Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Kutxa Fundazioak ‘Katapulta Tour Gipuzkoa’ programaren hamaikagarren edizioa aurkeztu dute
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Kutxa Fundazioak ‘Katapulta Tour Gipuzkoa’ programaren hamaikagarren edizioa aurkeztu dute
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Kutxa Fundazioak ‘Katapulta Tour Gipuzkoa’ programaren hamaikagarren edizioa aurkeztu dute
Ekimenak bere ibilbidea sendotu du Gipuzkoako talentu berritzaileari bultzada emateko plataformatzat, izan ere, 2026ko deialdian 153 proiektu aurkeztu dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Kutxa Fundazioak gaur prentsaurrekoan aurkeztu dute ‘Katapulta Tour Gipuzkoa’ programaren hamaikagarren edizioa. Ekimen hau musikako eta formatu txikiko arte eszenikoetako artistei zuzenduta dago, profesional berriak zein erdi-profesionalak direnei, eta 2026an zehar egingo da lurraldeko hainbat gune eta jaialditan.
Edizio berri honetan, programak bere apustua berriro ere berretsi du Gipuzkoako talentua balioan jartzeko eta sustatzeko, eta lurraldeko eszenaldi kulturalaren dinamizazioan laguntzeko. Guztira, 2026ko deialdian 153 izen-emate izan dira (128 musika-proiektu eta arte eszenikoetako 25 proiektu aurkeztu dira), eta horrek programak pizten duen interesa eta tokiko sortzailentzat erreferente dela erakusten du.
Kultura diputatu Goizane Álvarezek azpimarratu duenez, ‘Katapulta Tour Gipuzkoa’ gure lurraldeko talentu sortzailea laguntzeko eta profesionalizaziorako aukera errealak sortzeko tresna estrategikoa da. Bere hitzetan, “parte-hartze kopuruak Gipuzkoako eszenaldi kulturalaren bizitasuna erakusten du, eta artistak espazio, publiko eta agente kulturalekin lotzen dituzten politika publikoak eraikitzen jarraitzeko beharra adierazten du”. Era berean, azpimarratu duenez, “programa honek ez ditu soilik proiektu indibidualak bultzatzen, baizik eta kultur ekosistema osoa indartzen du, erakundeen, aretoen, jaialdien eta sortzaileen arteko lankidetza sustatzen du”.
Bestalde, Ainara Guzmán Kutxa Fundazioko arduradunak adierazi duenez, “Gipuzkoarekin dugun konpromisoa sentitzen dugu, eta gure helburua da haren aurrerapena kulturaren eta haren agenteen bidez bultzatzea, bai eta lurraldearen garapen jasangarrian duten funtsezko papera aitortzea ere. Kutxa Fundaziotik talentu berritzaile eta erdi-profesionalen profesionalizaziorako apustu egiten dugu. Horretarako, ez diegu soilik emanaldiak egiteko espazioak eskaintzen, hala nola Tabakalerako Kutxa Fundazioa Kluba, baita prestakuntza-programa espezializatu bat ere. Uste dugu ikusgarritasun eta prestakuntza aukeren konbinazioa gakoa dela haien ibilbideak garatzeko eta Gipuzkoako kultura sektorea indartzeko”.
Hautatutako hamar proiektu
Alor ezberdinetako profesionalek eta teknikariek osatutako epaimahai batek hautatu ditu hamar proiektuak: musika arloan Femm Vocal Jazz, Nhil, Geminiss, Del Val, Isora, Nuria López García, Kattalin eta Nenufarrak eta Argazki bat behelainoan, eta arte eszenikoetan Ander Sánchez eta Sorginduak, Teatro de Títeres.
Hautatutako artistek Gipuzkoako hainbat gune eta jaialditan lau emanaldi eskainiko dituzte, horietako bat Kutxa Fundazioaren Kluba aretoan. Gainera, emanaldi bakoitzeko 500 euroko ordainsari garbi bat jasoko dute; bideo promozional bat grabatuko dute eta doan izango dute sarbidea komunikazio, promozio, eszenografia, ekoizpen eta jabetza intelektualari buruzko prestakuntza-programa batera, Musika Bulegoarekin lankidetzan.
Parte-hartze handia
Bere hamaika edizioetan, ‘Katapulta Tour Gipuzkoa’ programak 1.328 proposamen jaso ditu, 887 artista desberdinetatik. 2026 amaitzean, programak guztira 134 proiektu lagunduko ditu (104 musika-proiektu eta arte eszenikoetako 30).
Deialdi honetan, aurreko edizioetan bezala, nabarmentzekoa da aurkeztutako proiektuen jatorri-aniztasuna, eta horien artean nabarmena da hiriburutik harago dauden udalerrien presentzia, hala nola Arrasate, Beasain, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Irun, Orio, Pasaia, Tolosa, Urretxu-Zumarraga eta Zumaia, besteak beste. Era berean, nabarmentzekoak dira euskarazko proiektuak (96), 30 urtetik beherako kideak dituztenenak (84) eta emakumeen parte-hartzea dutenak (90).
Musika-proposamenek estilo-aniztasun zabal bat hartzen dute. Adibidez, rockaren mota desberdinetako proposamenak jaso dira, baita popekoak, bluesekoak, soulekoak, jazzekoak, folkekoak eta flamencokoak ere, besteak beste. Era berean, arte eszenikoek barne hartzen dituzte umorezko monologoak, antzerki-piezak, magia-ikuskizunak, marionetak eta formatu txikiko performanceak.
Espazioen eta jaialdien sarea
Azpimarratzekoa da, azkenik, programa lurraldeko espazio kultural eta jaialdi sare batekin lankidetzan antolatzen dela. Adibidez, aurreko edizioan parte hartu zuten jaialdi batzuk izan ziren Adarretatik Jaialdia (Zarautz), Arrasate Blues (Arrasate), Atlantikaldia (Errenteria), Bertako Haragien Azoka (Tolosa), Gararock Festibala (Mendaro), Glad is the Day (Donostia), Kilometroak Jaialdia (Elgoibar), eta emanaldiak espazio hauetan egin ziren, besteak beste: Erribera Kulturgunea (Astigarraga), Areria Aretoa (Lazkao), Biteri Kultur Etxea (Hernani), CBA (Irun), Itsas Etxea Auditoriuma (Hondarribia), Museo Balenciaga (Getaria), Sanagustin Kulturgunea (Azpeitia), Topic (Tolosa) eta Txomin Agirre Kaia (Zumaia).
1405