanean:
Zerbitzuen arloan, arreta pertsonalizatuan sakontzen jarraituko da, baliabideak —egoitzak eta eguneko zentroak barne— ekosistemetara integratuz, eta lehen mailako (udalak) eta bigarren mailako (Aldundia) arretaren arteko koordinazioa hobetuz, bereziki kasu konplexuetan, baita koordinazio soziosanitarioa ere.
Eraldaketa digitalean, Datuen Plataforma Federatua garatzea aurreikusten da, eragileen arteko koordinazioa hobetzeko eta komunitatearen parte-hartzea indartzeko tresna gisa, eta, aldi berean, identifikatutako praktika onak euskarri teknologikoetan txertatzeko.
Arlo normatiboan, Tokiko Zaintza Ekosistemen dekretua onartzea bultzatuko da, eta monitorizazioan identifikatutako ikaskuntzak araudian txertatzen jarraituko da.
Azkenik, jasangarritasunaren arloan, kostuen analitika estandar bat definitzea, finantzaketa egonkorra egituratzea eta pertsonen bizi-kalitatean duen eragina neurtzea izango dira helburu nagusiak.
Monitorizazioa eta etengabeko hobekuntza
Ereduaren hedapena etengabeko monitorizazio-prozesu batekin laguntzen da. Lehen fasean, 32 udalerrirekin harremanetan jarri da autodiagnostiko bat egiteko eta eragileen mapa osatzeko; gaur egun, 16 udalerriren informazioa dago eskuragarri. Bigarren fasean, udalerriak bisitatzen ari dira, ekosistema bakoitzaren garapena sakonago ezagutzeko, praktika onak identifikatzeko, beharrak aztertzeko eta kostuen lehen hurbilketa egiteko.
2026an zehar, erabiltzaileen eta profesionalen ikuspegia ere txertatuko da, eredua hobetzen, sendotzen eta proiektatzen jarraitzeko, Gipuzkoa zaintzen arloan erreferente gisa kokatuz..
1057