Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Lasarte-Orian elkartu da

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Lasarte-Orian elkartu da

Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Agustin Valdivia alkateak lan-bilera egin dute udalerriaren erronkak aztertzeko; ondoren, foru diputatuek asteroko bilera egin dute udaletxean bertan

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Lasarte-Orian elkartu da gaur, legegintzaldi honetan egiten hasitako saio ibiltarien esparruan, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutu eta horiekiko lankidetza estutzen jarraitu asmoz, baita herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeko ere.

Foru diputatuek, Eider Mendoza diputatu nagusia buru dutela, asteroko ohiko topaketa egin dute udaletxean, lurralde osoarekin lotutako zenbait neurri eta erabaki onartuz. Kontseiluaren bilkuraren aurretik, Eider Mendozak eta Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkateak lan bilera egin dute, hirian lantzen ari diren erronka eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko.

"Helburua lurraldeko eta udalerriko proiektuak eta estrategiak ezagutzea eta partekatzea da, baita herritarren kezkak eta ekarpenak biltzea ere", azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak. Eta gaineratu du: "Gipuzkoa osora irekita ari gara lanean, ahalik eta udalerri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin bilerak eginez. Gaurkoa bezalako topaketek aukera ematen digute udalarekin lankidetzan aurrera egiteko, partekatzen ditugun proiektuetan sakontzeko". Diputatu nagusiak honako konpromiso hau hartu du: "Ildo beretik aurrera egiten jarraitzea, lankidetza estutuz, politika publikoetan berrikuntza sustatuz eta pertsonen ongizate integralean eragina duten proiektuak babestuz".

Agustin Valdivia alkateak nabarmendu duenez, Lasarte-Oriarentzat “ohore bat eta aukera bat” da Aldundiko Diputatuen Kontseilua hartzea. “Bisita honek erakundeen arteko loturak indartzen ditu eta gure beharrak eta etorkizuneko proiektuak zuzenean helarazteko aukera ematen digu. Topaketa hau aprobetxatu dugu herrian bultzatzen ari garen erronka eta proiektu nagusiak partekatzeko. Lasarte-Oria oso herri dinamikoa eta potentzial handikoa da- Foru Aldundiaren babesa eta inplikazioa izatea funtsezkoa da ezarri ditugun erronka eta helburuetan aurrera egiten jarraitzeko”, adierazi du Valdiviak.

  

724