Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak aurtengo udan Kultura Bonu Gaztea jarriko du abian
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak aurtengo udan Kultura Bonu Gaztea jarriko du abian
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak aurtengo udan Kultura Bonu Gaztea jarriko du abian
Kanpaina 16 eta 29 urte arteko gazteei zuzentzen zaie, 40.000 euroko aurrekontua izango du eta bereziki sarituko du euskarazko kultura produktuen erosketa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura Departamentuaren bitartez, Kultura Bonu Gaztearen beste edizio bat jarriko du abian uda honetan. Ekimen honen helburua da gazteek kulturarako sarbidea izatea, kultura-produktuak eskuratuta.
Kanpaina 2026ko uztailaren 18tik irailaren 30era bitartean egongo da indarrean, eta 16 eta 29 urte arteko gazteei zuzenduko zaie. Horretarako, Departamentuak 40.000 euroko aurrekontua bideratuko du, gazteen artean kultura-kontsumoa sustatzeko eta, aldi berean, lurraldeko kultura- eta merkataritza-sektoreari laguntzeko.
Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, ekimen honen helburua da "kultura gazteengana hurbiltzea, bizitzaren aldi horretan eraikitzen baitira bizitza kulturalean parte hartzeko interesa, ohiturak eta moduak. Bonu horiek liburuak, musika eta beste produktu kultural batzuk deskubritzeko gonbidapena izan daitezen nahi dugu, eta Gipuzkoako gazteek kultura hurbileko eta berezko gisa senti dezaten".
Álvarezek azpimarratu duenez, Kultura Bonu Gazteak "kultura-kontsumoa sustatzen laguntzeaz gain, gaztetatik kulturarekiko lotura sortzen ere laguntzen du. Gaurko gazteak izango dira biharko publikoa, irakurleak, sortzaileak eta kultura-kontsumitzaileak, eta horregatik da garrantzitsua jakin-mina, interesa eta parte-hartze kulturala pizten duten estimuluak eskaintzea".
Ildo horretan, diputatuak gaineratu duenez, "kultura gazteengana hurbiltzea pentsamendu kritikoa indartzeko modu bat ere bada, batez ere zurrumurruek, desinformazioak eta mezuen abiadurak markatutako garai honetan. Kulturak galderak egiten, begiradak alderatzen eta herritar aske eta kontzienteagoak eraikitzen laguntzen digu".
Gabonetako bonuan bezala, programak hobari handiagoa izango du euskarazko kultura-produktuak erosteko. Hala, gazteek 12 euroko deskontua izango dute 20 euro edo gehiagoko erosketetan, produktuak euskaraz erosten dituztenean, eta 10 euroko deskontua 20 euro edo gehiagoko erosketetan, produktuak beste hizkuntza batzuetan erosten dituztenean.
Erabiltzaile bakoitzak kategoria bakoitzeko bost bonu trukatu ahal izango ditu gehienez; hau da, hamar bonu gehienez gazte bakoitzak, kanpainan zehar. Bonuak % 100 digitalak izango dira, eta ezin izango dira aldez aurretik eskuratu; deskontua zuzenean aplikatuko da establezimenduan transakzioa egiten den unean, NANa erakutsita.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa Merkatariak federazioaren laguntza izango du berriz ere, haren parte-hartzea funtsezkoa baita liburu-saltzaileen gremioarekiko harremana errazteko eta kanpainan parte hartzen duten establezimenduak atxikitzeko izapideak kudeatzeko.
Kultura Bonu Gaztea datuetan:
Kultura Bonu Gaztea (16–29 urte) 3.666 bonu
• 1.670 bonu, euskarazko kultura produktuetarako.
• 1.996 bonu, beste hizkuntza batzuetako kultura produktuetarako.
Hobaria:
• 12 €, 20 €-ko gutxieneko erosketetan (euskarazko produktuak).
• 10 €, 20 €-ko gutxieneko erosketetan (beste hizkuntza batzuetako produktuak).
"Kulturak publiko aktiboak, bitxiak eta askotarikoak behar ditu. Erakundeok bide horretan lagundu behar dugu, gazteak kulturara hurbiltzeko, erreferentzia berriak aurkitzeko eta lurraldeko bizitza kulturalean parte hartzeko aukerak emanez. Horixe da, halaber, bonu honen zentzua: interesa piztea, ateak irekitzea eta Gipuzkoako kultura-ekosistema indartzea", adierazi du diputatuak, amaitzeko.
1496