Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, Aztarna argitaletxearekin batera, Lourdes Iriondoren literatura lana berreskuratzen duten bi liburu aurkeztu ditu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, Aztarna argitaletxearekin batera, Lourdes Iriondoren literatura lana berreskuratzen duten bi liburu aurkeztu ditu

Ipuinak eta Antzezlanak izenburupean, euskal kulturaren berrikuntzan funtsezkoa izan zen emakume baten ipuinak eta antzezlanak biltzen dituzte liburukiek.

2026/04/20
Lourdes Iriondo

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, Aztarna argitaletxearekin batera, Lourdes Iriondoren literatura lana berreskuratzen duten bi argitalpen berri aurkeztu ditu gaur; izan ere, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako euskal kulturaren berrikuntzan itzal handieneko sortzaileetako bat izan zen Iriondo (Donostia, 1937 – Urnieta, 2005). Prentsaurrekoan Kulturako diputatu Goizane Álvarezek parte hartu du, eta alboan izan ditu Joxan Goikoetxea, Aztarna argitaletxeko zuzendaria, eta bi liburukien argitalpenaren arduradunak, Lorea Jainaga eta Alexander Gurrutxaga.

Lourdes Iriondo. Ipuinak eta Lourdes Iriondo. Antzezlanak izenburupean, egileak batez ere haur eta gazteentzako idatzitako ipuin eta antzezlanak biltzen dituzte bi liburuek, eta berriro herritarren eskura jartzen dute haren literatura ondarearen funtsezko zati bat.

Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, “Lourdes Iriondoren lana berreskuratzea ezinbesteko sortzaile batentzat justizia kulturala lortzeko modu bat da, baina baita gure memoria kolektiboa indartzekoa ere. Euskal kultura askeagoa, sortzaileagoa eta haur eta gazteengandik hurbilagoa eraikitzen lagundu zuen emakume batez ari gara”. Álvarezen hitzetan, gainera, “horrelako ekimenak garrantzitsuak dira, ez bakarrik obra baliotsu bat iraunarazten dutelako: horrez gain, gure kronika kulturala berrikusteko aukera ematen digute. Denbora luzez, bigarren mailan geratu dira emakume sortzaile asko. Gaur Lourdes Iriondo erreibindikatzea haren ekarpena aitortzea eta gure kulturaren barruan dagokion lekua ematea da”.

Kultura Departamentuak adierazi duenez, Gipuzkoako kultura ondarea berreskuratzeko, zaintzeko eta zabaltzeko konpromiso instituzionalari erantzuten diote argitalpen horiek. Hartara, belaunaldi berriek eskurago izango dituzte euskal literaturaren funtsezko lanak, eta bermatu ahal izango da Lourdes Iriondo eta gisako artistak gure artean bizirik jarraitzea, haien lanaren bidez.

Liburuen egileek, Alex Gurrutxagak eta Lorea Jainagak azaldu dutenez “Euskal literatur sistema modernoa sortu gabe zegoen oraindik 1970eko hamarkadan. Frankismoa, berriz, bizi-bizirik. Egoera zail hartan, kantagintzan eta haur literaturan ekarpen izugarria egin zuen Lourdes Iriondok, ondorengoentzat bidea urratuz. 1973 eta 1982 artean argitaratu zituen bere literatur lanak: ipuinak eta antzerkiak, haurrekin eta haurrentzat sortuak. Lan haietan euskal tradizioa bildu eta gai berriak proposatu zituen, euskarazko Haur eta Gazte Literatura modernoa etortzeko oinarria jarriz. Zoritxarrez, Iriondoren lanak lortzea zaila da gaur egun, eta hein batean ahanzturan geratu dira. Obra hartatik mende erdia joan denean, edizio hau osatzen duten bi liburukiek egoera hori irauli nahi dute, idazle eta kantari handiaren obra literarioa irakurleen eskura jarriz. Hain zuzen, Lourdes Iriondok haurrentzat eta gazteentzat argitaratu zituen ipuin eta antzezlan guztiak biltzen ditu edizio honek, baita argitaratu gabeko Fabrika berria antzezlana ere. Liburuok esker-emate bat dira sortzailearentzat, eta opari bat gaurko irakurleontzat”.

Bi liburuki horien argitalpenak garrantzi berezia hartzen du une hauetan, handitzen ari baita Lourdes Iriondo bera eta haren lana aldarrikatzeko interesa. Joan den abenduaren 27an 20 urte bete ziren hil zenetik, eta euskal kulturaren barruan dagokion lekua berriro emateko beharra pizten lagundu du efemeride horrek. Egia da haren irudia ez dela inoiz guztiz desagertu memoria kolektibotik, baina jakitun gara haren ekarpena ez dela beti behar adina aitortu.

Berrargitalpen honekin, egilearen lana biziberritzen lagundu nahi dute Aztarna argitaletxeak –30. urte betetzen dituen honetan– eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, tinko sinetsirik sortzaile bat gogoratzeko modu onena dela haren lana berriro argitara ateratzea eta irakurle belaunaldi berrietara hurbiltzea.

Lourdes Iriondok funtsezko eginkizuna izan zuen euskal kulturaren modernizazioan. Abeslari, idazle eta pedagogoa bera, aktiboki parte hartu zuen bere garaiko kulturgintzan eta ekarpen erabakigarria egin zion euskarazko haur eta gazte literaturaren garapenari, euskal literatura sistema oraindik eraikitzeko bidean zegoenean.

Haren literatura lana, 1973 eta 1982 artean argitaratua, sakabanatuta, katalogoz kanpo eta, neurri handi batean, publikoaren irispidetik kanpo zegoen. Edizio berri honetan, Iriondok urte haietan argitaratutako ipuin eta antzezlan guztiak bildu dira, argitalpen lan zaindua eginez: testuen euskara eguneratu eta idazketa berrikusi da, beti ere, jatorrizkoarekiko leialtasunik handiena gordez.

Argitalpenetan jasotako lanen artean daude, besteak beste, Hego-haizearen ipuinak (1973), Asto baten malura (1975) edo Lotara joateko ipuinak (1982), baita zenbait antzerki pieza ere, hala nola Martin Arotza eta Jaun Deabrua, Sendagile maltzurra, Buruntza azpian edo Txorien baratza. Edizioan, gainera, lehen aldiz jaso da Fabrika berria antzezlana, 1977an estreinatua.

Ikusizko alderdiari eta material osagarriak berreskuratzeari jarri zaion artagatik ere nabarmentzen da argitalpen berria. Maite Gurrutxagaren irudiek Iriondoren lanaren espiritua jaso eta orainaldira proiektatzen dute. Era berean, QR kodeen bitartez, Lourdes Iriondok berak diskotan erregistratutako ipuinen jatorrizko grabazioetara sartzeko bidea ematen du edizioak. Hala, irakurketa esperientzia aberastu daiteke eta ikuspegi zabalago batetik hurbildu gaitezke haren sormenaren unibertsora.

Argitalpenak Maite Gurrutxagaren ilustrazioak eta Juan Kruz Igerabideren hitzaurrea ditu, eta Jose Luis Aranguren "Txiliku" arduratu da hizkuntza berrikusteaz. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du.

Bi liburuei esker, hurbilago izango ditugu hizkuntza, irudimena, tradizioa eta hezkuntza lotzen jakin zuen egile bat, zeinaren lana erabakigarria izan zen euskarazko haur eta gazte literaturaren bidea urratzeko.

 

  

801